Minxoriak "Ibiliz" (Elkar, 1985)

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2020-05-07 19:04

pyromanya@hotmail.com 1588871259502

Gure musikagintzan nekez topatuko dugu talde hau baino hobeto gordetako sekreturik. Dantzaldietako beste talde bat zela uste dutenak oker daude gero, Akelarrerekin ikusi genuen bezala (Ikus Entzun-en 60.alea). Melodia harrigarrien egileak, iparraldekoak izateak eta hamaika estilo jorratzeko abileziak desberdintzen zituen. Eskuetan duzun hauxe da beraien diskorik onena.

“Captain Nemo”k irekitzen du altxorraren kutxa. “Nif” Nicolaok ahotsean egiten duen lan apartak, teklatu riff esanguratsuak eta gitarra solo dotoreak txapela kentzera garama. Lehenarekin badaukagu jada euskal rockaren historiako kanta onenetako bat. Baina segidan, Niko Etxarten eskutik “Rock Euskadin” enblematiko eta guztiz erritmikoak zoramenera garama. Niko beraren kontura dator “Lorea” balada sentikorra.

Jama Larrebururen txanda, orain, abeslari hirukotearen zirkulua itxiz. “Konda nezazu”ren intentsitatea eta estiloa atsegin badugu, zer esan “Heiagora” Hard-Rock basatian ematen digun erakustaldiaz. “Skarratoin”, Nicolao-k abesten zuen beste abestia, ska ariketa bikaina da, baina teklatuaren erabilera horrek garaiko ska taldeetatik desberdintzen ditu. Zaila da hankei eusten saiatzea, ez honetan, LP osoan baizik.

Niko Etxartek “Espazioko izarretan hilik” eta “Atzo, bi martziano”rekin bere bi pasio handienetakoei askatasun osoa ematen die: surrealismoa eta rock and rolla. “Amodio-inganio”n, ordea, bere bihotza berriz ere irekitzen digu. Rocka, popa, ska, Rock gogorra, eta “Godalet dantza” (azken pieza), beraz, 10 abestitan laburbildurik. Emaitza artistikoari emandako garantzia, detaile txiki guztiak maisuki borobildu nahi izana eta instrumentu eta ahots teknika paregabeak bakarra egiten du duela 26 urte argitaratutako LP harrigarri hau.


Utzi iruzkina: