Groenlandiako erreferenduma
Oraingoan Iparralde hotzetik etorri zaigu berria: Groenlandiako herritarrek autonomia maila handituko dien estatutuari baiezkoa eman diote. Komunikabideen arabera, lege hori indarrean jarri bezain laster, munduko irlarik handiena estatu ia independente bihurtuko da, Kopenhageko gobernuak atzerri eta segurtasuneko eskumenak izango baititu soilik.
Etorkizunean estatu guztiz independente izateko ateak zabalik ditu Groenlandiak, egunen batean bertako herritarrek horrela erabakitzen badute. Galdera argiek erantzun argiak ekartzen dituztenez, ez dago zalantzarik: herritarren %72ko partehartzearekin %75,5a horren alde agertu da.
Gure Herrian galderafobikoak direnek badute zer ikasia, Europako herrialde guztiz demokratiko batek (Danimarkak) bere menpean izandako uharte bati etorkizuna erabakitzeko eskubidea aitortu diola ikustean. Betiko erantzuna jasoko dugu, Euskadik (edo Euskal Herriak) ez duela inolako zerikusirik Groenlandiarekin, egoera arras desberdinak direla, ez dituztela beraien buruak eskimal gizagaixo gutxi batzuekin (56.000 pasatxo baino ez dira, 2 milioi km karratutan) parekatu nahi... Nik ere ez dut Danimarkako estatu demokratiko eredugarria Espainiako nola-halako demokrazia honekin konparatzerik nahi. Argi gelditu da Danimarkaren barne dagoena, berak horrela nahi duelako dagoela, ez beste batzuen inposizioz.
PD: Blogera sartzen naizen bakoitzean, iragarkien atalean PSE-EE/PSOEren iragarkia agertzen zait. Norbaitek badaki hori kentzen?
Iruzkinak
Utzi iruzkina: