19.astea Lysá Horá eta urtebetetzea

No profile photo 2 Beñat Txekian | 2013-03-24 22:13
1

Udaberriko lehen aste hau berezitasun handirik hasi bazen ere, astelehen eta martitzenetako ohiko entseguekin, asteak aurrera egin ahala askoz interesgarriagoa bihurtu da. Eguaztenean KORRIKA Elgoibartik pasatzen zela amak egindako deiak demaseko ilusioa egin zidan eta orain dela hamar urte, 2003ko KORRIKAn lekukoa eroan nuenekoa ekarri zidan burura.

 

Eguenean ospakizunen eguna izan zen; blogkide, lankide, pisukide, ikaskide, bandakide eta velký kamarád dudan Beñat Osinaga Urizarrek 26 urte bete baitzituen. Berak espero ez bazituen ere hainbat sorpresa zain zituen. Eguna ondo hasteko Mendaroko txokolatea, xigorki eta galletekin. Gero lanekoek, pastel bati kandela jarri beharrean, Txekian hain ezaguna den Hruská -madari likorea- botila bati jarri zioten eta bulegoan bertan abestu genion Zorionak Zuri, lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta txekieraz).

 

Arratsaldean lauretan lanetik irten eta Lysá Horá mendirantz abiatu ginen. Mendi honetan udazkenean egonda geunden pare bat aldiz, gure etxetik ikusten den antena handidun mendia da Frýdlant nad Ostravicí-ko Karakate.

 

Laneko bederatzi igo ginen gora, Urzula kontablea beste enpresa batera joan behar da lanera eta haren despedida zela eta egin genuen irteera hau. BATZetik irten ginean euria botalean zegoen, baina mendira igotzeko bidea hasten dan lekura ailegatu ginenean elurra hasi zen. Bi orduko bide gogorraren ostean, elurra, haizea eta hotzari aurre eginez lortu genuen tontorrean dagoen tabernara ailegatzea.

 

Bertan zopa, saltxitxak eta garagardoa bakarrik zegoen eta gainera zortzietarako itxi egiten zutenez, erronda batzuk eta gero beste etxetxo batera joan ginen afaltzera eta lotara. Han atera genituen guk eroandako janari eta edariak. Egia esan, Doriñ urdaiazpikoak izan zuen arrakastarik handiena, Daliborrek esan zuen bezala: "esto es lo que comen los Dioses en el Olimpo".

 

Gero Euskal Herriko sagardoa, Moraviako ardoa, Bohemiako zerbezak, etxean egindako Slivovice-a... barre eta kantu batzuk eta lotara nahiko goiz. Hori bai, bezperan bi ordutan igotakoa, biharamunean 45 minututan bajatu genuen, eta goizeko hamarrak aurretik lanera! Ez dago 1324 metrotara eta -10ºC-rekin esnatu eta gero beharrera joatea bezalakorik.

 

Zapatua ere ez zen nolanahikoa izan. Eguerdiko ordubata t’erdietan genuen zita Řepiště-n Moravskoslezská Sinfonietta orkestrarekin. Gainera, orain aste bi ez bezala, kontzertuko zuzendaria genuen, Claudio Ordaz mexikarra. Zuzendari ona eta gizon jatorra, gaztea eta pazientzia asko duena. Entsegu luzea izan zen, pieza bakoitzaren ostean ordu laurdeneko tartearekin, baina ahala ere ia zazpiak arte egon ginen bertan.

 

Baina ez ziren hor amaitzen eguneko betebehar musikalak. Izan ere, Frýdlant-ko bandako urteroko batzarra genuen herrian. Heldu ginenerako berba egin beharreko guztia bukatuta zegoen zorionez, eta afaltzen hasita zeuden: entsalada txekiarra eta oilasko eskalopea, postre gazi-gozo eta txekiarrak hain zaleak diren edariz ondo bustita.

 

Bandako zuzendaria erromerietan jotzen jarduten duenez, demaseko ikuskizuna prestatu zuen. Piano elektriko bat oinarritzat harturik, tronpeta, tronboia eta biolina jo eta gainera abestu egiten zuen. Bestalde, bandako zazpi musikarik ere beren kontzertutxoa eskaini ziguten, kamera-musika, polka, balts, tango eta fox-trotekin, besteok dantzan egiteko oso aproposak.

Festa amaitu zenean, gaueko hamarrak aldera, bandako baten etxera joan ginen batzuk. Ondoren zuzeneko kontzertuak zeuden taberna berri bat aurkitu genuen, baina txekiarrak oso goiztiarrak dira gure aldean, eta bertara heldu ginenerako azken piezaren bat bakarrik entzun ahal izan genuen. Etxerako bidea ez zen goxoa izan, datu meteorologikoen arabera zero azpitik 20 graduko sentsazio termikoa baitzegoen, udaberria heldu dela sinistea zaila egiten duen datua.

 

Domeka goizeko ohiko mendi-bueltan  Lysá Horá mendiari ateratako argazki honekin bukatzen da aste honetako kontakizuna.

 

NEGUA JOAN(GO) DA TA!

P.S: Jarraitu Lander Azpiazuren Irlandako gorabeherak bere blogean http://corkeriak.blogspot.ie/ , oso ondo dihardu eta!

BKU

P

P 2013-04-05 17:18 #1

<p>Azken kronikak irakurri gabe nauzkan etagustora jardun dot. Gu ere hotzetik etorri berri gara . . .eutsi goiari edo zure tio batek esaten zabanmoduan: eutsi &nbsp;Hilario, atzera ta baztartu!</p>


Utzi iruzkina: