Inazio hil dute

xabilarra 1456153725019 Xabiren txokotxua | 2008-12-04 11:24
2

Atzo eguerdian entzun nuen albistea: gure "gudari salbatzaileek" "ekintza heroiko" bat egin dute berriz ere. "Herriaren etsaia" omen zen norbait (seguruenik zapaltzailea, beraien hitzetan) paretik kendu dute. Euskal Herriak beste pauso bat eman omen du bere "askatasunerako bidean"... Horiek izango dira "erakundeak" kaleratuko dituen balorazioak. Edo antzekoak...

Errealitateari begiratuta, aldiz, guztiz bestelako egoera ikus nezake. 70 urte zituen gizon batek (Inazio Uria Mendizabal azpeitiarrak) alarguna, seme-alabak, ilobak, lankideak, lagunak, etxekoak... utzi ditu. Gure "gudari ausartek" hori egin dute beste behin: aurpegia estalita agertu, babesik gabe zegoen gizon nagusi bati hiru tiro eman eta alde egin. Barkatu esaldia gordinegia bada, baina hori bai dela "barrabilak edukitzea".

Nik ez nuen Inazio Uria ezagutzen. Ezin dut berari buruz hitz egin, ez dut bere aurpegia inon ikusi, ez dakit nolako pertsona zen. Dakidan gauza bakarra hau da: bere hiltzaileak nolako basapiztiak diren. Esaera zaharrak ere badio zuhaitza bere fruituetatik ezagutzen dela. Hor daukagu adibide garbia: Inaziok, bere aitak hasitako ibilbideari jarraituz, herriko eta inguruko hainbat langile xumeri lana eskainiz enpresa bat aurrera atera zuen. Enpresako buru zen garaian erabaki gogorrak hartzea ere egokituko zitzaion eta askotan, beharbada, huts egingo zuen, beste denok huts egiten dugun bezala. Langileekin izango zituen, seguru, bere tira-birak (lan baldintzak zirela, soldatak zirela...) baina horrek ezin du inolaz justifikatu horrelako hilketa bat, langileek argi eta garbi adierazi duten bezala.

Hiltzaileek, zoritxarrez, oso gutxitan huts egiten dute. Edozer egiten dutela ere, sufrimendua ugaritzen dute gure herrian, gure etxeetan, lantegietan eta kalean. Noiz arte? Noiz arte egon behar du gure herriak honelakoak jasaten? Noiz arte edukiko dugu gure gainean herriko arazoak (politikoak, ekonomikoak, garapenekoak...) konpontzeko traba hau?

Azpeitiko alkateak uko egin dio atentatua gaitzesteari. Familiari elkartasuna adierazi dio. Ez noa "ezker abertzaleak" zer egin behar duen esatera, baina nire iritziz, alkate baten (edozein alderditakoa dela ere) zeregina zera adieraztea da: herrian (berak ordezkatzen duen herrian) honelakorik ez duela onartzen. Herri osoaren aurkako erasoa izan dela eta horrelakoen aurka tinko lan egingo duela. Bere herrikideak defendatzea beste ezeren (ideologien edo alderdien kontsignen) gainetik duela.

Badakit ez naizela oso orijinala izango, baina ez nuke mezu hau amaitu nahi zendu berri zaigun artista handiaren olerki zatitxo bat agertu gabe. Bihoa Uriaren eta bere familiaren omenez:

Bizitza bizitza da,
handiena;
kentzen duenak
kentzen du dena.

"eta behar dudan
denbora baino lehen
hiltzen banaute
nere hortzetan itzaliko den azken antzia
beste batenetan
loratuko den
lehen irria
izango da."

Ez adiorik, Inazio. Egun handira arte!

A_Morillo

A_Morillo 2008-12-04 14:18 #1

Kaixo,

benetan miresgarria idatzi duzun artikulua.
Azpeitiarak garenak benetan unkituta gaurko atentatuarekin. Ez dugu ulertzen.
Horrelako
artikuluak laguntzen dute kak guzti hau irensten eta benetan AHTren
aurka dauden guztiak ez dutela Etak dituen irizpide berdinak.

Gaurko egun ilunean, eta datozenak, apur bat argiagoak dira zure artikuluari esker.

Milesker azpeitiar eta Inaxioren famili eta lagunen partetik.

A_Morillo

xabier_larra

xabier_larra 2008-12-04 15:11 #2

Eskerrik asko, A_Morillo, zure hitzengatik. Bihotz-bihotzez bat egiten dut zure nahigabearekin. Besarkada handi bat.

Utzi iruzkina: