Dominic Earl "All the rides"

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2023-01-02 16:42

pyromanya@hotmail.com 1672675225809

1967an Ingalaterrako Trowbridge herrian jaioa, Baionan bizi da Dominic 1987az geroztik. Han ezagutu zuen Kiki Graciet 1990ean eta Niko Etxart 1992an. Honela, Kikiren gomendioz sartzen da Hapa-Hapa taldean urte hartan bertan, Rocka eta Blues Rocka lantzeko eginkizunarekin. Haurra zelarik, bere herriko Saint James elizako abesbatzan hasi zen kantuan eta 1975ean atera zuten diskoan hartu zuen parte. Bere lehen taldeak (The Chance) Mod estiloa jorratzen zuen. Euskal Herrian lehenik Beaver Band taldean aritu zen, eta gero Hot Soda-n Kikirekin. 2000. urtean irlandar musika lantzen duen CEL3 taldea sortu zuen, eta hiru disko atera dituzte orain arte. 2015ean A to Z of POP bakarkako proiektua martxan jarri zuen, bere rock eta folk idoloen bertsioak eginez. 30 urte daramatza Niko Etxarten alboan, eta konposizio lanetan ere ekarpen esanguratsua egin du zuberotarraren diskoetako hainbat kantuetan. Horrez gain, azken urteetan euskara ikasi du eta oraindik AEKko ikasle izaten jarraitzen du, dagoeneko maila altua daukan arren.

Ahots delikatu eta konposizio dotorez betetako bakarkako lehen lan honetan, aniztasun zabaleko hamabi kantu topatuko ditu entzuleak. “Two to tango” baikortasun atsegineko kantua dugu, Dominic-en ahots goxo eta finak azpimarratzen duena, nahiz eta pixkanaka aberastasun trazak pilatzen hasten den. Abesti hauek guztiek estilo metaketa nabarmena pilatzen dute, askotan americana estiloan antzematen den aniztasun aberasgarri berarekin: folka, bluesa, teklatu eta harmoniken sustrai sakonak... “Family tree” bezalako piezetan nabarmena dugu azken hori.

Zer esanik ez pasarte akustikoen kudeaketak daukan presentzia nabarmena dela, “For the child” bezalako kantuetan adibidez, non Xabi Etxeberriren biolinaren parte-hartze gero eta handiagoa azpimarratu behar dugun. “That feeling” eta bere soul ukituko errepikak Motown diskoetxeko klasikoak dakarzkigu gogora. Balada kutsuko atmosferak laztantzen dira han eta hemen. “If you’re out there” horren lekuko dugu; bertan, gitarra elektriko eta teklatuen koltxoia errepikaren gotorleku bihurtzen da. “We have grown”-ekin, akaso bere jatorria eta 60etako British Invasion trazak oroitarazten dizkigu.

“Love is on time” sasi reggae zoragarriarekin hasten duten diskoaren bigarren zatiak kalitate estandarrak oraindik gehiago igotzen ditu. Kantu honek daukan sentimendu eta barnatasunak lanaren gailurrera darama, “Enough to go round”-ekin gertatzen den antzera, betiere Xabi Léonek teklatuen bidez lortzen duen nagusitasunak aupatuta. Amerikar sustraidun balada kutsuko pieza gehiago: “Lover’s carousel” eta “Happy ever after”, azken hau Kiki Gracieten harmonikak sorgindua.

Lan honetako harribitxietako bat “Txoriñoak kaloian” dugu. Zenbait lekutan izen antzekoa duen kantu herrikoiarekin nahastu badute ere, honoko hau Niko Etxartena da. Nikok ez du sekula orain arte grabatu, eta Dominic bera izan da, azkenean, 2022 honetan egin duena. Kantu sentibera eta liluragarria, Nikoren errepertorioko baladarik ederrenetakoa dugu. Diskoari Ray Charlesen “I gotta move” blues klasikoaren bertsio basati eta konprimituak ematen dio amaiera.


Utzi iruzkina: