NIKO ETXART BONBERENEA (TOLOSA) ROCK EUSKADIN 2006ko martxoaren 24an (I)
2003ko Herri Urratsen Niko Etxartek emandako kontzertuak guztiz inpresionatuta utzi ninduen. Hortxe zegoen, bere terrenoan, iparraldean, giroa guztiz hankaz gora jartzeko eta gu guztioi gozrazteko. Jendetza izugarria bildu zen Gazte mordoa, bere abestiak ondo baino hobeto ezagutzen zituztenak, baita bere betiko jarraitzaile beteranoenak ere. Aurrealdean zegoen nahaspilan, gainera, ia gehienak gazte gazteak ziren. Rock erakustaldi aparta eskeini ziguten oholtza gainetik, halako egun baterako espektakulu perfektua emanez. Aktuazio honen ondoren Nikoren disko zaharrak berriz ere griñaz entzuten hasi nintzen: “Nahasteka”, “Has Dantzan”, “Tumatxa”…
Eta hara non, orain, 3 urte beranduago, areto txiki batean bere magiaz gozatzeko parada eskaintzen digun. Tolosako Bonberenean (inguruotako Gaztetxerik onena zentzu guztietan, Andoaingoarekin batera) ikusitako hainbat aktuazio bikainetatik onenetakoa izan zen hau. Herri Urratsen audientzia handiak maisuki maneiatzen ikusi ondoren, kontaktu gehiagoko lekuan, sonidoaz hobeto gozatzeko mementua zen. Dudarik ez nuen aunitz ederra izango zela, baina ikusitakoak guztiz gainditu zuen espero nuena ere. Rock banda itzela bizkarrean. Hapa-Hapa benetako banda dugu, rock musika zinez sentitzen duena. Taulagainean gozatuz eta instrumentuak maisuki menperatuz eskenatokia betetzen duena.
Dominic Earl, Baionan bizi den ingelesa, kitarrista itzela da; bere soloekin biziki gozatu nuen. Bi soka ere hautsi zituen. Teknika paregabekoa, konposatzen ederki moldatzen da eta asko parte hartu du arlo honetan ere. Kiki Graciet harmonika jolea; Mick Jaggeren bikoitza itxura aldetik, ezpain handi eta guzti; estilo handikoa. Panderoa berriz, Roger Daltrey balitz bezala maneiatzen du. Eskenatokia animatzen du eta eroso ikusten dut lan horretan. Didier Etxeberria alsaziarra, kitarrapala (baxua); bigarren plano batean baina bere lana ondo beteaz. Eta bateria! Pierre Hartmann; hori da erritmoa, mutilak! Gozatu egiten du atabalak zigortuz, beti irribartsu. Instrumentu jotzaile bikaina. “Lizün zikin”-en, esaterako, bere platoen jokua guztiz gozagarria da. Baita bere soloan erakutsi zuen teknika zapaltzailea ere. Galantak eman zizkion. Ez dut pentsatu ere egin nahi “Gizon gazteak ezkontzeko” abestia jo izan balute, nolako sonidoa izango luketen tinbalek.
Eta Nikori buruz zer esan? Bera dugu abian den euskal rockero beteranoenetakoa, naturaltasun osoz British Blues, Rock’n’roll eta euskal tradizioa uztartzen dituena. Ikusleekin komunikazioa lortzen maisua. Beti umoretsu, istorio kontalari eta rockzale paregabea. Gaur rock aktuazio zapaltzaile bat eman, eta handik 6 egunetara Xiberuako kantu zaharrak interpretatzen ikus daitekeena. Edota pastoral bat konposatzeko gai dena. Bere porroa edo petakarekin (zer egongo ote da barruan?), zima zuri luzeak eta nola ez, txaleko gorria!
“Baga biga klik!” jotzen hasi zirenean itzela izan zen. Koma heavy taldeak egin zuen bertsioa ona zen, baina kanta hau bere sortzailearen eskutik entzutea, areto txiki batean gaitera, pribilegio hutsa da. “Bigi biga baga biga higa laga boga sega!!”. SEGI! “Minuette” diska berriko kantak, zuzenean ikaragarri egokiak dira, oso onak. “Minuette” bera freskoa eta kutsakorra da, diskako lehena: hasiera paregabea. “E.H.Euskaraz bizi” Nikoren himno berria dugu, jada klasiko bat dela esan daiteke. “Euskal rock & roll” edo “Rock Euskadin” (azken hau Minxoriak-ekin grabatutakoa) estiloan, enblematikoa eta gogorra. “Lizün zikin”; rock bizia eta azkarra, parrandarako deia. “Oi! Bertsolari” blues rock gogorra, 38 urte atzera, Londonera garamatza. Gozamen hutsa musika bikain hau entzutea. Hapa-Hapa 2005ean “Minuette”ren aurkezpena arte, inoiz zuzenean aritu gabeko taldea zen. Gogo handia izango zutela uste dut, eta konpenetrazio estua lortu dute. Izan ere, urte asko da jada elkarrekin daudela. Diska hau bera 1998an lantzen hasi ziren.
Altzürükü-ko maisua rock & rollean bueltan da. Jinkoak bederika dezala Niko Etxarten itzulera! Eta bere errepertorioko klasikoek gutxitan sentitzen den zirrara hori eman zidaten. “Xahakoa” eta “Euskal rock & roll” entzutea ez da, ez, eguneroko gauza.
Iruzkinak
Nikozale 2006-10-10 03:34 #1
Aupa Niko, Euskadiko Rock izar didiratsuena!! Artikulua bikaina, segi horrela!
Utzi iruzkina: