Aitor Gorosabel-Hitzaldi musikatua (Orozko) 2022-10-28

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2023-02-09 20:06

pyromanya@hotmail.com 1675974911567

Orozko Rock jaialdia antolatzen dutenek sorpresa polita prestatu ziguten ostiral arrats hartarako: Aitor Gorosabelekin hitzaldi musikatua. Elkarrizketatzailea Ugaoko Sarea Sound System musikazale elkarteko Goio Ramos izan zen. Talde honek antolatzen du Sarea Fest jaialdia ere. Goiok Ugaoko Jane Jauregian egindako hitzaldi musikatu haietako baten kronika Badoken irakurri ahal izan zenuten 2021ko ekainean.

https://www.badok.eus/musika/gorka-urbizu-oholtza-momentuz-ez-dut-faltan-sumatzen/

Oraingoan Orozkon izan genuen hitzordua, esan bezala antolatzaile desberdin baten eskutik. Elkarrizketa mota hauetan artista biluztu egiten da ikusle gutxi batzuren aurrean, eta giro barnerakoi hori sortzen bai Goio baita Gotzon Barandiaran ere (Oiartzungo Kantagiltza hitzaldi musikatuen elkarrizketatzailea, hemen Niko Etxarten kronika https://www.badok.eus/musika/niko-etxart-xiberuan-gure-michael-jackson-dugu-etxahun-iruri/ )  oso abilak dira.

Segidan irakurriko duzuena elkarrizketa haren transkripzio osoa da. Ondoren Aitorrek zazpi kantuko set interesgarria eskaini zigun, bost kantu propio eta bi bertsioz osatutakoa. Su Ta Garren balada kutsuko “Denborak”, “Bere hitzen faltan” eta “Zuloaren zuloan” lehenengo. Bi bertsio ondoren: Hertzainaken “564” eta bai Benito Lertxundik zein Etxahun Irurik kantatu ohi zuten “Oi ama Eskual Herri”. Azkenik, “Itxaropena” balada eta “Jo ta ke”, jendearen partehartze gero eta intentsuagoarekin. Elkarrizketaren bat-batekotasuna eta jatorrizko espresioak bere horretan uzten saiatu gara, han bizitutako informaltasuna eta umorea hobeto islatzeko asmoarekin. Kanpoan utzi ditugu ikuslegoaren barre algarak, elkarrizketak iraun zituen berrogehi minutuetan asko egon baitziren. Azkenik, Aitorrek jo zituen zazpi kantuen artean egindako komentario eta anekdota guztiak sartu ditugu, benetan mamitsuak izan baitziren. Azkenik, anekdota moduan, ikuslegoaren artean Gorka Urbizu egon zela aipatu behar.

Goio Ramos: Mila esker, Aitor, Orozko Rock kultur elkartearen izenean. Jakin ezazue 2023ko Orozko Rock jaialdia martxan dagoela, nahiz eta oraindik ezin dugun ezer aurreratu. Wikipedian Aitor Gorosabel jartzen badugu “Su Ta Gar taldeko gitarra jotzaile solista, kantari eta konposatzaile nagusia” irakur dezakegu. Gero historia kontatzen du, eta hor dena da musika eta batez ere Su Ta Gar. Ba ote dago Su Ta Garrik gabeko Aitor Gorosabelik? Proposamen bat daukat: Egizu wikipediako sarrera zeuk. Zeure burua aurkeztu, baina Su Ta Gar eta ahal dela eta musika aipatu gabe. Zuek lasai, Su Ta Garri buruz hitz egingo dugu eta. Su Ta Gar ez da existitzen. Zure burua aurkeztu.

Aitor Gorosabel: Ehh, bueno Su Ta Gar da nik 18 urte nitueneko...

Ondo hasi dugu elkarrizketa.

Aitor da Eibarko sendi xume bateko umea, lau anai arrebetatik hirugarrena, beti musika munduan ibili dena, etxean beti egon baita piano zahar bat. Musika ikasketa batzuk ere egin nituen eta gero, nerabezaroan, gitarrarekin hasi nintzen. Punkia entzuten hasi nintzen Norton anaia imitatzen. Horiek izan ziren hastapenak Xabi, Borxa eta Asierrekin elkartu nintzen arte. 18 urte bete arte beste edozein ume eta nerabe bezalakoa izan nintzen.

Beraz ezinezkoa da Su Ta Gar ez aipatzea, konturatu zarete, ezta? Eta orain bai, orain Wikipedian Su Ta Gar jarriko dugu. Hor jartzen du Aitor Gorosabel, Xabi Bastida, Asier Osoro eta Borxa Arrillagak sortu zenutela. Ez du data jartzen, baina badakigu 1987an izan zela. Baina bai agertzen da lehen kontzertua 1988ko abuztuaren 14an eskaini zenutela. Aprobetxatuko dut kontzertu hartatik 30 urtera Mondo Sonoron agertu zen erreportai baten hasiera irakurtzeko:

“30 años desde que ardió Troya. 14 de agosto de 1988: Un grupo heavy que canta en euskara (!!) se dispone a ofrecer su primer concierto en un pequeño pueblo costero de Bizkaia. Obviamente el grupo tiene sus reservas ante lo que les espera, pero cuál es su sorpresa cuando se encuentran con algunos melenudos con chupas de cuero que encima hablan el idioma de su madre tierra (Amalur). La actuación cumple sus expectativas hasta el punto de que prende una chispa que en un par de años se convertiría en una gigantesca bola de fuego”. 34 urte atzera egingo dugu, Aitor, kontzertu hartara. Nola gogoratzen dituzu hasierako urte haiek? Taldea sortu, maketak, kontzertuak... nola gogoratzen dituzu orain?

Lehenengo kontzertua eman arte gure mundu txikian bizi ginen: ondo pasatzeko aritzen ginen. Ia ez genekien gitarra jotzen, punteatzen ere ez. Gure asmoa ez zen euskal Heavy Metal talde bat egitea, ondo pasatzeko Heavy metal talde bat egitea baizik, inongo espektatiba barik. Lehen kontzertua Ondarroan izan zen, ze 87.urtean Eibarren entzuten zen musikak ez zeukan Heavy Metalarekin zer ikusirik. Heavyak kanpotik etorritakoen semeak ziren eta estiloa erdaldun giroarekin lotzen zen. Punkia gehiago lotzen zen euskal giroarekin. Ondarroako kontzerturako Iker Rocandiok, guri letra asko egin dizkigun lagunak, hitz batzuk egin zizkigula erderaz, eta ni letra hori aurreiritzirik gabe hasi nintzen abesten, Euskal Herrian egiten zen Heavy Metal bakarra erderaz egiten baitzen.

Erderaz hasi nintzen, eta bapatean... deserosoa izan zen, edo gutxienez zerbait arraroa sentitu nuen lehen aldiz kantatzean, ez bainuen gaztelera natural sentitzen. Beste hitz batzuek egiteko esan genion eta “Jo Ta Ke” ekarri zuen. Hori izan zen Ikerrek egin zizkigun bigarren hitzak, eta euskaraz egin zigun lehena. Jakin genuen Ondarroa zela herri Heavya baina euskalduna. Guk profil hori ez genuen ezagutzen: Eibarreko eta Ermuako jende Heavy gehiena erdalduna zen, eta horregatik joan ginen Ondarroara. Baina Gaztetxean giro punkia zegoen, noski, eta garai hartan orokorrean haiek eta Heavyen artean bazeuden liskar batzuk. Gaztetxera joan ginen proposamena egitera eta haiek ez zuten inongo arazorik jarri. Baina ez genekien zer gertatuko zen han jotzean. Napalm Heavy taldearekin jo genuen eta lagun piloa eraman genuen; azkenean, jende mordoa bildu zen han.

Eta artikulu hartan esaten zen moduan, txinparta piztu zen eta hortik aurrera, su erraldoia.

Hurrengoa iparraldean jo genuen, gero Elgoibarren, Eibarren ere pare bat aldiz eta ahoz ahokoa zabaldu zen: bazegoela talde bat gaztea eta nahiko ondo jotzen zuena, kañeroa eta euskalduna. Euskaraz kantatze horrek Eibarren behintzat jendearen buruetan zirkuitulabur bat eragin zuen. Bapatean gero eta jende gehiago hasi zen Heavya entzuten.

Kontzertu hartatik gaur arte 34 urte, bi hilabete eta 14 egun pasatu dira. Marka ederra gero! Ia 35 urte hauetan 1.000 kontzertu baino gehiago, estudioko hamaika disko (berrargitaratutako maketa sartzen badugu, hamabi), zuzeneko sei lan (CD eta DVDak kontuan hartuta)... Nola ikusten duzu, gaurko atalaiatik, egindako ibilbide hori guztia? Zer eman dizu zuri Su Ta Garrek?

Oso harrituta gelditu ginen. Egia esan, gure bizitzaren zati handiena taldearekin pasatu dugu eta guretzat hein batean hori ohikoa eta normala da, baina denbora pasatu ahala gero eta balio gehiago ematen diozu taldearekin jarraitzen duzun egun bat gehiagori, kontzertu bat gehiagori. Beste ikuspuntu desberdin bat da: Ondo pasatzea zen helburua, baita orain ere, baina gure ogibidea da noski. Horrek gauza onak eta txarrak dakartza. Hala ere, helburu nagusia gozatzea da.

Horrelako ibilbide luze bat mantentzeko bi gako behar dira: bata, pasioa eta bigarrena profesionaltasuna. Lehena: pasioa. Nola mantentzen da taldearekiko, musikarekiko eta Heavy Metalarekiko zure pasioa?

Nirea zehazki, onartzen dut ez dela berdina 17-18-19 urterekin neukan gitarrarekiko eta ikasteko gose hori, eta horrek pena pixka bat ematen dit. Iturririk onena beste musikaz elikatzea baita. Nik uste dut zoritxarrez profesionalizatzeak eta horrek dakarren exigentziak zein ibilbidean gertatu diren istripuek eta zorigaitzek motxila kargatzen dutela eta motxila kargatua daukazun puntu batera heltzen zara, 17 edo 18 urterekin gertatzen ez zitzaizuna. Musikarekiko maitasuna eta eskertza mantentzeaz harrituta gelditzen zara hainbeste urte eta gero (eta egia da urteak gero eta azkarrago doazela)... eta diozu: “baina aurten 35 urtetara goaz?”: Guk ez dugu sinesten, konziente zara pertsona berdina ez zarela, helburuak ez direla berdinak, baina benetan ematen diozu askoz ere balio handiagoa bere garaian emango zeniokeena baino.

Eta komentatu dugun bigarrena, profesionaltasuna, ezinbesteko baldintza izan da horrenbeste urtetan irauteko. Horren inguruan badago dikotomia bat, batzuetan mahaigaineratzen baita profesionaltasuna versus amateurismoa auzia. Kontu hori Ez Dok Amairuren garaitik datorkigu. Badirudi zure lanaz bizi nahi duzunean, dela musika, literatura, bertsolaritza... ya ez zarela guay. Kasik kausaren alde egin behar dela dirudi: Amaterurra da benetako musikaria eta ez profesionala. Zuek momenturen batean erabaki zenuten profesionalak izatea. Zergatik? Zerk eraman zintueten erabaki hori hartzera?

Pixkanaka jende gehiago etortzen zen kontzertuetara eta gero eta emanaldi gehiago genituen. Diru pixka bat ikusten hasten zara eta konturatzen aukera hori hor dagoela. Ez duzu pentsatzen ona edo txarra den. Nik egia esan ez dut oso ondo ulertzen musikaz bizi bazaitezke hori zergatik gauza txarra den, baina jende asko dago: nik normalki pentsatzen dut hein handi batean musikaz bizi ezin duena dela. Ze pasioa badaukazu nork ez luke nahi pasiotik bizitzea? Horrek ez dauka zentzu askorik. Baina badago jendea musikaz bizi daitekeena eta beste ogibide bat edukitzea nahiago duena... ez dakit. Hori zilegia ikusten dut, ze kontrara gertatu daiteke profesionala izateak ekartzen dizun exigentzia horrek musika maitasu-gorroto bihurtzera iristea. Niri hori gertatzen ari zait azken honetan. Eta agian bakarrik ongi pasatzeko egiten baduzu ez da hori gertatzen, hori nik ulertzen dut. Baina gure kasuan, ikasketak bukatu genituenean mahai gainean jarri genuen: orain zer, lanean hasiko gara edo taldearekin aurrera egingo dugu? Eta lauron artean probatzea erabaki genuen.

Hemen gauden guztiok zuen erabaki hori eskertu egiten dugu. Hainbat diskoetxerekin lan egin zenuten: IZ, Gor, Esan Ozenki... Baina momentu batean (2006an) Jo Ta Ke ekoizpenak sortu zenuten. Hori ez da kasualitatea, ze adibidez Gatibu, Berri Txarrak, Esne Beltza, Willis Drummond eta abarrek zigulua sortu dute euren lanak kaleratzeko, ez Negu Gorriakek bere momentuan egin zuen moduko diskoetxe bat. Ondo hausnartutako erabaki bat izan zen edo halabeharrez hartutakoa?

Biak, hausnartuta eta halabeharrez. Behar genuen, ze azkenean, ni beti egongo naiz eskertuta IZ, Gor, Esan Ozenki eta Gaztelupeko Hotsak diskoetxeei gure aldeko apustua egitegatik, baina hor arazoa izaten da kontrola galtzen duzula. Ez da bakarrik pastel zatia nola banatzen den. Horrek ere zerikusia izan dezake, baina gehiago izan zen produktua kontrolatzeko aukera. Bideo bat, single bat, nahi dugunean atera dezakegu etengabe baimena eskatzen ibili gabe. Askotan ezezkoak jasotzen ez egote horrek bultzatu gintuen. Nekatu egin ginen. Zertan gabiltza? Eskatu dugu hau, disko piloa saldu dugu eta ez dugu bideoklipik aterako? Eta trabak. Promoarekin zer gertatzen da?- eta horrelako eztabaidak-. Pastela gureganatzea ere bai izan zen, lan handiagoa izango genuela konziente izanda, baina gehiago zen produktuarengan kontrola eta jabetza izatearen aukera.

Heavy Metala, gaur egun Metala esango dugu, euskaraz egin zenuten lehenak izan zineten. Baina azpimarratu beharrekoa dugu kalitate handiko musika egiten zenutela, eta zu oso gitarra jole ona zaitugu. Gaur hemen zaleak daude, baita musikariak ere: B.O.T.H. (Bastards Of Tony Hawk) hardcore taldeko jendearentzat, baita Fetitxe Stoner taldeko Ibai gitarra jotzailearentzat, Berri Txarrakeko Gorka Urbizurentzat... hainbat jenderentzako eredua izan zara, ia mitoa edo jainkoa, eta suposatzen dut horretaz konziente zarela. Hori zuretzat zer da, harro egoteko modukoa, edo aurrera egiteko garaian zama bat bezalakoa?

Bi gauzak. Ni oso harro eta pozik nago nik eta taldeak jendeari bide bat zabaldu izanaz. Gu, egia esan, kaleko musikariak gara. Nik gitarra ikasi nuen bizpahiru urtetan diskoak entzuten, orain dauden baliabiderik gabe. A la brava esaten den bezala, nire idoloak imitatu nahian baina pentsatu gabe kortxea bat edo semikortxea bat den, ze eskala den... gitarrarekin jolasten ikasi nuen, aprobak eginez eta batzuetan nahigabe deskubrimenduak eginez. Musika ikasketek lagundu didate identifikatzen nota bakoitzak zer esan nahi duen gutxi gora behera, baina euren arteko nahasketak neuri kosta egiten zaizkit. Ikertu eta jolastu egin behar dut. Guztiz autodidakta naiz, suposatzen dut oso zaila dela ni bezala jotzea, ze deskontrol bat da.

Nire semearen berbak gogoratuko ditut. Zure zale amorratua da bera. Musika klasikoaren sonoritate haietan zure sweep picking edo tapping teknikei buruz, berak dio: zuk euskaraz hori entzuten baduzu esaten duzu: Su Ta Gar da! Eta Su Ta Gar ez bada, bere eragina duen taldea. Beraz, estiloa markatu egin duzu.

Bai, hori egia da. Metalaren munduan murgiltzera bultzatu ninduten taldeak Iron Maiden, Judas Priest, Accept, beranduago Metallica, Annihilator... izan ziren. AC/DC gutxiago, baina orain lehen baino gehiago gustatzen zait. Gitarra joleei buruz: Joe Satriani edo Yngwie Malmsteen. Azken hau oso Bachen estilokoa zen. Nik pianoko bigarren edo hirugarren mailan Bach-en piezak jotzen nituen. Eta Yngwieren burbuilak entzuten nituen. Nola egiten du? Steve Vai ere entzuten nuen, edo Anthrax-eko Scott Ian. Haietaz elikatu nintzen, eta sua neukan momentua zen horiek pil-pilean zeuden momentua. Orain Metala beste ildo batetik joan da eta gitarra joleek ez dute lehengo moduko estiloa edo garrantzia. Eddie Van Halen entzun nuenean esan nuen: “ostia, nik hori egin nahi dut!”. Kuriosoa da, deskubritu nuenean punteatzerakoan pastila grabea sartzean, azkar jotzen banuen bup bup burp! Aiba: Yngwie Malmsteen-en soinua da hau!

Entsegua eta akatsa, ezta?

Bai, eta dena a la brava. Horretarako sasoia zen niretzat. Lehen zamarena aipatu duzu. Niretzat ohore bat da bidea zabaldu izana. Euskaraz Heavy Metala ez zegoenez, aurreiritzi asko puskatzea lortu genuen. Zama sentitu dezakezu gauzak ondo egin nahi dituzulako eta orain ikasi baino gehiago perfektzionatzen saiatzen naiz. Duela urte batzuk behatz bateko tendoia ebaki nuen eta batzuetan pixka bat errenka aritzen naiz. Eragozpen handia izan zen, baina jo dezaket. Zama norbera bere lekuan egon ahal izateak sortzen dit, ez besteek.

Su Ta Garren hitzak beti izan dira garaian garaiko gaien ingurukoak. Konprometituak izan zarete bai politikoki bai sozialki bai euskararen alde. Izan zarete eta zarete. Hitzak edukiz ez dira aldatu baina akaso bai formaz. Nik uste dut agian azken diskoetako letrak ez dakit pertsonalagoak diren baina bai humanoagoak. Hori adinaren ondorioa da, edo akaso garai berriekin bat egitearena?

Nik uste dut dena dela. Orduko egoera politiko-soziala ez zen oraingoa bezalakoa, eta 20 urte edo 50 urte edukitzea ere ez da berdina. Lehen hitzak zuzenagoak ziren. Guk Metaletik, euskaratik eta protesta kantutik edan genuen. Borroka kanta. Umetan Pantxoa eta Peio, Mikel Laboa, Urko eta abar pila bat entzuten nituen. Gero Itoiz eta abar agertu ziren. Guk umetatik hori jan dugu, eta gero Hertzainak sortu zenean, La Polla Records, Eskorbuto, Cicatriz, R.I.P... guzti horrek elikatu nau. Metala euskaraz egiten dugun arren kaleko gaiak dira. Eta guk Pantxoa eta Peioren ideologia berdina dugunez...

Bere garaian berritzaileak eta erradikalak izan ziren.

Hori da. Ez dugu ezer asmatu.

Musikatik bizitzeko bi bide nagusi egon dira: zuzenekoak eta diskoen salmentak. Argi dago diskoen salmentak gaur egun ez dut esango desagertuta baina ia ia desagertuta daudela. Musika fisikoa erosten dugunok lau katu gara eta nik uste dut, gazteek barkatuko didazue, baina badagoela halako joera bat musika streaming bidez entzutekoa, akaso dena dohan filosofia horretan. Deskarga ilegalak hor daude, baina baita spotify eta horrelakoak ere. Nola ikusten duzu ikuspegi profesionaletik? Denok lan egiten dugu eta zergak ordaintzen ditugu soldata jasotzeko. Musika saldu edo zabaldu? Ze gaur egun talde batzuek musika doan ematen dute sareetan. Adibidez Durangoko Azokak tarte mugatu txiki bat eskainiko die euskarri fisikorik ez duten taldeei.

Bai, galtzeko modukoa da. Nik ikusten dudan gauza nabariena da kontrola galtzen duzula zure produktuarekiko. Balioa ere galtzen du. Ez dakit interneten informazio gehiegi dagoen, agian ni kanpoan nagoelako eta ez nabilelako taldeak deskubritzen, baina ni beti tantaka elikatu naiz; disko bat heltzen zaizu eta hori entzuten duzu. Orain spotifyn sartzen naiz eta zenbat gauza ikus daitezkeen! Baina azkenean ez dakit nora jo eta pixka bat galduta ibiltzen naiz. Taldearen ikuspegitik derrigortasuna dakusat, norberaren musika zabaltzeko hor egon beharra baitago. Baina kontrolik eza ikusten dut. Lehen norberak fabrikatu, saldu eta banatzaileari ordaintzen zitzaion. Etekinak zuzenak dira, baina orain askoz ere gutxiago dira eta ni galdu egiten naiz.

Spotify aipatu duzu. Spotify, Amazon Music, Youtube... Saldu diguten kontua da “zuek musikaz entzun eta gozatu, baina musikariak jasoko du etekina”. Hori hala da? Edo soilik handienen alde egiten dute?

Kontzertuak eta egile eskubideak neurgarriak dira, baina hau ez. Jendeak doain dela pentsatzen du, baina ez da hala. Enpresa indartsuei ordaintzen ari zara...

Zure datuak biltzen dituzte.

Beraiek kudeatzen dute dena. Mundu horretan miloika ikusarazte ez badaukazu, etekina oso txikia da.

Miseria bat.

Ez dakit kontabilizatzen. Hori argia kobratzen dizutenean bezalakoa da, ez dakizula egia den hori kontsumitu duzun edo ez. Nik uste dut nahi dutena kobratzen dizutela argia piztuta eduki edo ez.

Horren harira, herriko jaietan, txosnagunean eta abar dena doan izan behar dela dirudi. Batzuek diote: zergatik ordainduko dut sarrera bat areto itxi batean? Zuek ikusi al duzue halako belaunaldi aldaketarik? Gazteak hurbiltzen dira zuen ordaindu beharreko kontzertuetara, edo beteranook bakarrik ordaintzen dugu?

Nik baietz esango nuke. Gazteak mugitzen dira erakartzen dituenaren arabera. Agian nagusiak dira esaten dutenak zertarako joango naiz, gero doan joko dute eta? Agian gutxiago mugitzen dira. Ez dakit. Gazteak ere era desbedinetakoak egongo dira: euskal musikan interesik ez dutenak, eta gero euskal gaztedi zati handi bat agian reggetoia entzungo dutenak baina euskal musika entzutea ere atsegin dutenak. Kontzertua ordaintzeko ere dirua eduki behar da, eta egongo dira kontzertuaren ondorengo festari lehentasuna emango diotenak.

Zuk esandakoa hartu eta birformulatuko dut: Jada gazteek ez dute... zure lagun Gorka Urbizuk aipatu du askotan Euskal Herrian ez dagoela mainstream-ik. Ez dagoelako modan dagoen eta jende asko erakartzen duen talde esanguratsurik euskarazko musika munduan. Baina nik uste dut badaudela halako multzo nagusi bi: Alde batetik Kafe Antzokia moduko aretoak, 500-600 pertsonako areto batean behin edo bitan sold out-a lortzen dutenak. Adibidez zuek, Zetak, Gatibu... eta beste multzo bat 40 lagun eramaten dituztenak. Hor ibilbide luzeko jendea, eskarmentudunak eta musikalki onak daude: Rafa Rueda, Imanol Ubeda (gaur egun Don Inorrezekin)... Ez al dago hor desoreka bat?

Nola ezan duzu, main stream? (jendearen barreak)

English first lesson, mainstream!

Nik hor talde gehiago bereiztuko nituzke. Nik uste dut top horretan badagoela gailurrera iritsi denik: Berri Txarrak.

Bere hitzak dira.

Bai, baino uste dut hori bere buruari aitortu beharko diola. Gorkak eta Berrik lortu dutena, nik ez dakizkit deskantsua hartzearen arrazoiak, hori berak bakarrik daki, baina goraino heldu direla eta hori zabaltzeko gai zela bai. Nik uste dut euskara bera izan daitekeela arrazoietariko bat gero merkatuak interesik ez edukitzeko. Dena ingelesa, gaztelera, frantzesa delako. Alemaniera oso gutxi. Ez dut esan nahi Berri Txarrakek ingelesez egingo balu hori lortuko zukeenik, baina bai hizkuntza guztiak parean eta komertzialak izango balira, zabaltzen jarraituko zuela argi daukat. Gero daude Gatibu, Zetak, ETS...

Zuek...

Ez, gu hirugarren baten gaude. Guk sold out egiteko...

Hor atzetik ezetz diote.

Begiratzen egoten gara: zenbatean doa salmenta? Batzuetan lortzen dugu sold out egitea baina bi egunetan lortzea kostatzen zaigu. Gaztetxe ertainetan igual bai baina guretzat zaila da. Eta Gatibu eta dabiltza topera. Lehenengo Berri Txarrak sartuko nuke, gero Gatibu ta beste guztiak, gero esan dezagun gu... eta.. ez dakit. Gu.

Eta gero salto handia behera.

Bai, eta hori penagarria da, baina hori merkatuaren eta moden gora beheren, jendearen zaletasunen, eta taldeak berak daukan gantxoaren araberakoa da. Berri Txarrakek mugitu duen jende guztia ez da modagatik bakarrik.

Amaitzeko, galdera labur batzuk. Adibidez, zelan konposatzen duzu kantu bat? Nondik hasten zara, musika, hitza, dena batera...

Inoiz hitzetatik musika sortu dut, baina ez da nire lan egiteko era. Guk euskaraz abesten dugu, baina Metal ingelesetik jan dugunez, gehienbat horiek imitatzen ditut. Horrela hasi nintzen: gitarra riff bat hartu, gainetik abestu eta doinu bat ateratzen. Eta bilatzen, ingelesez abesten egongo banintz bezala. Kantaren egitura egin dudanean, zati ezberdinak lotzea lortu dudanean (batzuetan segituan irteten da eta beste batzuetan ezinezkoa da), erabaki dudanean kantua izango dela, orduan sartzen ditugu hitzak.

Hainbat eragin metalero aipatu dituzu, baina Metala egiten ez duen eta zugan eragina izan duen edo duen musikari bat, akaso konfesa ezina izan litekeena...

Nik uste dut nahiko erraz eragiten didala gustatzen zaidan musikak. Itoiz, Hertzainak, Benito Lertxundi, punkiek, E.H. Sukarra, Koma, Berri Txarrak, Gatibu...

Zein abesti entzungo dugu beti Su Ta Garren kontzertuetan?

“Jo ta ke” ziur, “Mari” ere bai. “Itxaropena”, kuriosoa den arren, sartzea kostatu zitzaigun, baina ja ezin da atera, eta “Gau iluna amaitu da” ere ez. Lau horiek uste dut beti egongo direla.

2016an atera zenuten azken diskoa. Zer edo zer aurreratu diezagukezu? Lan berririk aterako duzue aurten?

Ahaleginetan gabiltza azken aldian disko berria ateratzeko, eta badirudi Durangorako aterako dela (txalo zartadak).

Badirudi esan duzu, zer dela eta?

Beti azken momentuko ukituren bat falta izaten delako, edo makinaren bat puskatu delako. Orain ja ez dago gure esku, inprentan dago.

                                 ------------------------------------------

Honaino elkarrizketa musikatua. Segidan, Aitorren ordu erdiko emanaldia etorri zen,lehen aipatutako zazpi kantekin eta Aitorren komentario eta anekdota sortarekin.

“Denborak”. Kantu hau 1993an grabatu genuen, eta oso polita izan zen justu abestera nindoanean Gari agertu zelako. Kantua asko gustatu zitzaion eta pila bat sartu zen. Ez genuen Gari ezagutzen eta puntazo bat izan zen guretzat berak kantatzea, asko miresten baikenuen.

Hurrengo kantua nire aita hil eta gero amari eskaini nion. Aita hil eta urte eta erdira ama ondoezik sentitu zen eta elkarrekin bizitzera joan ginen. Astegunetan lan egiten zuen eta asteburuetan elkartzen ginen. Pentsatzen egoten nintzen ama nola sentitzen ari zen aitaren galera eta zer pentsatzen ari ote zen bere barnean. Amak aitari hitz egingo balio bezala idatzi nituen hitz hauek. “Bere hitzen faltan”.

Elkarrizketan ez dugu partaideei buruz ezer aipatu. Anekdota pilo bat izango nituzke kontatzeko. Borxa gogorarazi nahi dut, nik idoloak imitatzen nituen moduan, Borxak bateriarekin berdina egiten zuelako. Euskal Herrian bonbo bikoitza atera zuen lehenengo pertsona izan zen. Eskema asko apurtu zituen, ohiz kanpoko musikaria zen. Gutako inor ez zen eskolan ikasitako musikaria, baina Borxak bazeukan energia bat... bateria jole gutxiri ikusiko diezue.

Mutrikutik Eibarra bizikletan joaten zen. Hobeto esanda, Markinan Lanbide Heziketa ikasten zuen. Gero, etxera bueltatzean, Mutrikutik Eibarra, bizpahiru ordu entseatu eta Mutrikura buelta egiten zuen. Eibarren bazegoen Txirrindulari Klub bat, maila handikoa, arropa teknikoekin jantzita ibiltzen ziren horietakoa. Arrate igotzen, eta zapatak gustatzen zitzaizkion, nola da? Mokasinak. Eta bainujantzi zahar zaharra eta mokasin haiek jantzita denak pasatzen zituen, eta besteak Arratera iristen zirenerako Borxa ja bokadiloa jaten zegoen!

Pena izugarria izan zen bere istripuarena, ze asko zaintzen zen mutila zen. 25 urterekin hasi zen soltatzen eta parranda pixka bat egiten eta elbarri geratu zen bere momenturik gozoenean. Hori izan zen kolperik handiena taldearentzat. Borxa adibiderik onena da, sinestezina da. Mugikortasuna paparretik gora dauka eta beso bat ia ez du mugitzen eta bestearekin moldatzen da ordenagailuan. Lan pila bat egiten du eta bera da beti zu animatzen ari dena. Umore beltza dauka, beti txisteak egiten ari da. Kristoren pertsona da eta izugarri maite dugu.

Datorren kantuari buruz: lehengusu bat hil zitzaidan 25 urterekin 1994an eta hortik hartu nuen inspirazioa musika egiteko. Handik hilabetera Borxaren istripua gertatu zen. Toledoko hospitalean bost hilabete edo egon zen. Ja “Sentimenak jarraituz” grabatzen ari ginen eta trakeotomia egin berritan adorea eduki zuen hitz hauek idatzi eta kantatzeko: “Zuloaren zuloan”.

Pare bat bertsio joko ditut orain. Bat Hertzainakena da, 14-15 urterekin guztiz markatu ninduena. Gure lehenengo parrandak oroitarazten dizkit. Euskal Herrian, heavy musikarekin gurekin gertatu zena, punkiarekin Hertzainakekin gertatu zen. Asko miresten dugun talde bat da. “564”.

Hurrengoa, notak atera nituen lehenengo kantuetako bat izan zen, “Oi ama Eskual Herri”, Benito Lertxundirena. (oharra: kantua ez da ez Benitorena ezta Etxahunena ere, baina horrek berdin dio). Bi bertsio hauen sorpresak harrapatuta, eta formatuaren biluztasunak ahotsari ematen zion garrantziarekin txundituta, publikoa gero eta animatuago ikusten zen, eta Aitorrek amaitzeko jo zituen “Itxaropena” eta “Jo ta ke” benetan pizgarriak izan ziren. Goiaren goian amaitu zen hitzaldi musikatua, beraz.


Utzi iruzkina: