NIKO ETXART. BONBERENEA (II)

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2006-10-11 23:35

Sekulako banda, rock kontzertu itzela, baina oso jende gutxi ginen Bonberenean.

Giroa hotz hasi bazen ere, taldeko lider ile zuriak ondo berotu zuen. Euskal Rockean justizia balego, ehundaka pertsona egongo lirateke emanaldian.

           Martxoaren 30a, Donostiako Koldo Mitxelena: Urtarrilaren 15ean Antiguon bezala, ikuslez gainezka dago aretoa. “Eperra” emanaldia da. 2004ko Durangoko Azokan gehien saldu zen diska izan zen, eta disko bikaina da: kantu zahar haiek guztiak berreskuratu eta Dominica Etxart (aita) eta Robert Larrandaburu (koinata)rekin “a capella” interpretatuaz lan handia egin zuen. Zuzenekoetan ondo moldatzen dira eta giro aparta lortzen dute. Baina rock emanaldian, Tolosan behintzat ez zen hango jendetzarik. Bestalde, bere belaunaldiko jendea “Eperra”ren emanaldietara joaten da, eta ez da erraza Hapa-Haparekin rock showa ikustera joatea.

            Baina zer axola du horrek “Tumatxa!” entzutean? Funky erritmoa, guztiz kutsakorra, Dominic-en kitarraren efekto bereziaz gozatzeko parada ederra. Funky mozkorraldi honen erdian, “Stop! Hementxe da kontrola” joko ote zuten susmatu nuen momentu batez.

            Bere British Blues-eko heroiak ezin alde batera utzi. John Mayall, The Who (“Substitute”), Beatles/Rolling Stones-en “I wanna be your man” edota Free-ren “All right now” ederki gozatu zituzten. Johnny Winter, bluesaren printze amerikarrari  ere eskaini zioten bere tartea. Ike & Tina Turner-en “River Deep, Mountain High”en euskarazko bertsioan, “Tina perla beltza” izen berriarekin, Tinarenganako mirespena azaltzen digu (Ike Turner ez du ba, gehiegi maite?).

            Alde txarren bat bilatzekotan, disko berritik aparte bere errepertorioko abesti gutxi jo zituela esango nuke. Bertsioak bikainak izan ziren, kantu legendario horiek joaz guztiz eroso dago taldea. Eta “Minuette”koak benetan dira onak, baina pena da “Ortziren ttunttuna”, “Zkrax?”, “Blues izar bat”, “Gizon gazteak ezkontzeko”, “Ixiltasunean” eta bestelako altxorrak ez gozatzea. Beste baterako utzi beharko amets horiek. Baina bera bezalako artista batek mota askotako kontzertuak eman ditzake.  Britainia Handiko Rhythm & Blues emanaldi oso bat eman lezake, edota Tolosakoa bezalako show zapaltzaile bat bere klasikoetako gutxi batzuk bakarrik jorratuta, eta hori meritua da, benetako rock & roll lezioa emanez han bildutakooi. Eta handik 6 egunetara Xiberuako kantak interpretatzen izan dezakegu bere aita eta koinatarekin. Edo, zergatik ez, Minxoriak-en “Rock Euskadin”, “Espazioko izarretan hilik” etabar.

            Dominic-ek bere kitarraren 2 soka hautsi zituen, baina hori ez zen arazo izan gure protagonistarentzat. “Xakoa” eta “Muga gainetik” kantatu bait zituen, berak bakarrik, bi etenaldi haietan. Antiguako jaiez oroitu nintzen. “Eperra” emenaldiaren hasiera zen. Kitarraren sonidoa desastre hutsa zen eta konponezina zirudien. Lasai-lasai, desentxufatu eta mikroa zuzenean kitarrara hurbildu zuen, eta emanaldi guztiko kitarra modu honetan entzun genuen. Esperientziak ezustekoei aurre egiteko segurtasuna ematen dio. Publikoa bere gisara maneiatzen du, barrea eraginez batzuetan, kantatuaraziz besteetan. Kalitatea eskaintzeaz gain, dibertigarria da bera ikustea, beti.

            Tolosan frantsesez eskaini zigun bakarrizketa bat. Kitarrista eta bateria jolea barrez ari ziren elkarrekin, pena guk frantsesez tutik ez dakigula. “Minuette” abestian, musikariek bere partea bakoitzaren ama-hizkuntzan interpretatu zuten, diskoan bezala. Honela, frantsesa, altsaziera, ingelesa eta euskara nahastu ziren kanta berdinean. Hau bai talde internazionala! “Euskadi jator goxo eta puta hontan” eta noski, “Eperra” ezin falta ziren. “Xahakoa” (Rock)-ekin bisa egin zuten. Nire ustez hobe izango litzake abesti bera bi aldiz jo baino besteren bat sartzea, batez ere hainbat klasiko utzi zituelako jorratu gabe, baina tira, ederki gozatu nuen berriz ere.

            Hiru aldiz atera behar izan zuten berriz, publikoak hala eskatuta. Bi ordu terdiko emanaldia, rock & roll lezio itzela, eta guztia 5 euroren truke! Hobeto gastatu al daitezke 5 €? Ez dut uste! Ea Hapa-Hapa askotan ikusteko parada dugun. Kontzertu aretoak, jaialdiak, emanaldiak antolatzen dituzuenok: esna zaitezte!

            Niri dagokidanez, urteko kontzertua. Urte askotarako TUMATXAAAA!!!!

                     Good bye, goodbye, good morning Mr.Fly!!

 

 

 

 


Utzi iruzkina: