Anje Duhalde. Kantagiltza zikloa, Oiartzun 2023-5-13

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2023-10-09 20:40

pyromanya@hotmail.com 1696878862274

Kantagiltza solasaldi musikatuen egitasmoa laugarren ziklora iritsi da jada, eta aurtengoaren inaugurazioa Anje Duhalde gonbidatuaren eskutik etorri da maiartzaren 13an. Ekainaren 4ean Imanol Ubedaren txanda izan zen, eta Maite Larburu eta Olaia Inziarteren bisitak irailean eta urrian izango dira, hurrenez hurren. Elkarrizketa musikatu hauek Gotzon Barandiaranek egin ohi dituen arren, oraingo honetan eta bigarrenez Ekain Perez Oiartzuarrak hartu zuen erantzunkizun hori. Ekain Perez (1987), EITBko “Lore Hostoak” podcasta zuzentzeaz gain, EITB musika eta EITB klasikoak programetako aurkezle eta esataria ere bada. Gainera, John Berkhout taldeko gitarra jole eta abeslaria ere izan zen.

Ekitaldi hauek Arizmendieneko lorategian egiten diren arren, eguraldi txarragatik Udaletxeko pleno aretoan egin zen oraingoan. Kantagiltza zikloak erabiltzen duen formulak elkarrizketa eta kantuak tartekatzen ditu: elkarrizketa minutu batzuen ondotik kantua dator, gero berriz elkarrizketa eta horrela amaierara arte. Kantu bakoitza zein momentutan etorri zen ere puntualki azaldua izanen zaizue. Tratatzen diren gaien sakontasuna aipagarria den arren, umorerako tartea ez da inoiz falta izaten. Horregatik, momentu informal horiek ahal den neurrian bere horretan mantentzen saiatu gara. Dena den, ez dugu publikoa barrez hasi zen momentu bakoitza azpimarratuko, ez errepikatzearren. Hala ere, elkarrizketa irakurrita laster konturatuko zarete momentu horiek zeintzuk diren. Saioaren erditik aurrera, eta batez ere bukaerako parte luzean bereziki dibertigarria izan zen elkarrizketa, eta Anjek ohituta gauzkan ironia eta malizia puntuak bere oinetan jarri zuen ikuslegoa.

Ekain: Arratsaldeon guztioi. Eskerrik asko kantagiltzaren ekitaldi honetara etortzeagatik. Plazer bat gurekin gaurkoan hemen Anje Duhalde edukitzea, musikari eta solaskide moduan. Anje, ongi etorri Oiartzunera.

Anje: Milesker, bai.

Ekain: Zer etortzen zaizu burura Oiartzun esanda? Kontzerturen bat edo...

Anje: Oihartzun hitza, hitzari buruz ari naiz, normalean oihartzuna dagoen tokian ez dakit gauzak oso ondo uztartzen edo ezkontzen diren musikarekin. Oiartzunen uste dut Errobirekin kantatu izan dugula, ondoren Akelarrerekin ere bai; bakarlari bezala, uste dut Madalensoro pilotalekuan ETBrentzat programa bat grabatu genuela. Oiartzun, noski, euskaldun herri bat da eta agian euskaldun izaten jarraituko duena.

Ekain: Ezin liteke Oiartzun euskararik gabe ulertu, noski, eta zure ibilbideak ere ez luke zentzurik izango euskararik gabe.

Anje: Ez, egia esan nire borrokarik sakonena euskararen defentsa edo euskararen alde eragitea izan da betidanik; eta horrela jarraitzen dut, uste baitut lan hori oraindik ez dela bukatu eta ez dela bukatuko ere, ikusita euskara ze egoeratan dagoen, batez ere hiri handietan. Iparraldean gauza beretsua gertatzen ari da. Iruditzen zait euskara oraindik ez dela gizarte hizkuntza bat: sekula baino gehiago ikasten den arren inoiz baino gutiago hitz egiten baita. Eta hori ez dut nik esaten, errealitatea hor dago. Oraindik asko egiteko dago. Maleruski diot.

Ekain: Hain zuzen, orain eskainiko duzun kantuaren izena “Euskara” da. Oxobiren hitzetan oinarritu zinen kantu hau egiteko eta musikalki Errobi taldearekin egindako rock esperimental edo progresiboetan ere mugitzen zara, nahiz eta oinarri guztiz folklorikoa duen. Akustikoan beste kolore bat hartuko du, ez?

Anje: Kantu hau Errobi hasi aurretik egin nuen, uste dut. Zortziko tradizional bat da, aldaketa batekin. Hemen mezua da inportanteena. Euskara aipatzen da hitz metaforiko batzuekin. Onena kantatzea izango da. Hitz egilea Oxobi idazlea da, garrantzitsua Euskal Herri osoarentzat. Kasualitatea berak bataiatu ninduela, alperrik baina.

Ekain: Entzun dezagun 1980ko “Errobiaren hegitik” diskoan argitaratutako “Euskara”.

                                                       ---

Ekain: “Euskarak ez du galduko mihia” esaldiarekin amaitzen da. Disko beretik “Hemengo ta denetako” kantua ere joko duzu. Zergatik?

Anje: Pixka bat definitzeko nondik natorren. Sorlekua ez dudalarik aukeratu... askotan garai batean entzuten zen: “ni ez naiz euskalduna, ez naiz frantsesa. Ni internazionala naiz”. Horrelako teoriak entzuten ziren eta pixka bat horri erantzuteko kantu hau idatzi nuen 70.hamarkadaren bukaeran. Non sortu nintzen eta zer diren nire ohiturak. Jackson Brownen melodia batetik inspiratua (oharra: “The Load-out” kanta da, 1977an “Running of empty” diskoan atera zena). Iruditzen zait beste batzuek euren jatorriekin egiten dutela eta zergatik ez dugu ba guk aprobetxatuko, baliatuko edo gure egingo? Musikak ez du mugarik, ezta herririk ere. Musika denona da.

Ekain: “Batzuek diote inongoak direla. Han izan edo hemen, berdin zaiela. Nik ere zein nahi nukeen inongo banintza, lasai ditazke nere buru eta bizitza”. Pertenentzi sentsazio horrek badu bere alderdi ederra, baina berekin darama noski horren konpromezuak sortutako buruhauste eta min guztia.

Anje: Bai, hori da. Horrek dakartzan gauza on eta txar guztiak.

Ekain: Zein musikari izan ziren zuretzat musika egiteko harra piztuarazi zizutenak. Bada baten bat beste batzuen gainetik?

Anje: Gogoratzen dut 13-14 urterekin (...) Telebistarik ez zegoen, noski, eta gure etxeetan sartzen ziren lehen rock and roll kantuak: Beatles, Rolling Stones eta besteak. Tartean sartu zen zerebro bat gitarra akustikoarekin aritzen zena: Bob Dylan. Folka eta protesta nire sehaskako janariak izan dira, nire elikagaiak. Bestalde, orduan hasten ziren Mixel Labeguerie ere. Etxean kantu tradizionalak beti entzun izan ditut, baita kantatu ere. Familian kantatzen nuen baina ez nintzen onenetarikoa, etxean diot. Aitak esaten zuen: “bi seme dizkiat. Batek zilarrezko ahotsa dik eta bestea kantari ona duk”.

             “Hemengo ta denetako”.

Ekain: Aipatu du Anjek musikariekin inguratuta egon ohi dela. Ba begira, ederki moldatzen da bera bakarrik ere harmonika eta bere tramankuluekin. Hemen gure Bob Dylan.

Anje: Bai. Nahiko nuke, batez ere, bere bankuko kontua eduki. Estimatzen da hala ere.

Ekain: 70eko hamarkadan hasi zen zure ibilbide musikala, baina bakarlari gisa aritzeaz gain, Mixel Ducaurekin batera sortu zenuen Errobi taldea. Oker ez banago lehen grabaketa 1975ean egin zenuten Jean Phocas (baxua, teknikaria) eta Robert Suhas-ekin (teklatuak) batera. Zer izan zen lehenego, Errobi edo Anje Duhalde?

Lehenengo single bat grabatu nuen bakarka 1975ean, bi kantuko disko txiki bat. Agian ezagutuko dituzue: “Beste batekilan” eta “Goizero”. Ez dakit aurkitzen ahalko duzuen disko hori.

Nola sortu zen taldea? Nola ezagutu zenuten elkar Mixel Ducauk eta zuk?

Nik Mixel Baionako Lizeotik ezagutzen nuen, nahiz eta ez ginen klase berean. Bazuten Mixelek eta bere lagun batzuek talde instrumental bat garai hartan. Hemen prehistoriaz ari naiz hitz egiten. Ostegunero jotzen zuten holako toki xelebre batean Baionan. Hor ezagutu nuen Mixel gitarra jole modura, eta ordurako ja oso oso gitarra jole ona zen. Eta gero behin Baionan elkartu ginen, nik soldaduzka bukatua nuela, diskoak saltzen ziren denda batean. Garai hartan El Fuego plaza taldean nenbilen aspalditik jada; hitz egin genuen eta esan nion: “ni hasi naiz pixka bat jada gauza batzuk nere kaxa egiten. Doinu batzuk dauzkat eta hitz batzuk musikatzen hasia naiz”. Eta horren harira partekatu genituen gauza batzuk. Nik eman nizkion etxean egin nituen grabazio batzuk, eta hor hasi zen azken finean gure kolaborazioa. Lehen aipatu dutan single txiki hortan ere parte hartu zuen berak musikari bezala. Hortik berriro hariari tira, tira eta tira, Daniel Landart, iparraldeko antzerki egile eta antzerki taula zuzendari handiak egindako hainbat poesia (batzuk nik eskatuta egindako hitzak) musikatzen hasi ginen eta dozena bat kantu atera genituen. Hor sortu zen Errobiren diskoa.

1977an kaleratu zenuten “Gure lekukotasuna” LPa, eta lanari izena ematen dion kantua ekarri nahi izan duzu, hain zuzen, beste behin aipatu duzun Daniel Landarten hitzekin. Hemen ere nonbaitekoa izan eta hori defendatzeko konpromezua hartzearen inguru abesten duzu.

Garai hartan, 77an, militantzia oso begi onez ikusia zen. Esan nahi dut militantzia zela Euskal Herrian gauzarik... politikoki garrantzitsuena, eta artea eta bere inguruko gauza guztiak, ez nuke esango bigarren mailan zeudenik, baina beharbada ez zuten lehentasunik. Kantu honetan aipatzen dena hori da, guk ere pixka bat eta gure sailean militantzia berezi bat ekartzen dugula. Hori da kantuaren trama guztia. Baina orokorrean lana berdina dela esan nahi dut. Izan kantatuz, edo manifestatuz edo beste hainbat ekintza eginez, denok militantzian geundela.

Bai, ze “herriari eskaintzeko gauza handirik” ez duzuela esaten duzu abestian, bakarrik olerki batzuk abesten dituzuela; baina, hasiera batean gutxi dirudien arren, argi dago herri baten identitatea kantu edo olerkirik gabe ezin daitekeela eraiki. Jon Maiak dioen bezala: “Kantu bat gara”.

Bai, dudarik gabe. Baina hori gero onartuagoa izan da. Garai hartan ez zen...

Bidea egiteko zegoen.

Musikari, artista edo idazle izatea ez zen lehentasuna. Eta hori argi gelditu da 1975tik 1978ra arteko epe horretan. Hainbat eta hainbat kantaldi-mitin egin izan ditugu, hemen hegoaldean gehienbat. Helburua zen jendea biltzea eta azken finean herriaren gora beherak aipatzea nahiz eta debekatuak izan. Orduan, beti politika zen lehentasuna eta hori hornitzeko kantariak geunden, inplikatuak izan arren noski.

Eman diezaiogun merezi duen garrantzia 1977an Errobirekin aurkeztutako “Gure lekukotasuna” kantari. Goza dezagun beste behin.

                                    “Gure lekukotasuna”

Norbaitek oroitzen du Errobiren kontzerturen bat? Nostalgia puntu bat piztuko zion bati baino gehiagori ez? Baduzute zerbait komentatzeko?

Tira, ez dakit, baten bat egongo den, 50 urte pasa dia eh! Mende erdi, esaten den bezela.

Errobi aipatu dugu, baita 70.eko hamarkada ere. Konziente zineten momentu hartan zer sortzen ari zineten? Zer-nolako iraultza musikal, estilistiko, baina aldi berean herri honi emango zion rock ibilbidearen lehenengo hazia ereiten ari zinetela?

Ez, batere. Guk gure gustuko zen musika egiten genuen, naturalki zetozen melodiak edo armoniak egiten genituen, eta nik uste hasieratik baitezpadakoa zela bateria bat, baxu bat eta gitarra elektriko bat izatea taldean. Hori gauzatu zen gehiago 78tik at, non talde bezala osatu baikinen. Taldearen buru Mixel eta ni izan gira beti bainan hor ja gehitu genituen bateria jole bat, baxu jole bat, eta beste neurri bat hartu genuen, batez ere zuzenekoetan. Gu ez ginen konziente ze aldaketa ekartzen genuen, naturalki egiten genuelako. Aldiz, publikoaren harrera ikusterakoan, hor bazegoen holako txispa bat.

Pixkanaka ohartzen joan zineten, beraz.

Bai, ikusten zen. Hemen, azken finean, holako talde askorik ez zegoen, eta zirenak ere izkutuan edo ez dakit nun zeuden. Ni batetaz gogoratzen naiz, Koska deitzen zen talde bat. Elgoibarkoak ziren. Horiekin kontzertu batzuk eman izan ditugu, eta askoz gehiagorik ez. Eta gero, 79-80tik gora, hor hasi zen izugarrizko aldaketa. Ez bakarrik musikan, baizik eta sozialki ere ikaragarrizko urratsa eman zen. Eta denak aldatu ziren azken finean. Ya punkaren edo musika erradikalaren hasiera ere sumatzen zen 83-84-85 urte horietan. Gogoratzen dut beti ni Akelarrerekin nengoela Iruñean izan genuen ekitaldi bat, Anaitasunan, eta gure aurretik nik ezagutzen nuen talde bat zegoen (hori izango zen 82an edo 83an), Hertzainak deitzen zena. Kontzertu guztia entzun nuen harrituta: ostia! Hau zer da? Hor bai, beste urrats bat zegoen. Guk gurea eman genuen baina hor ya beste bat zegoen.

Olatu berria.

Bai, guztiz, dena apurtzen zuena. Eta gero Gariren portaera eta hori guztia. Gogoratzen dut afaltzeko orduan Akelarreko beste musikariek ziotena: “Joo, hau ze kaka musika da hau? Ez dituk afinatuak ere...”. Eta nik esan nien: “Txo, lasai egon. Hau duk bihar herriak nahiko duen musika”. Uste dut asmatu nuela. Besteek, aluzinatzen, erantzuten zidaten: “nola esaten ahal duk hori?”. Ba bai. Eta egia zen. Hor ikusten zen uholde bat zetorrela.

Herriarekiko konpromezuari buruz mintzatu gara, eta konpromezua nekez zor daiteke maitasunik gabe. Mundua mugitzen duen indar nagusia dela esan ohi da, eta abestiak egiteko garaian ere inspirazio iturri indartsuena.

Bai, kantu hontan diot: “dena kantatu dut, amodioa ere barne”, zeren maitasuna gauza oso zabala da. Aldiz, amodioaz ari bagara badakigu zertaz ari garen. Uste dut nire kantu guztiak maitasunez eginak direla. Ez denak amodioz, baina maitasunez bai, seguru. Eta gero tarteka egin izan ditut metaforaz hornitutako gauza batzuk, baina horrek ez dira nire ustez garrantzitsuenak nire ibilbidean. Eta kantu honen xedea edo mezua azken finean da mugaren, nere betiko mugaren, asunto hori. Iparra eta hegoa. Zenbat aldiz ez dut entzun nik. “Zer moduz Frantzia aldean edo nola zoazte Frantziatik?”. Xalbadorrek behin bertso oso on bat bota zuen, askotan erabili izan dutana irudi honen azaltzeko. Gai jartzaile batek Mattin eta Xalbadorri eman zioten: “Agurraren ordua etorri zaigu, ze ya berandu da eta hauek Frantzia aldera joan behar dira”. Eta Xalbadorrek bertsoan... ez dut bertsoa kantatuko eh!

Mikel Urdangarinek bota zigun bertsoa, zu ere anima zaitez.

Bai, baina ez naiz gogoratzen zein bertso ziren, bakarrik esan zuela: “Frantziara ez da inor joango, handik ez baita inor etorri”. Gauzak esatea oso inportantea da batzuetan, eta kantu honen mezua hori da: “Ez naiz hemengo, ez naiz hango...” betiko. Eta maitasuna bai, maitasuna diot hegoari, maitasuna diot iparrari, bainan azken finean nire maitasunik handiena da Euskal Herriarekiko maitasuna da. Ni Euskal Herritarra sentitzen naiz, ez iparraldekoa ez hegoaldekoa. Puntu. (hemen txalo zaparrada handia jaso zuen Anjek).

Esandako hori musikaren magiaz jantziko dugu. “Sorminetan”, 2006ko diskotik ekarri nahi izan duzu. “Maitasun, nortasun”. Xabier Amurizaren hitzak Anje Duhalderen ahotsean.

                        “Maitasun Nortasun”

Ze ederra Anje! Abestera animatu zarete gainera. Taldekiderik ez baina ahots pila bat izan dugu. “Sorminetan” 2006ko diskotik entzun dugu “Maitasun, nortasun” abestia, eta orain 80eko hamarkadan jarriko dugu gure begirada. 87an aurkeztu zenuen “Erroz ta oroz” Eta bertan, Xalbadorren hitzetan oinarrituriko abestia: “Ama Euskal Herria”.

Xalbador, nola ez. Bob Dylan aipatu dugu lehen. Beste kantari bat, kantu egile, poeta handi bat ere oso gustuko izan dut beti: George Brassens. Xalbador ere hor dago, jende horien pareko pertsonaia da: olerkari, poeta, bertsolaria eta igarlea ere bazen, ze gauzak ikusten zituen besteok oraindik ohartu gabe ere. Bertsolari handienetariko bat zen eta zinezko poeta hunkigarria.

Duela gutxi izan da amaren eguna, eta hemen bere haurrek hildako ama irudikatzen du Xalbadorrek, EH amatzat ezarrita, analogia bortitz hori erabiliz. 87tik hona ze eboluzio nabaritu duzu edo nola ikusten duzu gaur egungo Euskal Herria? Onerako, txarrerako...

Bi hitzez esateko, oso zaila. Lehen aipatu dut, EHrik ez da izango euskararik ez badago; hori hasteko. Eta hari hortatik tiraka, kezkagarria da gertatzen ari dena. Ez dakit entzun duzuen, inkesta bat atera dute azken egun hauetan zeinetan esaten den independentziaren aldeko jendea %30a dela. Eta iparraldean, nola ez, gutxiago. Nik uste kezkagarria dela. Zertarako hainbeste lan, hainbeste oinaze, hainbeste hildako, preso... emaitza hortara heltzeko? Zer pentsa ematen du... Dena den, nik uste jendeak kontzientzia gehiago duela EH zer den eta zer ez den aztertzen badugu. Baina... herria osatzeko, herria egiteko orduan... nik nere kezkak dauzkat. Batez ere euskararekiko.

Gustu handiz entzungo dugu , 1987an aurkezturiko abestia.

               “Ama Euskal Herria”

Euskal Herrian bakean bizi nahi dugu, baina askotan hor dago kontraesana: bakea nahi, baina gerra proposatzen edo inposatzen dizunaren aurrean ze jokabide izan? Bakea gerraren antagonista bada ere, zoritxarrez askotan utopia dirudi bata bestea gabe lortzea eta askotan bakearen prezioa izan ohi da gerra edo borroka.

Bai, tristea da baina hori da. Ikusten da: bakea nahi baduzu gerra egin behar duzu. Hori da askoren ahotan entzuten dena eta horrek suposatzen du lehen aipatu dudan sufrimendu eta oinaze guztia. Kantu hau Xabier Amurizarekin egin nuen. Garai baten, 90.hamarkada inguru horretan baziren batetik hainbat manifestazio ETAren aldekoak eta bestetik bakearen aldekoak. Ez dakit gogoratzen dituzuen Gesto Por La Paz, lazo urdinak eta horrelakoak. Eta Xabierri proposatu nion: horri zeozer erantzun behar diogu, giro hau nolabait salatu behar dugu. Beti bakea, bakea, bakea... esaten dutenak eta azken finean sua olioztatzen dutenak, haiek dira lanjeros edo arriskutsuenak. Bakezale handi horiei eskainitako kantu bat da eta ondorioak izan zituen niretzat. 93an Mallabian kontzertu batean izan nintzen. Bizkaiako Aldundiak antolatzen zuen herriz herriko kanpaina kultural baten barruan kokatzen zen eta antolatzaileak Gesto Por La Paz-ekoak ziren. Ba, begira nondik, kantu hori gustatu zitzaien! Metafora, lehen aipatzen nuen, oso inportantea da. Kasualitatea da justu bezperan uste dut Gurutze Iantzi hil zela, hil zutela, komisaldegi batean, eta nik aipamen bat egin nuen kontzertuan; andere bat hurbildu zitzaidan lazo urdinarekin, eta “ezin dut, eskuak hartuak ditut” erantzun nion. Gitarrarekin nengoen, eta hortik abiatu zen nere aurkako dekretu xelebrearen historia, nun debekatzen gintuzten herriz herri egitura horretan kantatzera. Zentsura zuzena nahi baduzue. Hara, azpimarratzeko bakarrik, urte hartan sekula ez nuen hainbeste kantaldi egin Bizkaian hori baino lehen.

Hara! Batak bestea ekarri zuen. Bakearen jabe denek egin nahi dute... Hor zigilu bat jarri nahi zizuten nolabait kokatzeko...

Ez dakit, edo hitzetaz ez ziren ongi jabetu (barreak)...

Dena den aipatu dugu bakea, gerra... borrokatzeko arma ederra da musika.

Bai, dudarik gabe. Beharbada armarik zuzenena ere bai.

Ezkutuan egiten du lana, ez?

Artea orokorrean esan nezake, bai idazten dena, antzezten dena, grafikoa, eskulturak, pinturak... orokorrean artea da gerraren antitesi bat edo medikuek esaten duten bezala, antibiotiko bat nolazpait. Nere ustez hori oso garrantzitsua da.

Hori noski boteretsuek badakite, eta hortik etorri zen zentsura. Zerrenda bat aurkeztu behar zenuten, zein kantu joko zenuten zioena.

Bai, Frankoren garaian bai. Ez dizuet kontatzen ze kantu mota ematen genituen.

Gero ez zuten askorik ulertuko zer esaten ari zineten.

Badago txiste moduko bat, Lazkao Txiki eta Lazkao aita zaharra bazihoazen Baztan aldera bertso saio batera. Guardia Zibilek geldiarazi zituzten eta: -“¿A dónde váis?” galdetu zieten. -“Gu? kantatzera”. -“Eta ze kantatuko duzue?” -”Oraindik ez dakigu”. “Joder, vaya cantautores de mierda” . Gogoki uniformeak inkultura ere darama.

1992ko Anjeren diskoari izena ematen zion abestia entzungo dugu jarraian, “Bakezaleak”. Beste behin Xabier Amurizaren hitzak musikatuz.

                   “Bakezaleak”

Xabier Amuriza aipatu dugu behin baino gehiagotan. Pertsona garrantzitsua izan da zure ibilbidean.

Bai, lehen Daniel Landart aipatu dut bainan Xabierrek ere toki handia dauka nire ibilbidean, oraindik ere bai, aipatu behar dut ze bestela moskeatuko da ez badut esaten. Bai, Xabier izugarrizko artista handia da, ez bertsolaria bakarrik. Idazlea, musikaria ere eta lehen igarlea dela aipatu dut, Xabier iragarle handienetariko bat baita. Hainbatentzat egin ditu testuak eta denak ere oso ezagunak edo behintzat serioak dira; Xabierrek egiten duen lan guztia oso neurtua da, oso metodikoa: izugarrizko langilea da. Elkar asko ezagutzen dugu. Berak oso ondo ezagutzen nau, nire alde on eta txar guztiekin. Berarekin izan nuen lehen esperientzia bere bertso idatziak musikatu genituenean izan zen. Berak bazeuzkan ja kantu musikatu batzuk, eta beste batzuk nik egin nituen. Disko bat atera genuen 1990ean, eta hor holako lotura berezi bat sortu zen gure artean, geroztik eten ez dena eta agian jarraituko duena.

Asko dira bere hitzekin egin dituzun abestiak. Nola osatzen duzu edo zein da Anje Duhalderen kantu bat sortzeko prozesu naturala? Hau da: zer dator lehenengo, hitzak ala melodia?

Ez dut metodo berezirik. Nik, hitzak hartzerakoan, normalean melodiatik hasten naiz, baina Xabierrekin ez da baitezpadakoa. Batzuetan gaia ematen diot edo melodia bidaltzen diot eta horren gainean berak sortzen ditu hitzak, baina ez dago metodo zehatz berezirik.

Aldatuz zoaz.

Datorren bezala, hori da.

97ko “Azkarate” diskotik dakarkiguzu hurrengo proposamena: “Ezin islidu”. Honek ere Amurizaren hitzak dauzka. Nola sortu zen kantu hau eta zer kontatzen diguzu bertan?

Kantu hau oso metaforikoa da. Jendeak pentsatzen du amodiozko kantu bat dela bainan ez. Nik Xabierri melodia hau proposatu nionean, esan nion nahiko nukeela inspirazio ezari buruz zerbait egin bazineza. “Bueno, zer edo zer pentsatuko diat” esan zidan eta testu hau bidali zidan. Ni txundituta gelditu nintzen: kantua entzun eta amodiozko kantu bat dirudi.

Beste irakurketa bat dago atzean, ezta?

Guztiz.

Askotan gertatzen da: agian sortzaileak ideia bat du buruan, baina gero interpretazioarako bide asko daude eta norberak egiten du bere bidea.

Bai, eta gero hitzen lioari lotzen bazira, pertsona batek esango du “koño, gaia hau duk” eta beste batek “ez, hau duk”. Aukera hori uztea oso polita da, niri asko gustatzen zait, ze jendea despistatzen duzu. Beraz, orain badakizue “Ezin isildu” ez dela amodiozko kanta bat eta esaten dutalarik “inor ez mintzearren isilduko banintz” ez nabil pertsona konkretu bati edo batzueri hitz egiten, baizik eta nire buruari eta nere ezinari kantuz ari naiz; ezintasunari.

Askotan isilik egotea hobe dela esan ohi da, baina esan beharrekoak ezin gorde barruan. Aurrera beraz Anje, entzun dezagun “Ezin isildu”.

                                “Ezin isildu”

Kantu batzuk badira besteen gainetik kokatzen direnak, jendearen oniritziari begiratuta behinik behin. Eta horietako bat da jarraian hartuko duguna; horrela iruditzen zait niri. Hau ere “Bakezaleak”, 1992ko diskoan aurkeztua: “Gogoaren baitan”. Ze oroitzapen ekartzen dizkizu abesti honek, edo horrenbeste denbora eta gero zer da zuretzako abesti hau?

Doinua ez da nirea, John Hiatt-ena da. Egun batean doinu horretaz maitemindu nintzen, doinu oso ona delako. Eta esan nuen “koño, zeozer egin behar dut horrekin”. Eta letra ez nuen batere ulertzen, baina berdin dio. Erabili ahal nuen edozein gai eta hau tokatu zen. Uste dut kantua ezagutzen dutenek pixka bat nondik norako bidea duen badakitela. Bakarrik nahiko nukeena esan da ez dela autobiografikoa. Eta hola balitz ere ze ostia inporta zaizue? Ez dago besterik. Hor ez da metafora ezta ostiarik.

Argi geratu da. Dena den, autobiografikoa izan gabe ere, “geroztik hor nabil arantzetan dantzan, ezinezko amets sortzaile” diozu bertan, eta esaldi horrek ezin hobeto definitzen du zure ibilbidea. Ezinezko zirudien ametsa lortu baituzu nolabait, euskaraz rocka egitea, besteak beste.

Bai, baina ez naiz nitaz mintzo kantu horretan.

Euskal rockaren aitatzat zauzkate askok...

Tira, agian aitonatzat ere...

Aita, aitona... hartu nahi duzun bezala. Pisutsua da domina hori gainean eramatea? Edo nola daramazu?

Ez dakit, niretzat ez dira gauza oso garrantzitsuak horiek. Hori da jendearen artean erabiltzen den hitz egiteko forma bat. Niri ez zait asko inporta. Benito Lertxundik duela 36 urte kantu bat atera zuen (“Formak”): “eskaparate batean sartu nahi naute eta ez dakit oraindik salgai izango naizen”. Beraz ni ere pixka bat hortan nago, denbora aurrera doan bitartean nahi dutena esan bezate: aitona, aita edo nahi duzuen guztia. Niri berdin zait, ez zait batere ardura egia esan. Ez dit horrek lorik kentzen.

Denbora aurrera doa eta musikak badu denboraren makina gisa gure oroitzapenetan atzera eramateko gaitsaun hori, eta 1992raino doa berriz gure gogoa, hurrengo abestia entzuteko.

                              “Gogoaren baitan”

Emozioz gainezka bukatu dugu abestia hau denok. Atzera begira, iragana berreskuratu dugu zure arrakastak errepasatuz, baina oraindik asko duzu emateko eta horretan zabiltza...

Ehh.... (barreak). Asko, asko, asko...

Ez, ala? Oraindik hoberena emateko zaude.

Eh... bai, hola ikusi dezaket, bai.

Hori esaten dut ze abesti berri batekin zatoz eta hemen aurkeztuko diguzu: “Muga bat beti hor”. Zer dio?

Muga aipatzen du baina ez da muga zuek uste duzuena, muga fisikoa. Hor ere metafora asko dago.

Interpretazio hori egin daiteke.

Hori da. Nik zalantzan uzten dut, libre. Nire ibilbideari ematen diodan begirada bat da: atzera, gibelera, begirada bat non konturatzen naizen jarraitzeko gogoa daukadan arren, gorputzak askotan ez duela segitzen, bere mugak dituela eta azken finean muga horiek, nahiz eta gogotsu izan, nonbait hor direla eta horiekin ere egin behar dela nahi eta nahi ez. Xabier Amurizak oso ondo borobildu du kantu hau, trama eman nion eta oso ondo borobildu du. Maltzurkeria batzuk badira berari esan, ze nik musika egin dut bakarrik. Baina jakin ezazue ez dela muga fisikoa aipu hemen, baizik eta...

Norberaren mugak.

Zuek esaten duzuen bezala euskara garbi garbian: “Habilidad libre”.

Dena den, mugak argi eta garbi existitzen dira; baina zure burua irudikatzen duzu musikarik egin gabe?

Ez. momentuz ez. Zer egingo nuke ba? (txaloak)

Ba horrelaxe ikusi nahi zaitugu luzaroan: gitarrarekin, harmonikarekin eta mikro aurrean zure ahotsa lau haizetara helduaraziz.

                “Muga bat beti hor”

Bueno, “Muga bat hor” baina muga guztiak gaindituz jo duzu kantua, eta hori gertatzen da kantu berriekin, oraindik bidea egiteko asko geratzen zaiola. Gaurko KantaGiltzaren amaierara iristear gaude, baina bukatzeko beste abesti bat eskatuko dizugu noski. Gero besteren bat egongo den edo ez publikoaren esku utziko dugu. “Maita nazazu gutxigo, goza nazazu gehiago” oihukatzen duzu bertan.

Ez da autobiografikoa. Eskuararekin hasi gira, eta euskararekin bukatuko dugu. Hemen aipagai dena hizkuntza da: euskara. Eta beste gisa batera esanda hauxe litaike: “Aipa, aipa nazazu gutiago eta mintza, mintza nazazu gehiago”.

Jarraitu denbora luzez zure eztarri eta gitarrei hauspoa ematen. Eskerrik asko Kantagiltzaren zati izategatik, eskerrak, antolatzaile guztiei.

Milesker zuei etortzearren, eta gehienbat gelditzearren.

                            “Etxeko andre”

Nik uste badela kantu bat denok entzun nahi dugula, ez dut gehiago esango.

Publikoak “Eperra” eskatu du. Anje: Alperra esan du? (barreak) Hau xiberotar kantu bat da eh, kontuan izan dezazuela.

                                   “Eperra”

Kantuak sortutako euforia horretan murgilduta, eta hau amaitzean, ikusle batzuek “Amnistiaren dema” jotzea eskatu diote Anjeri.

Anje: “Hainbeste, hainbat eta hainbat urte hau kantatzen eta oraindik hor gaude”

                          “Amnistiaren dema”

Txalo zartaden oihartzunean eta ikuslegoa zutik zela esan genion agur Anjeri. Kantagiltzaren laugarren zikloa hasia zen, beraz. Laster izango gaituzue kronika gehiagorekin bueltan.


Utzi iruzkina: