Kasu manosfera eta algoritmoen alborapenekin!
Azaroaren 25aren bueltan Isabel Jaurenak idatzitako Feminismoaren aurrerapausoen aurkako erreakzioa artikuluan [Berria, 2024] hurbilketa ederra egin zaio manosfera kontzeptuari:
Misoginian eta antifeminismoan oinarritutako foro, webgune eta edukien multzoa da...Gizonak gizonkerietan aritzeko espazioa. (Asier Arizkorreta)
Ikusi dugu feminismoak mundu digitalean oihartzun oso handia izan dezakeela, baita boterea ere. Hori gelditzeko saretu da matxismoa arlo digitalean. (Estibaliz Linares)
Berriki DonesTech-ek dinamizatu zuen tailer bat Euskal Herria Digitala osatzen duten eragileek Sareak berreskuratu eta berrasmatu antolaturiko jardunaldian. Leire Perlinesek egin zuen Digitala bada ere, indarkeria da kronikan (Bidasoako Hitza, 2024) bildu zuen DonesTech-en aburuz zein diren indarkeria matxistari erantzuteko estrategiak:
Lau pausu zehaztu ditugu; denak egin daitezke, edo bat bakarrik. Garrantzitsuena biktimaren erritmoa errespetatzea da. Auto zaintza eta konpainiarena da lehen pausua: hor segurtasun plan bat garatu behar da. Plan horiek digitalak, fisikoak eta psikosozialak izan daitezke. Bigarren fasea erasotzailearen informazioa biltzea da, eta horretarako pantaila argazkiak eta irudiak dira gako. Salaketa eta blokeoa lirateke hirugarren pausua, eta erasotzaileari aurre egiteko kanpaina bat sortzea azkena. Isiltasuna hautsi behar da. Erakutsi zein den erasotzailea, bilatu euskarria sareetan eta zabaldu sareetan.(DonesTech)
Miren Berasategi Zeberiok ikerketa interesgarriak aipatzen ditu bere Erresistentzia antifeministak gazteen artean: plataforma digitalek areagotutako arrakala artikuluan (Euskonews, 2024). Haren hitzetan,jakina da algoritmoek isuriak, genero-alborapenak ere bai besteren artean, barneratu eta areagotzen dituztela eta, beste hitzetan esanda, eremu digitaleko isuri edo alborapenek egiazko diskriminazio eta desparekotasuna sortzen dutela.
Erresistentzia antifeministek areagotzeko bidea dute sarean, eta honek bereziki eragiten die gazteei. Desberdin eragiten die gainera, emakume edo gizon direnaren arabera, eta honek aldi berean atzeraelikatzen ditu erresistentziak eta batzuen eta besteren pertzepzioen arteko arrakala. (Miren Berasategi Zeberio)
Azken finean, Ekhiñe Petriati, Naia Kortaberria eta Elene Lopetegiren Ez da jarrera bat, pribilegioak dira (Berria, 2024) ekarpenari segika, DIGITALEAN ERE indarkeriarik gabeko gorputz eta lurraldeen alde altxatzen gara. Denbora daramagu indarkeria oro izendatzeko eta haiei aurre egiteko lanean: marko ideologikoak sortzen, protokoloak diseinatzen, iruditegi berriak probatzen, politika feministak negoziatzen, integraltasuna exijitzen, kaleak hartzen eta kideak zaintzen. Indarkeriarik gabeko jendarte batekin amesten dugu eta horretarako ardura hartzen dugu: konponbide izateko, dena aldatzeko. KALE DIGITALEAN ere bai.
Bukatzeko, Gorka Julioren hitzak (Berria, 2024) gogoan:
Internet bidez sortutako oparotasuna, espoliatua izan da. Munduko administrazioen inoperantzia, begirada estrategiko falta alde batetik, eta oligarkia digital eta erraldoi teknologikoen oligopolioak bestetik... ezagutzen genuen Interneta desagerrarazi nahi dute, baina ez diegu utziko.
Kalean bezala, gure erakundeetan eta noski sarean ere borrokatuko dugu. Gure azpiegiturak garatzen jarraituko dugu, adimen artifizialeko eredu lurraldetu etiko eta askeak garatuko ditugu, online komunitate bizigarriak eratuko ditugu, software librea sortzen eta defendatzen jarraituko dugu, gure pribatutasunaren aldeko borrokan tinko eutsiko diogu, sarearen neutraltasunaren alde lerratuko gara, informazio sarbide librearen eta gardentasunaren alde egingo dugu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: