POTATO, NIKO ETXART. ANJE DUHALDE. OBUS.

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2007-03-16 19:25
2

POTATO. PUNKY REGGAE BANDA.

Badaude zenbait agur, benetan triste jartzen zaituztenak. Eta oraingo hau haietako bat da, Potato Punky Reggae Banda bere agurreko bira egiten ari bait da. Lluís Llachen azken emanaldietaz duela oso gutxi gozatu eta gero, modan jartzen ari dela esan genezake. Zergatik joan behar dute beti onenek? Baina ez nuke irakurlea sentsazio honekin utzi nahi, Aizoaingo Artsaia areto polit hartan ikusi genuena, tristea ezik beste edozer izan bait zen. Ticketa bera Tick Tack Ticketeko iruzurgileei inoiz ikusi diedan politena zen, bandaren marrazki bat, palmerapean (bai, “Euskadi Tropikala!) jotzen eta parrandan. Nortasuna zuen sarrera zen hura. Nortasuna, taldeak erakutsi zuena.

Urteak pasa dira taldea martxan jarri zenetik, baina beraien jarrera, “Zaharrak gara, baina bost axola zaigu”, ezinhobea zen. Beti izan dira bereziak: Inork egiten ez zituen letrak egiten zituzten, eta inork jotzen ez zuen estiloa lantzen zuten. Pako PKO, taldean beti egon den partaide bakarra, rastafari izpiritua daukana, baina oso patateroa, euskal jamaikarra dirudi izpirituz. Baina sorpresarik handiena, Aianai berbera taldera bueltatu dela izan da. Hamaika aldiz aldatu zituen arropak, haien artean “Matutano” zioen niki batekin irten zen. Bere mugimendu zarpailekin irribarrea sortarazten zizun, baina azkenean eskenatokia asko betetzen du. Lehen zatia oso reggae izan zen, kanta instrumental mordo bat “Ardo ona ska”, “Ska 008”, baina bestela reggae asko. Aianairen terrenoa zen hura. Emanaldi erditik aurrera, ska asko sartzen hasi ziren. Pako PKO itzel egon zen momentu horietan, asko disfrutatuz. Ezpainetatik irribarrea ezin kendurik, eta besoak gora eta behera, eskuin ezker mugitzen. Meddley asko jo zituzten, abesti batekin hasiaz, erdian beste batera pasa eta agian oraindik beste batera ere. Beraz, beraien errepertorioko kanta asko entzun ahal izan genituen. Aianai inoiz ikusi ez genuontzat, plazer bat “Miguelín el cashero”, “Babilonia”, “Será si hay-Aguila”, “La clase obrera”, “Ke beban”...historikoak entzutea.

“Johnny Brusko” iritsi zenean, Boriko (duela gutxi hil den taldeko partaide ohia) errespetu osoz gogoratu genuen. Momentu zirraragarriak, baina bestalde gozamena “¿Quién no sabe quién es Johnny Brusco?” behin eta berriz kantatzean. Atzean, banda gazte bezain eraginkorra, bi beteranoak ondo apoiatuz. Pakoren eskutik “Txop-zuei”, “Kiki”, “Jamaica ska” etabar luze bat, “Elástica”, “Sube”, “Plántala” eta klasiko berrietako beste mordo bat. Zer esanik ez taldearen baza handienetako bat publikoarekiko komunikazioa dela. Parrandan eta dantzan zegoen publikoa (sarrerako marrazkian bezala), lehenengo segundutik azkeneraino. Berotasun handia. Aurrekalde guztian jende oso gaztea zegoen. Gauza bat argi geratu zitzaidan: Jendeak ska eta reggae nahi du, eta belaunaldi berriek ere bai.

Gau hartan entzundako beste kanta batzu: “No mezclar”, “Rula”, “Derroche”... Aukera badaukazue, ez ezazue pasatzen utzi, POTATO ikusteko. Nik berriro ikusiko ditut, edukitzen dudan lehen aukeran. Aianai eta Pako PKO, Pako PKO eta Aianai. Ez dakit norekin geratu: Aianairen hiru hankapausoko reggae basikoarekin, hala Pakoren mugimendu lateral eta irribarre bizardunarekin. Potato, talde handia. Euskaldunak harro egon gaitezke halako talde bat eduki izanaz, reggaeren aintzindariak Espainiar Estatu osoan.

NIKO ETXART ETA ANJE DUHALDE

Korrika Donostiatik pasa zen, beste behin ere, eta Donostiako Antzoki Zaharrean iparraldeko klasikoetan klasikoenak izan genituen. Jende gutxi, eta nahiko heldua gerturatu bazen ere, gau txukuna izan zen. Hori bai, akustiko formatoan iragan zen gau osoa. Niko Etxartek Zuberoako kanta zaharrekin eman zion hasiera gauari, a capella kantatuaz “Eperra” emanaldietan bezala. Geroago animatzen joan zen, eta bere rock bandako (Hapa-Hapa taldeko) Pierre Hartmann (Hapa-Hapan bateria jotzen duena)eta Kiki Graciet izan genituen berarekin. Perkusioa eskuan hartutako instrumentu txiki batzuekin izan zen, eta bestalde Kikik harmonika jo zuen, beti bezala. Rock errepertoriotik, “So bat” balada, “Itxaro/Joseba” (John Mayallen bertsioa) entzun ahal izan genituen, besteak beste.

Anje Duhalderen emanaldia zertxobait luzeagoa izan zen. Bere taldeko kitarrista gaztearekin, biek irten ziren, 1843.urteko Antzoki honen eskenatokira. Emanaldia akustikoa izan bazen ere, nahiko indar nabaritu zitzaien, batez ere bien arteko konpenetrazioagatik. Orohar, “Sorminetan” diska berriaren aurkezpen bat izan zen: “Maitasun nortasun”, “Gitarra zahar honekin”, “Beharren beharra”, “Oi kanta berri” eta nola ez “Oh Garbiñe” jada klasikoa bihurtu den kanta kutsakorra. “Etxeko andre”, “Bakezaleak”...ezin falta ziren, eta nola ez, jada berea egin duen George Brassensen “La mauvaise reputation”en bertsio bikaina, berak “Fama Txarra” deitzen diona. Gurutze Iantziren omenezko kanta ere etorri zen, noski.

Espero zen bezala, bi kantariek “Eperra” batean kantatu zuten, 1993an bezala. Urte hartan, Niko Etxartek Anjeren zuzenekoan parte hartu zuen. Eta, zer esango dut ba, euskal musikako binakakorik legendarioenetakoa bihurtu zen.

Larunbata gau polita, beraz, Donostiako alde zaharrean dastatu genuena. Orokorrean hartuta, Niko showmana da, eta Anje Duhalde musikaria. Lehenak dibertsioa eta rock jarrera makarra eskaintzen digun bitartean, bigarrenak seriotasuna eta konstantzia oparitzen digu. Pertsonalki, Altzüruküko zimaluzea, Anje baino dexente forma hobean ikusten dut, baina hau ere edozertarako gai da. Adi, beraz!!

OBUS. SEGUNDOS FUERA.

-“Aita, zer da zalaparta?”

-“Zalaparta rock and rolla da”.

-“Aita, zer da urakana?”

-“Urakana, seme, OBÚS taldea da”.

Horrelaxe azalduko dut momentua iristen denean. Bitartean, Vallekaseko makarra hauetaz behin eta berriz gozatzera dedikatuko naiz. “Zaharrak gara, baina horrek bost axola digu”. Hori gorago azaldu dut. Kasu honetan ondo ulertutako harrokeria gehitu behar zaio, hots, harrokeria jarrera dute, ahal dutelako. Eta guztiaren onena da, sinesgarritasuna daukatela. Fortu abeslaria, inoiz egon den front manik onenetakoa, adinaren ondorioz ahotsa zertxobait urratuta izan arren, toperaino bortxatzen du. Eta niri bost axola gaur egun ez baditu nota altuenak harrapatzen (horretarako beste batzuk badaude, nahiz eta bere karismaren erdia ere ez eduki), eskaintzen didan adrenalina lortzeko parada badaukat. Francisco Laguna kitarristaren begirada bakar bat, milaka solo baino askoz ere fuerteagoa da. Hau ez da publikoari irribarre eginez hasiko, haren onespen eske, baizik publikoa egongo da honen oinetan, onespen eske. Bere posea mantenduko du beste ezer baino lehen. Hamar mila tinbalen atzean, Fernando Sánchez izango dugu atabalak zigortzen, behin eta berriz, bere bibote eta ile zuriak babesturik. Azkenerako, partaide berria utzi dut: Nacho baxujolea. Berria diot, baina jada 3 urte daramatza taldean, elemento honek. Ez nuen uste inoiz Juan Luis Serrano (“El Tío Luis”) ahaztu ahalko nuenik, baina gau hontan (eta aurreko bietan) lortu nuela uste dut. Ez dut pentsatu ere egin nahi zein drogak hartzen dituen, eta nola nahasten dituen, baina Nacho honena ez da, ez, ohikoa. Buruan zapia, eta baxu handi bat eskuetan, perfilezko postura ederra, eta publikoari begirada zuzen bezain zorrotzak. Berotutakoan, kamiseta kendu eta honela jarraituko du gau guztian. Mugimendu ero bezain arraroak eginez, guztiz jota dagoela dirudi. Baina OBUSentzat perfektua da, noski! Begiratzen dion edonori “middle finger”a erakusteko beti prest, tipo honek beste edozein baxujole “Operación Triunfo”koa dela pentsarazteko ahalmena du.

Hitzordua Larratxoko Kultur Etxean zen. “Heavy Jaia” egin zen egun hartan, Obús, Azken Garraisia eta Wildusten aktuazioekin. Pasilo guztiak Heavy taldeen posterrez beteak zeuden, kamisetak salgai, txozna bat eta TVko kamerak, TeleDonostikoak agian. Zozketak, karaoke txapelketa, eta CDak gratis, airean harrapatzeko aukera izan ezkero. Gatozen berriz Madrildarrengana. Ohi bezala, showaren lehen zati osoa “Segundos Fuera” (2003) azken lana aurkezteari eskaini zioten, lan benetan gogorra eta bortitza, non lehen esan bezala, Fortuk ez dituen 80.hamarkadan lortzen zituen agudoak lortzen, baina ahots urratu hortan, topera forzatzen du, emaitza bikainarekin. “Esta ronda la paga Obús”, “Segundos fuera”, “Besa mi culo”, “Más que un Dios”, “Sin dirección”, “Mil ratas”...Oso hasiera gogorra. Ondoren “Desde el fondo del abismo” (2000) diskatik ere jo zituzten batzuk: Ohi bezala, “El crack”, “Cautivos”, “Cualquier noche sale el sol” eta, nola ez, “Que te jodan”. Baina 80etako dinamita askatzen dutenean, waw hori bai jendearen euforia! “Va a estallar el Obús”, “Pesadilla nuclear” bikain bat (gaur egun berriz ere lehen lerroan dagoen gaia), luzatutako “Dame amor” eder bat, publikoarekin kantatuz. “Dinero, dinero”, “Autopista” eta “El que más” trilogia, klasikoetan klasikoak, mundu guztiak ezagutzen ditu eta hori nabaritzen da. “Vamos muy bien” “borrachos como cubas ¿y qué? Aún nos mantenemos en pie y ya no pararemos hasta no poder ver!”. “Te visitará la muerte” baziloia, eta baziloietan handiena: “Yo sólo lo hago en mi moto” mi moto, mi moto, mi moto, mi moto, mi moto... “Complaciente o cruel”, gaueko balada bakarra. Laburtuz, antzekorik ez duen taldea, bere buruan sinesten duena eta, doan lekura doala, % 100a emango duena. Donostian behar handia daukagu horrelako Heavy Metal, eta orokorrean R’n’R kontzertuena. Errepika dadila.

Urko Ansa.

Matut ano

Matut ano 2007-03-16 19:59 #1

Potato aspaldi ez dudala ikusten, baina ziur kriston kontzertuak ematen ari direla. Pako PKO forever! Nork ez daki nor den Johnny Brusko? Nor ez daki nor den Johnny Brusko?

Nolis

Nolis 2014-09-15 15:16 #2

Kaixo

Anje Duhaldek 1993an "Kantuz" abestu zuen zuzenean hortik disko bat eginez:
http://www.amazon.com/gp/search?ie=UTF8&keywords;=Anje+Duhalde%20Kantuz
http://www.goear.com/listen/3e1c036/kantuz-anje-duhalde

Badirudi melodia Poco-ren 1975ko "Makin’ Love" abestiatik hartu zuela:
http://www.allmusic.com/album/head-over-heels-mw0000196566
http://www.youtube.com/watch?v=_yQtDuHJ3LE&feature;=youtu.be&t;=25m39s

Gero arte

Utzi iruzkina: