Niko Etxart "Tumatxa" (Elkar, 1983)
1983a da: momentu honetan Rock Radikal Vasco delakoa lehertzear da, baina oraindik Euskal Rock Klasikoak makina bat lezio ditu emateko, orain eta gero. Tumatxa horren adibiderik garbienetakoa dugu: gure rockarekin piramide bat egingo bagenu betirako gailurrean egongo litzakeen artelana izango genuke. Niko Etxartek bere bidea hasi duenetik urte batzuk pasatu dira, bai zuzenean baita grabazioetan ere bere maila izugarriaren frogak eman dizkigu, baina disko honexekin guztia hankaz gora jartzea lortuko du. Izan ere, benetako “All star band” bat elkartu zuen grabazio honetarako, haietatik ezagunenak Mixel Ducau Errobiko kide ohia eta Beñat Amorena bateriajolea zirelarik.
Hainbat arrazoiengatik dugu lan hau gaindiezina: lehenik eta behin inspirazio izugarrizko kantak ditugu, konposaketa aldetik maila gorenekoak; bestetik lehen notatik azkeneraino freskotasuna nabarmena da. Arin eta dibertigarri pasatzen dira kantak, hori bai, oso ondo landuak daudenak. Nabarmentzeko beste aspektu bat erabateko sormen askatasuna eta esperimentazioa dira; ez, Mikel Laboa ez da bakarra izan. Diskoan, euskaraz gain, ingelesa, frantsesa eta gaztelera erabiltzen ditu noiznahi.
Estilo aldetik, aniztasun ikusgarria daukagu: rocka (Ortziren ttunttuna eta Zkrax! bortitzak, Eresi…), bluesa (Blues izar bat), Jazz Rocka (Krokodil), Twista (Twist titi)… baina hori ez da dena: onomatopeiak edonon azaltzen dira barreiatuta (Lolo, lili eta popotxo desfasatu bezain bikainean, kasu) eta hori gutxi balitz, faltseteen erabilera harrigarriak bakarra egiten du disko hau gure historian, Tumatxa! Izeneko kanta berberean bezala, inoiz egin den kantarik exzentrikoenetako bat dudarik gabe.
Zkrax?en satanekin egiten du apustu, ea nork ozenago kantatu. Kanta honen soloari, anti-soloa ere dei genioke, soinu benetan arraroekin jokatzen bait du Mixel Ducauk, Alice Cooper Groupen estilora (nahiz eta Mixelek berak esan zidanez, ez zuen talde hartan pentsatu soloa egiterakoan). Paregabea inondik ere. Letra surrealista eta dibertigarriek, Krokodilen adibidez, hain justu Nikoren nahia lortzen dute: rocka intrazendentea izatea, alaitzeko eta bestarako beta. Azkenak (Meddley Rock Nahaste) maisuki ematen dio amaiera, seguru aski hemen inoiz egin den meddleyrik onena, non bere British Blues eta rockeko heroiei omenaldia egiten dien. Eta guztiaren gainetik, ROCKa, maiuskulaz: rockarekiko maitasuna, dedikazioa. Disko hau gabe ezer ez litzake berdina izango. Ez dezagun inoiz ahaztu artelan hau. Krimena litzateke.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: