Digitalizazioa, Adimen Artifiziala eta ingurumena: Hezkuntzan egiteke dugun eztabaida.

make@ni.eus 1620201767765 Hezitzaile bat sarean | 2024-08-11 18:45

make@ni.eus 1723457058759

Eremu hezitzaileetan Adimen Artifizialaren (AA) omnipresentziak,- azken urteetako digitalizazioarenakin batera-, hezitzaileok zuzenean interpelatzen gaitu ertz askotatik; besteak beste, horrek guztiak dituen ingurumen-inplikazioak ezagutzera emate aldera. Izan ere, hori da, hezkuntza eragile gisa egin beharrekoetariko bat. Azter dezagun labur-labur gure gida-lerro ofizialek diotena!

EAEko Hezkuntza Legeak, Sistemaren Balioak atalean, hauxe dio: [1]

Jakitearen abenturari esker, belaunaldi berriek aurkikuntza zoragarriak egin ahal izango dituzte, eta gura genuke aurkikuntza horien protagonistak gure eskoletan sortzea, bai eta halaber, inolako asmo elitistarik gabe, euskal gizartean kultura zientifiko zabala, ahalduntze teknologikoa eta haien inplikazio etiko, politiko, sozial eta ingurumenekoez hausnartzeko gaitasun kolektiboa zabaltzea ere.

EAEko curriculumak ikasleek Oinarrizko Hezkuntza amaitzean lortu beharrekoetan honako hau aipatzen du: [2]

Harritzekoa bada ere, funtsezkoa den Konpetentzia Digitalak ez dio itxuran laguntzen Oinarrizko Hezkuntzako l) helburuari! Modu kritikoan baloratzea ... ingurumenarekiko errespetuarekin lotzen diren gizarte-ohiturak.  Konpetentzia digitalak, ordea, ikaskuntzarako, lanerako eta gizartean parte hartzeko teknologia digitalen erabilera kritikoa, segurua, osasungarria, iraunkorra, sortzailea eta arduratsua eskatzen du eta bere 4. deskribatzaile operatiboak ikasleek honako hau garatzea eskatzen du Oinarrizko Hezkuntza amaitu orduko: [2]

KD4. ... eta ulertzen du teknologiak ingurumen-jasangarritasunean duen eragin positiboa eta negatiboa. 

Gauzak horrela, nor arduratuko da horren lanketaz? Ikastetxe bakoitzak badu bere proiektu digitala, aukera ederra hezkuntza-komunitatea horretan murgiltzeko, Agenda30 eta abar. Kontraesanak kontraesan, argi dago, ezinbertzeko afera bilakatu dela digitalaren erabilera instrumental hutsetik harago, horren ondorioei buruzko hausnarketa konplexuak egiten hastea, bai hezitzaile gisa erabakiak hartzeko, bai ikasleen prestakuntzan mundu hobe baten aldeko herritar kontziente eta kritikoak sustatzeko.

Hona hemen eztabaidari hasiera emateko datu batzuk:

  • Marta G. Francok dio [3] ChatGPTk kontsumitzen duela egun batez 170 etxebizitzek urte betez kontsumitzen duten adina argindar. ChatGPTri kontsulta egiteak, Googleri egiteak baino hiru aldiz energia gehiago kontsumitzen du.
  • Urko Apaolazaren artikuluan [4] irakurri dezakegu Adimen Artifizialak, klik batean bizitza erraztuko omen digun horrek, eredu sozial jasangaitz bat ezkutatzen duela, eta lehen arazoa ekologikoa dela: informazioa biltzeko muga barik hazten ari den cloud edo laino ustez birtual eta etereo horrek fisikoki irauteko energia itzela behar baitu, mineralen erauzketatik hasi eta datu zentroen zerbitzariak martxan edukitzerainoko kate guztian. Adibide ugari ematen ditu eta azpimarratzen du Euskal Herria azpiegitura horien mehatxutik salbu dela uste duena has daitekeela hori burutik kentzen.
  • Paz Peñak [5] kontatzen digu datu-zentro estandar batek hiri txiki batek adina elektrizitate kontsumi dezakeela bere ekipo informatikoak elikatu eta hozteko. Are gehiago, horietako askok diesel sorgailuak erabiltzen omen dituzte sare elektrikoak huts eginez gero energia hornitzeko. Bestalde, zerbitzariek (funtsean, errenkadetan pilatutako disko gogorrak dira) bero handia sortzen dute, eta hozteko energia kantitate handia behar izaten da. Kalkulatu da hodei-konputazioaren emisio globalak eragindako berotegi-efektuko gasen emisioak, gainditu egiten duela dagoeneko hegaldi komertzialen emisioa. Kriptomonetak minatzeak eskatzen du, eguneko 24 orduetan, puzzle matematiko konplexuak ebazteko lehiatzen diren konputagailu indartsuak martxan izatea, energia kantitate handiak kontsumitzen dituen eta planeta berotzen duten emisioak sortzen dituen prozesu batean.
  • Enrique Javier Díez Gutiérrezen aburuz, [6] ordenagailuen eta zerbitzarien sare osoa piztuta eta konektatuta edukitzeak gero eta kostu energetiko handiagoa eskatzen du, neurrigabea. Gainera, fabrikazioan erabilitako metal batzuk oso baliabide urriak dira, eta horiek erauztea lurraldeen arteko gerra eta ika-miken iturri da. Isuritako hondakinek bereziki toxikoak diren materialak dituzte, eta gaur egun ia ez dago horien gaineko kontrolik. Datu batzuk: 100 milioi karbono monoxido (CO) tona atmosferara jaurti, tonaka lehengai kontsumitu, hondakin andana sortu eta urteko berotegi-efektuko gasen eraginez, laster autoa baino kutsagarriagoa izango da. 
  • ETC taldeak [7] aldarrikatzen du digitalizazioari buruzko edozein gogoetan "arrakala digitalaren" inguruko narratiba aztertzetik hastea, digitalizazioa klase, arraza, kasta, geografia eta munduaren ikuspegi jakin batean oinarritutako egiturazko desberdintasun sakonen gainean eraiki den formei arreta eskainiz, bai eta horiek finkatzeko moduari ere. Fokua jartzen du uraren eskasian bizi den munduan izango dituen ondorioetan: 

Datu-"hodeiak" eta ikasketa automatikorako datu-baseak elikatzen dituzten zerbitzarietarako behar diren lurrak, makina horiek fabrikatzeko eta funtzionarazteko behar den energia kantitate handia eta zerbitzariak hozteko eta eguneko 24 orduetan funtzionamenduan mantentzeko behar den ur kantitate izugarriak, horrek guztiak, karbono aztarna ezabaezinak eragin ditzakete, baita zuzenean elikagaien ekoizpenarekin lehian sartu ere.

  • Asier Iturraldek [8] datu adierazgarriak ematen ditu bere artikuluan: Microsoftek karbono dioxido emisioak %29,1 handitu ditu 2020tik 2023ra, eta ur kontsumoa ia bikoiztu du. Igoeraren zati nabarmen bat adimen artifizialaren boomaren eraginez eraikitako datu-zentro berriei dagokio. Izan ere, Microsoftek inbertsio itzela egin du ChatGPT-n.
  • Dan Milmok, berriz, datu hauek ekarri dizkigu berean: [9] Googleren berotegi-efektuko gasen emisioak % 48 igo ziren azken bost urteetan; hala, datu-zentroetako elektrizitate-kontsumoa eta hornidura-katearen emisioak izan ziren igoeraren arrazoi nagusia. 2023an, isurketak % 13 gehitu ziren aurreko urtearekin alderatuta, eta 14,3 milioi tona metrikora iritsi ziren, AAn egindako inbertsioen ondorioz. Izan ere, uraren erabilera AAren gorakadaren beste ingurumen-faktore bat da: azterketa baten arabera, AAk 6.600 milioi metro kubiko ur erabil ditzake 2027rako, Ingalaterrako urteko kontsumoaren ia bi heren.

Bukatzeko, hona hemen 2021. urtean Sandra Pérezek gure aztarna digitalaren inguruan egindako hausnarketa Euskarabildua jardunaldian.

 [Eguneraketa] Argitaratu ondoren, sarrera osatzeko jasotako iradokizun bikainak.

Mila esker! #ElkarrekinHobe :)

 

La oscura huella digital (2023)

Philippe Squarzoniren teknologiaren erraldoiei buruzko saiakera grafikoa (eta autobiografikoa),
gure bizitzetan eta krisi klimatikoan duten eraginaren ingurukoa.

______________________

[1] https://www.berrigasteiz.com/monografikoak/hezkuntza_legea/lecapv_ini_e.html   

[2] https://www.berrigasteiz.com/monografikoak/ec22/etapa_oinarrizkoa/ec22_oinarrizkoa_e.html 

Konpetentzia Digitala

[3] G. Franco. M. (2024) Las redes son nuestras. Consonni. https://www.consonni.org/es/publicaciones/las-redes-son-nuestras 

[4] Apaolaza, U. (2024). ChatGPT-k hau ere badaki: datu zentroek milioika litro ur lapurtuko digute. Argia. https://www.argia.eus/argia-astekaria/2878/chatgpt-k-hau-ere-badaki-datu-zentroek-milioika-litro-ur-lapurtuko-digute 

[5] Peña Ochoa, P. (2023). Tecnologías para un planeta en llamas, Paidós. https://www.pikaramagazine.com/2023/09/discusiones-tecno-optimistas-en-un-mundo-en-llamas/ 

[6] Díez Gutiérrez, E. (2024). Pedagogía del decrecimiento. Educar para superar el capitalismo y aprender a vivir de forma justa con lo necesario. Octaedro Educación. 165-166. orr. https://octaedro.com/libro/pedagogia-del-decrecimiento/ 

[7] ETC Group. (2023). Tecno-Patriarcado y la “permacrisis”: Lo que falta sobre digitalización en el borrador cero de la CSW67. https://www.etcgroup.org/sites/www.etcgroup.org/files/files/hp-csw67_etc-spanish_.pdf  

[8] Iturralde, A. (2024).Microsoftek karbono emisioak %30 handitu ditu eta ur kontsumoa ia bikoiztu. Hodeia ez da existitzen. Iametza. https://iametza.eus/hodeia-ez-da-existitzen/albistea/microsoftek-karbono-emisioak-0-handitu-ditu-adimen-artifizialaren-eraginez/ 

[9] Milmo, D. (2024) Google’s emissions climb nearly 50% in five years due to AI energy demand. The Guardian. https://www.theguardian.com/technology/article/2024/jul/02/google-ai-emissions?s=354 


Utzi iruzkina: