Hizkuntzen kudeaketa gero eta globalagoa izango da, aurretik goaz jakinduria horretan

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2009-05-27 20:05

Azken aldion nire blogean nik sortutako testu gutxi daudela esan dit baten batek --): Ba, orduan beste nonbait idatzitakoa ere ekarriko dut hona, lizentziak lizentzia.

Aurrekoan Mikel Irizar izan zen Emuneko teknikarioi hitzaldi bat ematen. Hitzaldiak honako izenburua izan zuen: “Kutxa eta hizkuntzen kudeaketa”. Hitzaldi horren funtsa berak Bat aldizkarian idatzitako bi artikulu dira.

Hemen ez dugu egingo hitzaldiaren laburpena, hitzaldian hartutako zenbait ideia botako ditugu, interesgarrienak direlakoan. Bertara joan zen beste edonork ere azpimarratu ditzake beretzat interesgarrienak edo deigarrienak izan zirenak.

  • Ezin dugu enpresa gurera moldatu, gu moldatu behar gara enpresara eta horren arabera jokatu. Ikusi eta ikasi, eta ondo entzun. Hori da egin beharreko lan bat. Enpresetan galderak egin behar ditugu, enpresaren mekanismoak ezagutu behar ditugu.
  • Ezin ditugu euskalgintzako mezuak kaletik enpresara eraman, ez. Diskurtso propioa, egokitua, teknikoa eta neutroa eraman behar dugu enpresetara. Tokian tokiko diskurtsoa, alegia.
  • Aliatuak behar ditugu etxe barruan. Baina ez euskararen inguruko aliatuak bakarrik, gure lana egiten lagunduko diguten bestelako aliatuak ere behar ditugu.
  • Hizkuntzen kudeaketa txertatu egin behar da kudeaketa arruntean. Ezin da izan gai periferiko bat. Normalizazioan ari garenok ez dugu egin behar, eragin egin behar dugu. Egin behar dutenak dira enpresako arduradun naturalak.
  • Gauzak erraz jarri behar dira, heroi gutxi dago. Horretarako, hizkuntza ohiturak aldatzeko laguntza mekanismoak aktibatu egin behar dira. Horren harira, paradigma aldaketa eskatu zuen: euskaraz egiteko eskubideak ez dakar berez egiteko betebeharra. Ulermena lantzeko bideak jorratu behar dira.

Azkenik, Mikel Irizarrenak ez diren, baina berak batu dituen hiru esaldi.

“Ez dio enpresak mesede egin behar hizkuntzari, baizik hizkuntzak enpresari”

“Bere hizkuntza ohiturak aldatzeko kapaz den enpresa bereziki dago prestatua berrikuntzarako”

“Hizkuntzen kudeaketa gero eta globalagoa izango da, aurretik goaz jakinduria horretan”



Utzi iruzkina: