Madariaga Dorretxeko proiektua ondare kulturalaren aurkakotzat jo dute.
Proiektuaren berregitea eskatuz, Zain Dezagun Urdaibaik salaketa bana jarri du Patronatuan eta Busturiako Udalean.
Busturiako Madariaga dorretxearen ingurua urbanizatzeko proiektuaren aurkako salaketa jarri dute Zain Dezagun Urdaibai taldeko kideek. Izan ere, proiektu horretako hainbat puntu ilegaltzak jo dituzte.
Zain Dezagun Urdaibaiko partaide Erroxeli Ojinagak adierazi duenez, «Busturiako Udalak eta Ingurumen Sailak onartutako proiektuak ez ditu errespetatzen Madariaga dorretxearen ingurua eta bertako ondare kulturala».
Beraz, salaketak jarri ditu taldeak, bai Busturiko Udalean, eta baita Urdaibaiko Patronatuan ere, proiektua berregitea eskatuz. «Ingurumen irizpide zuzenetara egokitutako egitasmo bat egitea proposatu diegu».
Publikotasuna
Dorretxearen ingurua burdin hesi batez zarratuko dutela aipatu du Ojinagak. «Leku publiko bat izanik, ezin da ulertu burdinezko sare bat jartzea. Gainera, Urdaibain debekatuta dago mota horretako hesiak erabiltzea. Horiek abeltzaintzaren kontrolerako erabiltzen direnak baitira».
Aste honetan bertan salatu dute proiektua udaletxean. Hori baino lehen, hilaren 9an, Urdaibaiko Patronatuan izan ziren akusazio bera egiteko. Hain zuzen ere, ondare historikoa ez dutela batere kontuan hartu denuntziatu dute. «Legeen aurkako erabakiak hartu dituzte eta guk eskatzen duguna proiektua legez kanpokotzat jotzea da eta gauzak aldatzea», adierazi dute.
Ondare historikoa
Madariaga dorretxearen inguruan ohikoa da mahats-parrak ikustea. «Dorretxerako sarrera egiteko, tarte batean, parrak apurtu dituzte eta gero ez dituzte berreraiki. Ondare historikoa ez dute kontuan hartu».
«Gogorrena da, Ingurumen saila dela legez kanpo jokatzen ari dena. Bere garaian Patronatuko burua izan zena da gaur egun proiektuaren zuzendaria eta oso ondo ezagutzen du Busturia, eta baita, Urdaibaiko araudia ere».
Iruzkinak
Utzi iruzkina: