Su Ta Gar + Niko Etxart eta Hapa-Hapa. Atharratzeko plaza 2022-8-20
Atharratzeko bestek luzaroan gogoratuko den kartel bikoitza aurkeztu zuten udako larunbata gau bero honetan. Telonero ilustreak izan dituzten kontzertu mordoa ezagutu dugu gure herriko hainbat areto eta festetan, baina Su Ta Gar eta Niko Etxart (bere banda hiltzailearekin gainera) batean ikustea luxuzkoa izan zela esatea soberan dago. Adinean aldea dago noski, baina bai batzuk zein besteak, bakoitza bere esparruan, punta-puntako statusa lortu zuten duela hamarkada asko, eta biek ere onenak izaten jarraitzen dute: rock and roll, blues-rock eta Hard Rockean Altzürukutarrek, eta Heavy Metal/Thrash Metal Eibartarrek. Bien elkartzea, kolaboraziorik egin ez bazuten ere, guztiz lehergarria suertatu zen, eta hala bizitu zuen bertaratutako jende andanak.
Esan genezake Erdi Aroko Bastida hau ia beterik zegoela, eta horrek mila pertsona baino gehiago egon zirela esan nahi du. Bestagunea itxita egon zen txoko guztietatik, eta esan beharrik ez dago sarrera ordaindu behar zela Plazara sartu eta artista hauetaz gozatzeko. Sarrerak balio zituen 15 euroak gutxi iruditu zitzaizkigun gisa honetako kartel bikoitz batetarako, baina ez dago batere gaizki, eta bizitutakoak sobera orekatu zuen salneurria. Baldinbaitere hegoaldean ere horrela izango balitz! Herriko jaietan ikuslegoak bere sarrera ordainduko balu eta gure artistak proportzio berean aintzat hartuko balitu... agian gauzak ezberdinak izango zitekeen. Badakizue: zale askori, herriko festetan euskal taldeak debalde ikusi ondoren, nonbait asko iruditzen baitzaio areto batean 15 euroko sarrera ordaintzea...
Hemen, ordea, dena ezberdina da; jendeak sarrera gustura ordaindu baitu, baita jaialdian parte hartzeko grina hasieratik erakutsi ere. Niko Etxart eta Hapa-Hapa zuzenean ikustea esperientzia gozagarria da. Ez dut Hegoaldean bere kontzertu bat ikusita esku hutsik geratu den ikuslerik ezagutu: hurbiltzen direnek ongi gogoratzen dituzte xiberotarrak eta bere bandak sentiarazi dizkietenak. Dena den, ikuslegoa murritzagoa du Bidasoatik ezkerraldera. Iparraldean, ordea, gartsuki estimatzen dute, eta hegoaldean ere jarraitzaile finak falta ez bazaizkio ere, Pirineotik haratago bera ikustean sentitzen den zirrara aipagarria da benetan. Gainera, ia etxean jo zuen, etxetik oso minutu gutxira baitauka Zuberoako herri zoragarri hau.
Ohiko janzkerarekin (botak, galtza gorriak, txalekoa, ile zima luzeak) eta Eskean Kristö-ren kamiseta batekin, Nikok bakarrik hasi zuen emanaldia, azkenaldian bere errepertorioan ikusgarri egin den “Arranoak bortüetan” zaharrarekin. Resurrección María de Azkuek 1922an Maulen jasoa, jatorri ezezagunekoa den arren, iparraldean bederen oihartzun handia du eta adibidez Jean Michel Bedaxagarrek 2015ean bere “Belatxa” diskoan grabatu zuen.
Lehen kantutik animoak jaso zituen Nikok, eta laster igo ziren musikariak, Kiki Graciet eta bere harmonika buru zutela, “Itxaro/Joseba” jostagarriari ekiteko, baita akaso diskoan baino bultzada elektrikoagoarekin egin ere. Makineria guztiz martxan jarri zen ondorengo kantu mitikoarekin, “Has dantzan” (1980) diskoan lehen murgiltzea “Holtzarte blues” hipnotikoarekin egin baitzuten. Musikarien kalitatea begi bistan gelditu zen kantu konplexu honen zirrikituak betetzerakoan. Blues psikodeliko bat dela esango genuke, bide batez disko horren magiaren lagin bat erakusten diguna, eta akaso jazz-rock estiloari ere muzinik egiten ez diona.
Olatu horretatik jeitsi gabe, berriz ere “Gili-Gilikatzen haüt” diskoan barneratu ziren “Blues dei urdina” bortitzagoarekin. Blues-rockaz ari gara, noski, blues kementsu eta zitalaz. Ez dira falta hemen gitarra solo motzak, Kikiren ahoko soinuaren sorginkeriak, eta errepika ahaztezina: “Mikrofono hau sutan nahi nuke ezarri”. Hurrengo piezarako Nikok esan zuen “Ea kapable giren Xiberuan euskaraz ulertzeko” eta “E.H. Euskaraz” basatiari ekin zioten. Rock bortitz eta ahaltsu honekin begi-bistako erreakzioa lortu zuen, eta aldaketak aldaketa, taldearen botereaz ohartu ginen.
Izan ere, beste kontzertu bat zela eta, Dominic Earl gitarra joleak ezin izan baitzuen gau honetan etorri, eta bere partez Julien Labatek jo zuen (horregatik ez zituzten jo “Xoriñoak kaloian” eta “Too young”). Nonbait lehenagotik ere Hapa-Haparekin kontzertu bat edo beste eginak zituen, horietatik azkena 2014ean. Trevor ez da jada baxu jolea, eta bere lekua Thomas Saezek hartu zuen duela denbora bat. Pierre Hartmannek taldea utzi zuenetik atabal jolea Cedric Ilhardoy dugu. Xabi Etcheberry biolin jolea (Anarirekin ere ibiltzen dena) aldiz ez genuen oholtza gainean ikusi egun honetan, nahiz eta taldearen parte dela esan dezakegun. Oraindik gogoan dauzkagu uztailean Abadiñon Kiki eta Xabiren arteko jolas konplize haiek (harmonika eta biolina bluesa jotzen!). Dena den, guztiek daukate ibilbide oparoa talde aski ezagunetan eta profesionaltasuna bermatuta dago Hapa-Haparen edozein inkarnazioan.
Goraldia aprobetxatuz, “Baga Biga Kilik!”en dinamita lehertu zuten, nahiz eta ohi bezala hasiera leun batekin ekin, Mikel Laboaren bertsiotik gertuago alegia, ondoren bere karga guztiarekin ekiteko. Erritmoa jaisteko ordua iritsi zen jarraian, hiru kantuko set lasai eta limurtzailearekin. XVI. Mendeko “Müsde urrutia” zoragarria kantatu zigun Nikok, berak bakarrik eta gitarrarekin lagunduaz, ondoren Kikirekin “So bat” balada sentibera eta “Jaun baruak” (Benitok grabatu zuen bera baina ukitu ezberdin batekin) aski zaharra, ez “Müsde urrutia” bezainbeste baina bai, antza denez, XVII.mendekoa. Aurrekoarekin ez bezala, honen konposatzailea badakigu: Beñat Mardo (Iturria: wikipedia). Hiru kantuok, bat berea eta beste biak oso gertuko bertsioak, ondoren zetorrenerako deskantsu estrategikoak izan ziren.
“Heldu korrikari!”, 2007ko Korrikako kantu ofiziala izan zen. Beren protagonistek (Nikoz gain, El Drogas, Jon Gurrutxaga, Xabaltx, Joseba Gotzon, Iñaki ortiz de Villalba...) Nikoren estudioan grabatutako kantu eta bideoklipa esperientzia ahaztezin bezala oroitzen dute. Rock and roll olatuan igota, esperientzia “Xahakoa” animalekoarekin borobildu zuten. Kantu konpletoa eta bizigarria, bere bariazio eta geldialdi txiki guztiekin, gaueko onenen artean sartu beharko genuke. 2009an zendutako Mixu abeslariari eskaini zion kantua. Sustraia taldeko partaide karismatiko eta mitikoa, iparraldean biziki maitatua da eta hutsune handia utzi zuen zendu zenean. Gero, “Euskadi jator goxo eta puta hontan” boteretsuari ekin zioten. Ohi bezala, Nikok hitz batzuk esateko aprobetxatu zuen, eta batez ere Unai Parot eta Jakes Esnal gogoratu zituen. Biek ala biek oraindik kartzelan jarraitzen dute, eta laster etxean egotea da Nikoren eta gure nahia. Hitz hauen ondoren, lehen aipatu kantua sartu zen bere gordintasun guztian, eta gaueko arrakastatsuenetakoa izan zen. Gainera, rock oso gogorra zela nabarmendu zuen, baina Su Ta Garri konpetentzia egin nahi ez ziotela ere gogoratu zigun, algara artean.
Duela zortzi urte zendutako Johnny Winter bluesmana gogorarazi zigun, eta ez berak baina Rick Derringerrek (Johnnyren taldea zela, hori bai) konposatutako “Rock & Roll Hoochie Koo” mitikoa eskaini zigun, hain maisuki... Hapa-Hapa horrelako kantuetan espezialista dela esan beharrik ez dago, eta sortzen duten giroa eta izpiritua aipagarriak badira, teknika aldetik ere bereziki abilak dira kantu honetan ere. The Whoren “Substitute” ere ezin falta zen azkenaldian egiten dituzten kontzertu guztietan bezala, nahiz eta jo zituzten kanten zerrenda ikusita, bertsio batzuk kendu eta kantu propio gehiago sartuko genituzkeen (“Gizon gazteak ezkontzeko”, “Gure nahia”, “Ortziren ttunttuna”, “Zkrax”, “Tumatxa”, “Twist titi”, “Stop! Hementxe da kontrola”, “Gili gilikatzen haüt”, “Minuette”, “Lizun zikin”, “Zubikikai”, adibide gutxi batzuk jartzearren).
Ikusgarria izan zen emanaldi guztian jendearen parte-hartzea, 60 urtetik gorako rock and roll dantza zaleetatik hasi eta 12 urteko ume kantarietaraino, eta momentuoro Nikori maitasuna adierazten zion ikuslego zabaleraino. “Eperra” horren erakusgarri gorenetakoa izan zen, eta bere magia guztiarekin lortu zuen elkar hartze kolektiboa hunkigarria izan zen. Gogora dezagun Etxartek jatorrizko bertsioari aldaketa zenbait egin zizkiola, bertso gehiago sartu, baita teklatuarekin egindako sarrera mitiko hori egin ere, kantu osoa biziki aberastuz. “Xiberua mundu guztira hedatu” izan zen Nikoren azken mezua kantua amaitzerakoan. Segidan blues akorde batzuk jo zituen gitarrarekin, eta “Rock and rolla beti, ahal bada euskaraz!” oihukatu ondoren “Euskal rock and roll” gartsu eta mitikoarekin liturgia rockzalean bildu zuten ikuslegoa. Bis bakarra jo zuen, Xabier Leteren “Xalbadorren heriotzean”, berak bakarrik, edo hobeki esanda ehunka eztarrik lagunduta, eta azken agurra eman zigun Eibarkoei lekua egiteko. Ordu eta erdiko emanaldi bizia, anitza eta hunkigarria, eta guztiaren gainetik rock and roll erakustaldi zitala.
Ordu erdi baino gutxiagoko itxaronaldiaren ondoren taularatu zen Su Ta Gar. Plaza jendez gainezka ikusteak zirrara sortu zigun. Bestagunea kontzertu gune bilakatuta, eta lehen esan bezala guztiek beren sarrera ordainduta, hegoaldeko jaien zein ezberdina izan zen konturatu ginen. Ia bi orduko emanaldia eta hogeitalau kantuko setarekin, Eibartarrek errepasu zabala eman zioten errpertorioari, nahiz eta “Sentimenak jarraituz”, “Itsasoz beteriko mugetan” eta “Bizirik gaude” diskoetatik bakar bat ere jo gabe jarraitzen duten, eta (hau bai sorpresa) oraingoan estudioko azken lanetik (“Maitasunari pasioa”) bakar bat ere jo ez zuten. Dena den, eta hilabete lehenago Markina-Xemeinen eman zuten kontzertu arrakastatsutik (bi mila ikusle?) aldaketa zenbait egin zituzten.
Pandemiaren erruz Su Ta Gar eta beste talde piloa kontzerturik gabe egon direla jakina da, eta agian horregatik zenbait artista edukitzen ari den arrakasta azpimarragarria da benetan. Eibartarrak ikusteko gosea nabari dugu hegoaldean zein iparraldean, eta horren ondorioz kontzertu arrakastatsu mordoa egiten ari dira. A zer uda daramaten! Gogo hori oholtza gainean zein behean nabari da, eta taldekideen ilusioa eta grina berehala sentitzen ditu zaletuak. Kutsakorra baita ekintzaileen eta parte hartzaileen artean sortzen den harremana.
“Diruaren esklabu”rekin hasi ziren, eta lehen abisua izan genuen hau, lehen diskotik ia denak joko baitzituzten (hamabitik hamar). Lehen kantu hau ezagunenen artean ez dagoen arren, irekiera txukuna eta ezberdina eman zion emanaldiari, eta segidan etorritako “Etsi gabe” eta “David eta Goliath” jarraitzaile zaharrenen antsien betegarri izan ziren. Uda honetako errepertorioa berezia da noski, eta segur aski inoiz entzun gabeko, edo 90. hamarkadatik zaletu askok sekula zuzenean entzun gabeko hainbat pieza jo zituzten.
Laukotearen taularatzea ikusgarria da; eta indartsua, oso indartsua. Egia esan, botere handia erakutsi dute beti, eta kontzertu guztietan profesionaltasun apartekoa noski, baina orain dirdira berezi bat darie, poztasun eta gogo izugarriz nabaritzen baitira, bai taldekideak zein, lehen esan bezala eta oso garrantzitsua, ikuslegoa. Segidan jo zuten “Nazka” birrintzailea aski arrakastatsua izan zen, nahiz eta aski segur goranzka joan zen emanaldia izan zen. Hau da: gero eta lehergarriagoa bihurtu zen denbora aurrera joan ahala.
Hainbeste jende Atharratzen euskaraz Heavy Metala kantatzen ikustea ere pozgarria izan zen. Eta gazte jendearen parte hartzea. Lehen esan bezala, adin guztietako jendea zebilen han kantuan eta dantzan, baina lehen lerroetan jende oso gaztea zen nagusi, eta erakutsi zuten pasioa eta emozioa hunkigarriak izan ziren. “Ezer pasiorik gabe”, Su Ta Garrek kantatzen duen bezala.
23 urte baino gutxiago zeuzkaten bi kantu bakarrik jo zituzten, eta horietako baten txanda etorri zen jarraian: “Jainko hilen uhartean”. Horrek esan nahi du bi ezik kantu guztiak 1999tik atzerakoak izan zirela, baina kantu hauxe (eta beste asko, ez ditzagun ahantzi) taldearen edozein klasikoren parekoa dugu. Konziente gara, gainera, Aitorrek zenbaterainoko esfortzua egin behar izan zuen nota zinez altu horietara heltzeko. Kantu brutala, beraz, eta atzerriko edozein Thrash-Metal talderi inolako enbidiarik zor ez dion horietakoa.
Aitor Gorosabel eta Xabi Bastidaren gitarra zitalek zerra mekanikoek bezala mozten dituzte riff amaiezinak. Riff orain bikiak, orain gurutzatuak eta orain bikoiztuak, teknika aparta eta gantxo handikoa sokei dariela. Hainbatetan eta noiznahi arrapalada behin eta berriz mozten dute, isiluneen ondoren boteretsuago sentitzen diren nota metalizatu eta gaiztoetan. Burrunba kutsakorra dugu oso, eta jatorrizko bi kideen lidertza eta karisma ezinbestekoak diren arren, Igor Díez gaztearen baxuak argamasa guzti hori sostengatzeko egiten duen koltxoi lana (koltxoi baino gehiago, Napalm erasoa dirudiena) eta bere presentzia eszenikoa aipatu gabe ezingo genuke kronika justurik egin. Momentuoro gozatzeaz gain, posea, keinuak eta -batez ere- Xabirekin daukan konplizitateak gatz handia ematen baitiote zuzenekoari.
Eta guzti horrek zentzu, azpimarratze, indar eta musikaltasun zehatza izan dezan, atabalak zigortzen dituen Galder Arrillaga dugu. Maila honetako talde batean aritzea erronka bikaina da. Estilo honek badauka bere konplexutasuna, eta zehaztasunaz gain bultzada eta botere izugarria exijitzen dizkio bateria joleari. Guzti hori aurrera atera eta sostengatzen du Galderrek, eta laukote karismatikoaren oinarrizko pieza dugu, inondik ere.
Aitor Gorosabelek gitarrarekin egiten dituen hamaika goranzko zein beheranzko bidaia, trikimailu, orain kolpea eto gero musua (gehienetan kolpea eta hainbatetan nota ezti zein baladistikoak), kideekin eszenografia estimulagarria eta lider lanean aritzeaz gain, pieza denak abestu eta solorik gehienak egiten ditu. Gainera, publikoari berak hitz egiten dio eta momentuoro harekin daukan harremana bideratu eta bultzatzen du. Ia bi ordu hor goian, eta gisa honetako piezak abesten jarraitzeak badu bere meritua.
“Lanik zailena” bezalako kantek nolabaiteko aldaketa ekarri zuten Su Ta Garren, hirugarren diskoarekin batera. Soinua gogortzeaz gain (posible ote? - esango du baten batek-) Pantera bezalako taldeen egitura edo manera batzuk bereganatu zituzten, estilo propioa galdu gabe. Batzuei asko gustatu zitzaien, besteri ez hainbeste, baina onarpen handia izan zuen lana izan zen, eta kantu horiek arazorik gabe sartu zituzten errepertorioan. “Homo Sapiens” diskotik izen bereko pieza jo zuten gero, indar kutsakorrarekin egiteaz gain era aski zehatzean egin gainera.
Gau osoan jo zuten piezarik berriena “Piztia” izan zen, 2011ko “Ametsak pilatzen” laneko kanturik gogorrena ziur aski (“Etsaien hitzak” eta “Poza ta tristura”ren baimenarekin). Kantu honen bultzadak pieza bera ezagutzen ez zuen publikoa kutsatu zuela esango genuke. “Denak itsuak ote?”, “Lanik zailena” kantuan aipatu dugun gisako zikintasunaren transmisore dugu, eta bai hemen bai beste batzuetan Igorren koruak azpimarratu beharrean gaude, oraingo honetan gainera garraztasun puntu estra batekin egin ere, beste hainbatetan nota agudoetan zentratzen bada ere.
Lehen diskoko lau kantuko hurrengo seta izan zen, seguru aski, jendea behin betiko sutu zuena. Izan ere, lau kantuen zerrenda irakurri hutsarekin (“Zure aurrean makurtzen naiz” epikoa, “Jo ta ke” eta “Mari” ereserkiak, eta “Jaiotze basatia” instrumental barroko eta metaleroa) han sortu zen giroa irudika dezake irakurleak. Zorionez, “Agur jauna gizon txuriari” diskoa ez zuten baztertu, eta “Gau iluna amaitu da” (bere hasiera goxo eta ondorengo crescendoarekin), “Rotaflexa garraxika” (tonu zinez altuak dauzkana) eta “Agur jauna” ebakitzailearekin errepasu polita eman zioten, tartean “Geroaren hazi heziak” aski polita eta dena hankaz gora jarri zuen “Haika mutil” lehergarria txertatu bazituzten ere.
Lehen lerroetako gaztediaren sakaldia geldiezina bihurtzen ari zen, eta hesiak gogoz astindu zituzten, bultzakadak hemendik, tirakadak handik, eta hamaika forma hartu bazituen ere, egiturak nolabait eutsi zion. Goialdean, roadieak eta teknikariak oso lasai ikusi genituen, izan ere oholtza sobera altu baitzegoen, eta inor gora igotzea zaila ikusten zutelako edo, larritu gabe egon ziren kontzertu osoan. Gainera, hesiak ez zuen amorerik eman, eta esan bezala, mirariz enbatari eutsi egin zion emanaldia amaitu arte.
“Basamortuetako zalduna” lehergarriak ez zuen giroa lasaitzeko askorik lagundu, eta benetan ikusgarriak izan ziren bai exekuzioa zein musikarien indarra. Esan gabe doa “Itxaropena” balada hunkigarriak klimaxa ekarri zuela, eta “Begira”, “Gudari” (sorpresa!) eta “Arbasoen Mendekua” kantuetan segida interesgarria gauzatu zutela. Berriz ere esan beharrean gaude, baina han sortu zen giroa ikustekoa izan zen. Hain jende gaztea Heavy Metala dantzatzen eta kantatzen ikuste hutsa ikuskizuna izan baitzen. Kantuen artean ere ez zen eskakizunik ezta kantikarik falta izan, ezta jai giroko kantu eta animazioak ere. Neska talde bat “Woo oo uooo oo” kantatzen entzun genuen hainbat kantu amaitzerakoan, Slade taldearen “Slade on Stage” diskoan publikoak egiten duen bezala hain zuzen.
Azken agurra “Zure atzetik” mitikoarekin egin zuten, emanaldia goiaren goian utziaz. Badakizue: sarrera instrumentala, erritmo trabatu eta bortitza, ereserki moduko errepika... egi bihurtutako ametsa kontzertuari amaiera emateko. Bukaeran, inork joan nahi ez bazuen ere, eta gehiago joko zituztenaren esperantza genuen arren, azken agurren ondoren ez ziren berriro atera. Dena den, zaila izango zuten amaiera partea gorago uztea. Segidan, etxera ia hiru orduko bidaia egin behar, baina ez zen han damurik ez nekerik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: