NIKO ETXART Arizmendieneko Lorategia (Oiartzun) 2021-9-19
KantaGiltza ekimenaren bigarren zikloa maiatzean jarri zen martxan, Gorka Urbizuren agerpenarekin. Ekainaren 20an Olatz Salvadorren txanda izan zen, eta orain iruzkinduko dugun ekitaldia berriz, Irailaren 19an ospatu zen Arizmendieneko lorategi ederrean. Hitzaldi musikatuak izan dira hirurak ere, eta denek izan dute Gotzon Barandiaranen gidaritza. Berak elkarrizketatu ditu artistok, baita hauek emanaldian zehar interpretatu dituzten kantuak aurkeztu ere.
Jarraian kontatuko dugun ekitaldia ordu eta hiru laurdenetik pasatu zen arren, motza izan zen bertaratutakoentzat, gustura egon ziren seinale. Umore onez jantzitako pasarteak izan ziren, eta Gotzon elkarrizketatzailea izan bazen ere, Nikok noiznahi hartzen zuen mikrofonoa azalpen gehiago emateko zein ñabardura txikiak egiteko. Bien artean sortu zen konplizitateak markatu zuen hitzaldi musikatu guztia, eta han gertatutakoak ez du ia edizio beharrik. Transkripzio huts batek ezin hobeki irudikatzen du han gertatutakoa.
Horrez gain, eta elkarrizketa informala izaki, bertan esandakoak umorez hartu behar ditugula aipatu nahi nuke. Hainbat pertsona edo artista aipatzen dira, eta Nikok guzti hori bere erara islatu zuen, hots, umore handiz sarritan, eta sakontasun handiz beste hainbestetan. Ikuslegoaren barre-algarak elkarrizketaren une askotan izan ziren. Hala ere, soilik gutxi batzuetan azpimarratu dugu hori, gehiagotan egitea beharrezkoa ez delakoan. Gainera, ekitaldiaren alde informala islatzeko intentzioarekin, esandako gehienak bere horretan utzi ditugu. Akats batzuek egon badauden arren, bertan bizitutakoa ahalik eta erarik fidelean erakutsi nahi izan dugu (barka eragozpenak). Goazen, ba. Zuekin... Niko Etxart kantaria eta Gotzon Barandiaran idazlea!
Gotzon Barandiaran: Eskerrik asko denoi etortzearren. Sustraiei buruz hitz egin behar dugu. Niko, rock and rollaren aitapontekoa zara euskaldun guztien imaginarioan.
Niko Etxart: Beste batzuen artean. Beti derrigortua naiz esatera, gainera jelos dira besteak. Errobi eta Koska ere hor izan ziren.
Rockaren aitapontetako bat zara, baina zuk orain sustraietatik kantatu diguzu. Hitz egiguzu horri buruz: Zeintzuk dira zure sustraiak? Jean Mixel Bedaxagarrek esaten du badaudela hiru manera kantatzeko Xiberuan, hiru zonalde ezberdinetakoak. Zein da zure manera? Zuk askotan esaten duzu, “orain kantatuko dizuegu xiberuko maneran”. Zer da xiberuko maneran kantatzea, eta horrek zein harreman dauka sustraiekin? Zuk nola lotzen duzu hori?
Nik erranen nuke Altzurukütarra eta Altzurukün sortua izatez, hiru manera horien artean bat dela Altzurukükoa. Nik zorion hori izan dut, aita eta ama biak Altzurukütarrak izatez, ttipitatik Parisera joanik ere, gure familian beti euskara gorde dugula. Ez batere militantziaz, euskaraz egitea normala zen gure familian. Amaren aldetik Altzurukün dantzarien familia daukat. Horregatik guk ttipitatik, Parisen izanik ere, Xiberuko euskal dantzak ikasi gintian. Anai arrebak, beste zonbaitekin, Euskal Etxean ibiltzen ginen. Giro hortan, aitak (Dominika Etxart) beti atxiki du kantatzeko gogo hori. Berak erosi zian lehenengo xaramela (kantuen liburutxo bat) soldaduzkara joan zelarik 1952an, eta zorte handia izan zian, zeren eta hasi zen neskatilak hunkitzen. Ni horrela etorri nintzen, apaizek erraiten dien bezala, bekatuan. Ene aita eta ama ezkondu ziren goizeko 7:30 edo 8retan. Parisen, etxean beti egin ditugu bai euskal dantzak eta nola ez euskal kantuak. Telebista kentzen zuen aitak, eta gu anai arrebok ostiral arratsaldetan biltzen ginen, Etxahunen eta besteen kantuak ikasten, eta kaier asko bete ditugu. Geroxeago ikusiko duzue, Etxahun Iruriren kantu zonbait ere emanen ditut, eta hortarik etortzen duk ene zaletasuna. Zorte handia izan duk neretako, garai hartan Parisen izanik, rockaren lehen oihu bortitzak entzutea. Gazte guztiak bezala gogoa genuen egurra emateko, gitarra jotzen ikasi eta rock and rolla egiteko. Eta ni beti harro izan nin: alde batetik ene etxeko sustraiak, ene aitak maite zian hain kantagintza horren defentsan aritzea, eta nik aita bezain beste maite dut hori.
Hori zelan lotzen duzu zuk 1974ean Euskal Herrira etortzeko erabakiarekin? Zuk Inglaterrako rock and rolla zenuen iturri gehienbat, baina euskaraz egin behar duzula erabakitzen duzu, eta hori nola lotzen duzu zure kantatzeko manerarekin? Eskuak gerrian jarrita eta ahots gora kantatze hori, nola lotzen da Ingalaterran eta Estatu Batuetan egiten den rock and rollarekin?
Luzaz pentsatu dut frantses kantaria izanen nintzela. Ene burua prestatzen nuen frantses kantaria izateko zeren eta kantagintzatik, musikatik bizitzeko, Parisen bizi zira eta ez da beste biderik, hori da errege bidea. Fite konturatu nintzen horretaz, eta garaiak ere aldatu ziren. Lehenago aipatu dut, zuekin bazkarian, nola Giséle Halimiren “El proceso de Burgos” frantsesez irakurri nuen. Euskal Etxean ere hasi nintzen errefuxiatu anitz gurutzatzen, ezagutzen. Nik luzaz pentsatu dut Euskal Herria zela Xiberua bakarrik. Ez barrerik egin! Badira batzuk, eta Bizkaitarrek uste dute Euskal Herria Bizkaia dela! Erabaki nuen ez nintzela frantses kantaria izanen, baina bai euskal kantaria. Hippien denbora zen, jendeak hiriak uzten zituen joaiteko herrixketara beste modu batean bizitzera. Filosofia asko aldatu zen. Gazteentzat oso inportantea zen iraultza bezalako zerbait egitea. Eta nik egun batetik bestera esan dut: 10’18” “ciao ciao, de zuze de la chanson francaise”. Pays basque. Nik abentura zuen aitzinean egin dut urte askoan, eta uste dut garai hartan hautu ona egin nuela. (Txalo zaparradak).
Orain “So bat” kantatuko duzu...
Amodiozko kantu bat.
“Arranoak bortuetan” eta kantatuko dituzun beste kantu batzuetan ere badago amodioa. Xiberuko kantu herrikoietan amodiozko kantak askotan oso tragikoak izaten dira, batez ere emakumeentzat, oso amaiera latzgarria izaten baitute. Horrek zer eragin du geru zuk, adibidez, horrelako kantu bat idazteko?
Ez du batere eraginik izan. Ze nik hork erabaki dut: “Niko, neskatila gazteen bihotza hunkitu behar duk, egin ezak kantu bat ahal bezain zozo eta ikusiko duk”. Horrek funtzionatzen dik beti, beti. Ez diat tragediarik egin, ez nauk kapable holako gauzak egiteko.
Hori idatzi duk besteak oso tragikoak direlako? Kantu herrikoietan emakumearen papera oso tragikoa delako?
Ez diat... Hik nik baino denbora gehiago pasatzen duk analizatzen. Nik ez dut... Ikusiko duzue, oso kanta polita da, eta gainera oso harro nuk “So bat” kantu honekin, oso harro niz gauza batetaz: kantua hain da zozo eta hain efikaz, harrituta...
Ni banoa... (Jendearen barre-algarak)
Harrituta egon nintzan, kanta hau atera nuen Hapa-Hapa taldearekin 1996an, eta gero jendea esaten: “ei Niko, badakizu, hauek ezkondu dira pasa den astean, eta elizatik ateratzeko bikoteak zure kanta ipini du”. Nola da Las Vegasen musika, elizatik ateratzen direlarik? Surrealista zen, moda bat hasi zen iparraldean. Edo esposen musikari lagunek kantatzen zuten eta hola ateratzen ziren elizatik. Merezi zuen kantu zozo bat egitea eh! Bueno, zozo... gaizto da hori esatea, baino ironiaz esaten dut. Kantu polita da, eta gainera nik beti sinetsi dut amodioan. Total, total, total erraiten dizuet. Gaur ere ikusiko duzue. Eta hau, Euskal Telebistan ez du aspaldi kantatu dut “Biba zuek” saioan Maialen Arzallusekin, eta berak ez zuen ezagutzen “So bat”, eta nik erranen diot. “Maialen, zu Hendaian bizi zara, bainan zu hegoaldeko mugakoa zira, iparraldeko istoriataz ez dakizu anitz. Eta berak aitortu zuen ez zuela ezagutzen. Iparraldeko pertsona euskaldun normal batek kantua ezagutzen zuen, baina berak ez. Barkatzen diot.
“So bat”.
Hitz egin dezagun Etxahun Iruriri buruz. Kontaiguzu zergatik den hain inportantea zuretzat eta zergatik kantatzen duzun horrenbeste eta hain maitasun handiz. Orain “Rodrigori” kanta egingo duzu, hori ere azaldu beharko diguzu...
Kanta hori “Ximena” pastoralekoa da. Emazte pastoral bat izan zen, aspaldiko partez lehena, 1980an. Xiberu guztiko emazte talde bat bildu zen egun bat goiti. El Cid enperadorearen inguruan da istorioa. Hemen ematen du oso istorio espainola dela, baina erran behar da iparraldetik ikusita guk eskoletan ikasi dugula Pierre Corneillek egin zuen “Le Cid” liburutik. Guretako, iparraldekoentzako, ez du hemen duen funtsa.
El Cid Espainiako batasunaren ikurra da.
Guretako ez du ezer ikustekorik horrek. Etxahuni Roger Idiart herriko apezak eman zion gaia. “Le Cid de Corneille” horren inguruan egitea proposatu zion. Ximena, Rodrigo... e.a. Ni zoriontsu izan nintzan hura egiten. Zonbaitek ezagutuko duzue Ttittika Rekalt. Pastoraleko sujet bat zen nere garai hartako neskalaguna, oso polita: Pantxika. Galdetu zidaten emazte hoiek: “Niko, jin zite, kanta bat falta dugu”. Etxahunenganat joan nintzan, eta Etxahunek berak erran: “Bai, hau ezkribatu diat Niko, eta ahal banauk lagundu bigarren boza egiten”. Zinta bat grabatu genuen kantu honekin, a capella kantatua, eta gero zinta hori eman emazteek ikasteko. Horregatik anitz maite dut Etxahun, hurbiletik ezagutu baitut gizon hori, ttipitatik bere kantuetarik edan baitut, eta zonbait aldiz ere, harrotasunez erraiten dut, ene unibertso musikala hasten da Etxahun Irurirekin, eta bestalde han da Jimi Hendrix. Etxahunen abestiak familian kantatzen ditugu beti. Xiberuan gure Michael Jackson dugu Etxahun Iruri. Beti fidela egon nuk, eta orain emanen deizuet “Rodrigori” kantua. Beste gauza bat da, ez dakit zertako, azken aldi huntan Emakundeko emazte zonbaitek esaten dute oso kanta matxista dela. Nik goitik behera (egiten du 50 urte kantatzen dudala kantua), goitik behera hitzak hartu ditut, eta ez dut ikusten nun... Ba ni gizon bat baniz, hori posible da, misterioa hori izaten ahal da. Kanta ederra, ikusiko duzue. Gainera kanta hau (bai hitza eta bai musika) urte bat hil aitzin egin zuen Etxahunek. Biba Etxahun Pierre Bordazarre!
“Rodrigori”.
Sar gaitezen orain zure konposatzeko maneran. Nola egiten duzu? Lehenengo gitarrarekin ahairea ateratzen duzu, gero gehitzen diozu letra? Adibidez orain “Musde Urrütia” kantatuko duzu, horren hitzak herrikoiak dira. Nola jarri zenion gitarra?
Hori oso naturalki, enetako errazena hori da. Ni kapable niz, harrokeriarik gabe, edozein momentutan zerbait asmatzeko musikarekin. Gitarra hartzen dut edo a capella egiten dut, edo txistua joz egiten ahal dut. Gaitzena enetako hitzak egitea da, ez niz poeta handi bat baina gustatzen zait hor ere sartzea. Gustura egiten dut. Beti plazer bat da ere hitzak musikatzea. Adibidez, Jon mirande ere musikatu dut, baita Itxaro Borda eta beste asko ere. Orokorki, maite dut desafio bat egitea ene buruari, eta gertatzen zait ere ez ohiko manera batetan kantu bat egitea. Eta horrek oso gauza bitxiak ematen ditu. Maite dut ene burua tronpatzea ere, eta gainetik alkohol pixka batekin lortzen dut beti ene helburua. “Musde urrütia”ri buruz, bai hitzak eta bai musika, biak direla, pentsa, gaur egun adituek esaten dute dela: “Haltzak ez du bihotzik ez gaztanberak hezurrik”. Euskal kantagintzak hau dugu zaharrena adituek diotenez. Beste aditu zonbaitek ere erraiten du “Musde urrütia” kantak Altzurükuko gazteluan bizi den Urrüti noble baten historia kontatzen du, eta badira oso istorio bitxiak: Bere emaztea ere atxiki zun dorre batean ez dakit zenbat urtez. Oso gauza arraroak. XVI. mendeko kantuak dira bai “Haltzak ez du bihotzik” eta baita “Musde Urrütia” ere. Ikusiko duzue, gainera kantatzen delarik emaiten du bidaia bat egiten dugula epoka hartara. Gainera, anekdotak anitz maite ditut eta lehenik eta behin, “Musde”k esan nahi du “monsieur du”. Urrüti erraiten dugu gaur egun. Jakin dut, ez aspaldi, Musde Urrütia horren ondokoa nintzala ni. Erran dute: “Nikok idatzi zuelarik Urrüti jauregiko Peirot pastorala, bazakien bere ondokoa zela”. Etzakien. Bitxi egiten zait. Don Telesforo ere oso noblea zen, eta orain ni ere hor jartzen naiz. Ez dugu ahantzi behar euskaldun guztiak, denak, nobleak garela.
“Musde Urrütia”.
“Jaun baruak”. Hau izen horrekin ezagutzen duzue. Benito Lertxundik Euskal Herri guzira hedatu zuen. Guk Xiberutik eskertzen dugu. Hasiera batean oso gaizki ikusia zen Manex batek, eta gainera espainola, Xiberuko kantuak lapurtzea, oso gaizki ikusia zen duela 40-50 urte. Erraiten ahal deiziet orain halakorik ez dela. Xiberuan ere denek maite dute Benito, salbu (ez dakit) Metal musika egiten duten horiek (jendearenb algarak), baina profitatzen dut hemen Benitori eskerrak emateko. Kantu horiek atera zituen, herriak berriz tragatu ditu, herriak berriz gogo onez kantatzen ditu. Kantu honen egiazko titulua zen “Arbotiko jaun barua”. Arboti Behe Nafarroako herrixka bat da.
Guretzat behintzat, euskaldun bakarrak garela pentsatzen dugun bizkaitarrontzat, gutako askok Xiberua “Eta maita herria, üken dezadan plazera” (1975) diskoarekin ezagutu genuen, baita “Zuberoa/Askatasunaren semeei” (1977) biniloarekin ere, baina ez genuen ulertzen zer kantatzen genuen. Uste dut askori gertatu zaigula hori. Zuri ere hori gertatu zaizu Xiberutik landa, jendeak zure kantuak kantatzea, baina ez ulertzea? Zuk zure diskoetan hiztegia jarri izan duzu, jendeak jakiteko hitzek zer esan nahi duten.
Bai, gauza bitxiena Benitorekin lotua da. Denek ezagutzen duzue “Oi ama Eskual Herri” kantua. Ene problema da zuekin ez dudala kantatzen ahal. Hor ez dakit zer pasatu zen Benitoren buruan aldi hartan, baina ulergaitza da berak kantatzen duena, eta ez du ez bururik ez buztanik. Zertako egun hartan ez duk deitu: “Niko, adiskidea! Etorri nerekin eta zuzentzen nauk xiberotarrez kantatzen”. Nik hori Imanol, Amaia Zubiria eta beste askorekin ere bai egin dut. Eta ordun, zer egin ahal du xiberotar ttipi batek herri guziak gaizki ikasi dian kantu bat aldatzeko, eta askotan esaten didate Euskal Telebistan: “Niko, ‘Oi ama Eskual Herri’ kantuan zuk beste kantariak zuzendu”. Nolako desastreak ahal diren egon! Geroztik badakit, ez nitan konta “Oi ama Euskal Herri” kantatzeko hemengo batekin! Barka eh. Ez kexa eh, gustatzen zait hola, gauza bitxiak kontatzen.
“Jaun baruak”
“Oihaneko zuhainetan”. Hitz egin dezagun Xiberuako bortuek, parajeek... zein eragin duten zure kantatzeko eta idazteko moduan. Eta kanta honetan, kanta herrikoia da, baina badago beste gai bat ere Etxahun Irurik ere askotan kantatzen duena, eta da bertako izatearen harrotasun hori, xiberutarra izatearen harrotasuna. Lurrarekiko atxikimendua, mendiak, txoriak... paisai guzti hori horrenbeste maitatzea. “Agur Xiberua” eta beste kanta askotan Etxahunek kantatzen zuen bezala, ze eragin eduki du zugan?
Nola diasporako semea izan nuken, eta 19 urtez Parisen egon naizenez, eta... nola erran? Lau Xiberotarretik bat duk herrian baratzen, odoluste izugarria izan da XIX. eta XX. Mendeetan. Argentina, Kalifornia, Paris, Bordeaux... Xiberua hustu da. 38.000 biztanle üken ditu XIX.mendean eta gaur egun 13.000ra ez gira heltzen. Esateko nolako tristezia den, Donostiako auzorik ttipiena ere Xiberua baino handiago da. Bestalde, egia duk Xiberuan bazterrak ederrak direla eta ingurune horrek emaiten du beti bai olerki edo kantuak egiteko ziria. Gero, Niko Etxartek nahi badu rock kantu baten hitzak egin, Parisera edo Bilbora joaiten duk. Hotela hartzen dut eta han idazten dut. Oso ordu bitxiak ditut, baina rock kantu baten hitzak egiteko giro urbanoa behar diat. Mendirik ederrenak ez dik ezer balio honetako. Ez, ez, ez, nik ikusi behar dizkiat gauza bitxiak: kotxeak, polizionia ikusi, sentitu behar diat hitzak egiteko gisa hortan. Baina egiten ditudan kantu anitz ere hontsa egokitzen dira xiberuko ingurumenarekin, zorionez.
“Oihaneko zuhainetan”
Kanta hau zonbaitek erraiten dute izaten ahal dela Agosti Xahoren kantu bat. Egia da berak anitz bazekiela hegoaldeko Karlismoari loturik ziren Foruei buruz. Eta gustatzen zait bere izena aipatzea ere. Bera, garai hartan ez zen abertzale esaten, baina bera izan da oso, zabaldu ditu... gaur ere aipatzen da zeren eta ezkerreko abertzale bezala agertu zen bere garaian, arraroa... eta zertako ez? Baldin Agostirena da, baldin ezta, baina kantu ederra da, ikusiko duzue. (...) Ez dik errepikarik. Ausart hadi Niko, eman ezak kantua!
“Oihaneko zuhainetan”
Hurrengo kanta “Itxaro/Joseba” da. Itxaro Borda, Joseba Sarrionaindia. Aipatu duzu Itxaroren kantaren bat ere musikatu duzula, orain kontatuko duzu Josebarekin berriki eduki duzun anekdota...
Hori kontatu behar diat?
Bai, kontatu, ona da eta. Kantu honetan Nikok dei egiten die Itxarori eta Josebari, “etor zaitezte eta elkarrekin egongo gara kometei begira, eta hitz egingo dugu, kantatuko dugu...”. Josebak “Izen zaharrak” izeneko kanta bat idatzi zuen, Ruper Ordorikak “Memoriaren mapan” (2006) diskoan grabatu zuena. Niretzat oso kantu gogorra da, desagerpena irudikatzen baitu. Irakurriko dizuet ea zer deritzozuen:
“Gu herrialde estuan sortu ginen,
arbasoek aberri mendrea utzi ziguten.
Merkatari aberatsek merke edo kario
erosten dituzte gure lurrak,
gure jendearen hezurrak.
Lurrak eta hezurrak, eta badoaz urtaroak,
eta gu ere bagoaz, geroago eta gutiago gara ginenak,
gero eta urrutiago ginena.
Zer geratuko da gerorako?
Leku izenak agian, ez besterik:
Ursouia, Itchasou, Irouleguy,
Aussurucq eta Tchoko Maitia…
Jendeak misterio aire batekin
ahoskatuko ditu leku izenok,
jendeak misterio aire batekin
ahoskatuko ditu izenok”.
Lehen aipatu duzu Xiberutarren populua hamairu milara ez dela heltzen. Nola bizi duzu zuk hori, euskal kantari, euskal sortzaile gisa? Euskararen, euskal kantagintzaren alde eman duzu bizitza osoa.
Bai, egia da saiatzen naizela beti baikor izaten. Gehiegi, soberan... Noizbehinka esaten diot nere buruari: “Niko, argi duk. Xiberua ari duk behea jotzen”. Arazo bat dago: zahar bat hiltzen da eta gauza guziak aldatzen dira, izenak ahazten dira. Gazteek ez dakite hango alorrak edo horko soroak nolako izena duten. Ingelesez badaki baina hori ez. Pena ematen dit. Ni beti, nola erran? Interesatua izan niz, kuriositate handia izan dut. Parisetik herriko min bizia nuen eta horregatik euskararekin egin dut oso lotura intimo bat. Eta ene herrian, berriz Xiberuarat jin nintzalarik, hor ere maite nituen zaharrak entzuten bere familiaz ere hitz egiten. Lehen asko egiten zen. Gaur egun gazteek ez dakite nor den bere lehengusua ere. Hori familia anitzetan gertatzen da. Orduan, kantu honetan, eta oso poema polita da, Ruperrek musikatua, Josebarena, eta nik kontatuko diziet: Duela hiru aste Mañariako jaietan nintzan, eta esan didate: “Zu, Niko, jartzen zira Josebaren ondoan”. Ez da aspaldi berriz herriratu dela eta joan zite bere ondoan”. Beretzat polita izan zen, zeren eta Eñaut Elorrietak musikatu zuen Josebaren poema bat eta nere ondoan zen Josebak ikaraz esan du: “Niko, hunkitua nük”. Lehenez entzuten zuelako bere testua musikatua. Oso emozio bitxia elkarbanatu genuen. Eta nik egin nuen kantua, Joseba ez nuen ezagutzen baina ene emaztea, Edurne, Durangarra da, eta Josebaren kide zen Bergarako UNEDen. Elkarrekin lan egiten zuten, oso adiskideak ziren. Nik kantu honetan idazle bezala aipatzen dut, eta beste idazlea da iparraldeko Itxaro Borda. Berak ere oso kanta ederrak egin ditu azken 40 urte hauetan. Garrantzitsuenetakoa dugu Itxaro. Denek ezagutzen duzue Hertzainaken, nola da? Amodiozko kantu zozo hura? “Aitormena”. “Itxaro/Joseba” kantu hau bitxia da. Musika John Mayallena da, blues toke bat dauka. Normalean Kiki Graciet harmonika jolearekin kantatzen dut. Kiki ez da hemen, eta orain zuek eginen duzue Kikiren lana, harmonikaren papera. Erakutsiko dizuet. Azken finean, euskaraz da kantua osoki, ehuneko ehun, baina frantsesa ulertu behar da konprenitzeko (barre algarak). Prest zarete harmonika jotzeko? Mementuren batean “so” esanen dizuet ez bazire gelditzen. Memento batean gelditu behar zarete, bestela itsusi egiten du istorioa. Yeah, c’mon! Egin dezagun! Aupa Joseba eta Itxaro! Bi idazle... goxuak!!
“Itxaro/Joseba”. Biba zuek, plazer bat izan da, eta gora Itxaro! Eta gora Joseba! Ongi etorri Euskal Herrirat!
“Holtzarte blues”.
Lehen aipatu duzu behar duzula giro urbanoa, eta poliziak ikusi, polizien kotxeak e.a. baina hemen, “Holtzarte blues” honetan hartzen duzu paisaia oso eder bat.
Parisen konposatu nian, herriminez, “Euskal r’n’r” bezala. Ikusiko duzue, kanta bitxia da, blues totala. Eta duela hilabete zonbait Euskal Telebistan “Bide gurutzean” emankizun politean kantatu genuen. Zortea izan dut hor parte hartzea Donostiako Liher eta Berako Pettirekin. Elkarrekin kantatu genuen, eta kontent izan niz ere ene errepertorioan luzaz (30 urtez) ez baitut kantatu, eta berriz kantatzen dut taldearekin. Sinplea da, baina badu bere xarma.
Hurrengoa: “Blues dei urdina” aukeratu duzu, beste blues bat.
Segidan emanen ditut.
“Blues dei urdina”n Robert Johnson aipatzen duzu, kantatzen jarraitu ahal izateko bere arima deabruari saldu omen zion bluesmana. Lamiak ere aipatzen dituzu “Holtzarte Blues”en, gero ostera kantatzen dituzun kanta herrikoietan elizak izugarrizko presentzia du, eta jainkoa agertzen da askotan. Kanta hauetan sartzen dituzu deabruaren aldeko testuak, eta lamiak aipatzen dituzu Elizari ziria sartzeko. Elizak eragin asko izan baitu euskaldunengan eta Xiberutarrengan.
Bai, baina ez nuk hi bezala hain urrun sartu. Arrazoi duk. Orain berriz pentsatu behar diat nola demontre etorri zaidan halako ideia. Ez, ez, ez, horiek intuitiboki egin dizkiat. Gainera garai hartan euskaraz bluesik ez zegoen, ez nuen inor kopiatzeko ere. Ez nuen inor. Lehen aldia da gitarrarekin osoki bakarrik “Holtzarte blues” zuen aitzinean kantatuko dudana. Normalean taldearekin egiten dut eta errazago da. Eginen dut zer edo zer. Eta segidan “Blues dei urdina”. Lehenengoan bai musika eta bai hitzak Niko Etxartenak dira, eta aldiz bestean hitzak Niko Etxartenak eta musika Elmore Jamesena.
“Holtzarte blues” + “Blues dei urdina”.
Niko: Xabierri deituko diogu. Xabier Vesga. Adiskidetu gira duela 2-3 urte. Errenteriako Udal Txistularien Zuzendaria da bera, eta zorte handia dut Niko Etxart bezala ere, ene kantu pila bat (uste dut 16-17 direla) Euskal Herriko txistulari guztien eskupean baitira kantu haien partiturak. Askok, gure Xanet Arozenak, ezagutzen duzue, hemen dago... “Iepa Xanet, hiri dedikatzen diat kantua. Baina badakik, ez diagu joko hire eran” (Oharra: Xanetek Akelarre taldearekin bertsio rockeroa jotzen du). Nik Errenteriako txistulariekin, Zornotzakoekin, eta guztiekin, partiturarekin kantatzen ahal diat, bainan ez gitarra joz. Eta nola gitarrarekin derrigorrez egin behar dudan, FArekin egin behar dut. Normalean SOLekin egiten dut, bainan ez da posible eta beste gisa batez eginen dugu, eta ederra izanen da dudarik gabe. Eta nola ez, zuen aportazioa ere behar dut, “Eperra” kantuarekin. Kantu hori mirakulu bat izan zen. Aitaren ezpainetan ikasi nuen, gaur egun Euskal Herri guziak ezagutzen du, eta jakin ezazue harrotasun pittin bat badudala. Benitok ere egin zituen “Atharratzeko gazteluko kantua” eta holako kantak berpiztu. Ahantzita zeudenak, berriz herriak hartzen ditu. Noski, berriz herriak ahazten ditu, eta hori beti aldatzen da, baina gaur egun “Eperra” euskaldun guzien ahotan da kasik eta ez da batere gaizki. Hiri dedikatzen diat, Xanet maitia.
“Eperra”
Azkena egingo dugu, amaitzeko.
Fufff.
“Euskal rock and roll”. www.badok.eus atarian sartzen bazarete, Nikoren diskografia osoa dago. “Euskal rock and roll/Eperra” ateratzen da zure lehen argitalpena bezala.
Argitaratutako lehena 1970ean izan zen, single bat. Hemen ez da ezagutua. Aipatu duzuna Madrilen grabatu nuen 1979an, bai. Baina lehenagotik ere diskoak egin nituen: disko ttxipiak eta kaseteak Minxoriak taldearekin...e.a.
“Euskal rock and roll”ekin apustu bat egiten duzu, gerora etengabe errepikatzen dena. Zer egin daiteke euskaraz? Dena egin daiteke, eta zuk frogatu zenuen r’n’r egin daitekeela euskaraz.
Euskaldunak gai garela rock and rolla egiteko, eta posible zela euskara moldatzea rock and rollera. Gaur egun irabazia da, enetako Euskal Herria (Espainiarekin ez dut konparatzen ahal, ez dut aski ezagutzen eta) Frantziarekin konparatuta, euskaldunok frantziarrak baino hamar aldiz rockeroagoak garela, eta sartuagoa dela hemen, eta pilo bat talde bizirik dira edozein lekutan, perretxikoak bezala rock taldeak ba direla. Hori irabazi dugu, euskaraz hori egitea. Gero, Kaina Kayek oso ondo egiten du, nola deitzen da?
Reggetoia.
Rocka eta bluesa konplikatuagoa da, uste dut, reggetoia baino. Eta hori segur naiz Iratxek lortuko duela ondo egitea. Nik dantzan ikasi beharko nuke berea egiteko. (Gitarra zarrastatzen hasten da) Habil habil Niko, eman ezak, eman ezak!
Lehenengo eta behin, azaldu ezazu Coucou des Bois zer den. Nikok hiztegi bat bidali zidan, kantak ulertzeko, eta hiztegi horretan agertzen da.
Urdiñarbeko diskoteka mitiko bat da. Hor ibilten ginen gu, lehenengo berbenak egiten, gazteria joaten zen herriko berbenetara, eta gero berbena gelditzen zelarik joaiten ginen diskoteka ttipi hartara. Eta nola nere kanta horrek fama izan du, azken urtetan (beti zabalik da, jarraitzen du) eta beti azken kanta da goizeko 6retan azken kantu ada beti “Euskal r’n’r’”. Hitz arraroak kontatzen ditut hor, euskara sinplean, ze 16 urte nituen hori kantua konposatu nuelarik 1969an, Parisen. Bigarren bersetean esaten dut:
‘Bal-en urhentzin ene maitea eneki jin zite "au coucou des bois"’
“Bal-en urhentzin”, esan nahi du “berbenatik landa”. Guk berbena esateko erabiltzen dugun hitza da “bal” dantzaldia. Dantzalditik landa joan gitian coucou des boiserat yeah! Woww!
“Euskal rock and roll”
Izan gira gaur Gipuzkuan, Oiartzunen bai, herriaren bihotzian, herriko udaletxearen onduan, oso jende goxoki aitzina, eta nola zer erran, momentu goxua pasatu dugula zuekin, zuen konpainian, errima egiteko, maite zitiet eta xeragi dezagun pandemia hori gainditzen. Lehen bezala ez da izanen, izan behar da lehen baino ederrago. Rock and roooolliiiiinngg! Woooowowowo. Au au ii!! Eskerrik anitz Gotzon, eta Oiartzungo herriari, Iosu eta besteei. Talde polita. Izan hontsa!
Beste bat!!!!!
Azken bat, ados, bai? Lokartzeko kantu bat egin dezagun. Oso inteligentea izan behar da holako kantu bat proposatzeko kontzertuaren bukaeran. Gainera, bata Irene deitzen bada. Irenerik bada hemen? Kasik ematen du Sabiniano izen bat ez? Irene, Garbiñe, Edurne... Bueno, Irenerik ez da, baina berdin da. Gauza sinplea da, enekin kantatuko duzue. Nola gaur euskararen kuota bete dutan, orduan hau kantatuko dizuet ingelesez. Estatu Batuetan metaleroen kontzertuak ere bukatzen dira kantu honekin. Bruce Springsteenekin, bere azken kantua herriak kantatzen du berarekin. Hola ikasiko duzue gaur Oiartzunen, eta Bruce Springsteenen kontzertuetan ere kantatuko duzue berarekin. Errepika oso sinplea da.
“Goodnight Irene” (Leadbelly)
Gabon, Irene! Adio!
KANTU-ZERRENDA:
1-Arranoak bortuetan
2-So bat
3-Rodrigori
4-Musde urrütia
5-Jaun baruak
6-Oihaneko zühainetan
7-Itxaro/Joseba
8-Holtzarte blues
9-Blues dei urdina
10-Eperra
11-Euskal rock and roll
12-Irene
Iruzkinak
Utzi iruzkina: