Liberalentzat erabakitzeko unea.

xabilarra 1456153725019 Xabiren txokotxua | 2010-05-11 18:09
1

Erresuma Batuan hauteskunde osteko negoziazioetan darraite oraindik. Aurreko barikuan bertan kontserbadore eta liberal demokraten arteko elkarrizketak hasi ziren, baina, aldi berean, alderdi liberal demokratako kideak laboristekin ere negoziatzen ari dira. Kontua ez da uste bezain erraza; liberalak zatituta daude gai honetan. Hala, beraietako batzuek (Eskoziako gehienek adibidez) ez dute ontzat ematen kontserbadoreekin akordioa lortzea. Alderdiko sektore eskuindarrenak aldiz (Nick Clegg burua hor tartean legoke) ez omen du laboristekin gobernu aurrerakoia egiterik nahi.

Sorpresa izan zen atzo arratsaldean Gordon Brown lehen ministro laboristak bere dimisioa aurkeztu izana. Dirudienez, liberal demokratek ez zuten inola ere gogoko Brown eta askorentzat bera zen lib-lab koalizioa abiarazteko oztopo garrantzitsuenetakoa. Hala ere laborista eta liberalen arteko balizko koalizioak ez luke behar besteko onarpenik izango Parlamentuan (650 diputatutik 315 izango lituzke bakarrik) eta etengabe beste alderdi txikiagoen menpe legoke (Eskoziako SNP, Galesko Plaid Cymru, Alderdi Berdea, Ipar Irlandako SDLP eta Aliantzaren alderdia...), orotara ere 329ren babesa lortzeko (babes txikiegia eta alderdi gehiegi).

Horrez gainera, Alderdi Laboristak beste lehen ministro bat hautatu beharko luke eta Alderdi Kontserbadoreak (eta bere inguruan mugitzen diren talde enpresarial, komunikatibo...) hortik ere egurra emango lioke, Gordon Brown lehen ministro izan den denboran bezala (kontuan izan Gordon Brown 2007tik dela lehen ministro eta aurreko ostegunera arte ez dela inoiz postu horretarako hauteskundeetan aurkeztu). Herritarrek ere zalantzaz hartuko lukete boto galera nabarmena izan eta bigarren postura igaro den alderdi bat gobernuaren buru izatea eta, gainera, beraien bizkar hautatutako lider berri batek gidatuta.

Uste dut pixkanaka-pixkanaka kontserbadore eta liberalen arteko akordioa gero eta hurbilago dagoela. Ez naiz aposturik egiten ausartzen, oraindik ustekabeko asko gerta daitezke eta. Tristeena hau izan daiteke: kontserbadoreekin ituna egiteko liberalek beraien programako punturik interesgarrienak (hauteskunde erreforma, erreforma politikoa, armamentu nuklearraren aurkako jarrera...) alde batera utzi beharko dituztela. Aukera garrantzitsua galtzea izango litzateke.

xabier

xabier 2010-05-11 18:25 #1

BBCk kaleratu duenez, Alderdi Laboristaren eta Alderdi Liberal Demokrataren arteko negoziazioak bertan behera geratu dira.<br />


Utzi iruzkina: