11.astea Bagoaz etxera
Heldu da urteko blogeko azken sarrera idazteko eguna, eta honek Euskal Herrira bueltatzeko eguna gertu dagoela esan nahi du. Egia esan hamaika aste hauek nahiko azkar pasatu zaizkigu, baina horrek ez du esan nahi etxera bueltatzeko gogorik ez dugunik; desiatzen baikaude!
Eguraldia gogorra da benetan Txekian, zero azpitik 15 gradutara ere egon gara udazkeneko azken egun hauetan. Ikustekoa izango da Gabonen ostean atzera berriz hona etortzean, dagoeneko negu gorrian sartuta, noraino jaitsiko den merkurioa. Esan digutenaren arabera -25ºC arte jaisten da tenperatura batzuetan, musu-zuloak ere izoztu eta ahotik arnasa hartzera behartuz. Irudian Ostravice ibaia izoztuta.
Elurra oso polita da eskiatzeko, paisaia ederrak ikusteko eta jolasteko,
baina eguneroko bizimodua egiteko ez da batere gozoa. Barruko kamiseta termikoa,
kamiseta manga luzea, txalekoa, jertsea eta txamarra gainetik, galtzerdi
potoloak eta elurretarako botak oinetan, eskularru, bufanda eta txanoa ahaztu
gabe … eta hala, kalera!
Kotxea babesten duen plastikoa askatu, astindu, kurioso doblatu , kristal eta argietako izotza rasketaz igurtzi eta barrura sartu aurretik botetako elurra kendu (bestela izotza kristalen barrutik sortzen baita). Autoa arrankatu, enbragea askatzen eta azeleratzen hasi, baina gurpilak labaintzen. Atzera bota, etxera joan, pala hartu, lurreko elur eta izotzak ahalik eta ondoen kendu eta beste saio bat. “Segundan” ez bada irteten, “terceran” probatu behar.
Behin errepidean poliki eta frenoa ukitu gabe nahiko ondo gidatu daiteke,
betiere segurtasun tartea lagaz. Esan beharra dago, neguko gurpilek asko
laguntzen dutela, batez ere errebueltak ondo hartzeko orduan.
Aurreko dena egunero egitea ohitura bihurtu zaigun honetan, Euskalmet-eko berriemaileek ematen dituzten datuekin harrituta geratzen gara, Bilbon eta Donostian 17 gradu, 16 Baionan eta 13 gradu Iruñean eta Gasteizen … Hemen baino 25 gradu gehiagorekin kalera praka motzetan irtetekotan gaude.
Aurreko astean Mistek-eko plazan tronboi jotzaileoi gertatu zitzaiguna ezin
da aipatzeke laga. Izan ere, nire bizi osoan pasatu ez zaidan zerbait gertatu
zen. Domeka arratsalde hartan 12 gradu zeropetik zeuden (batzuek 17 ere dioten
arren) eta herriko plazaren ondoko lokal batean instrumentuak montatu ostean
nola-hala bakoitza bere lekuan jarri ginen. Hasi gara berotzen eta tronboiaren
bara ezin mugitu. Ondokoari begiratu eta berdin. Bandako lau tronbonistoi bara IZOZTU
zitzaigun!!!
Jaiki eta oraingo terraza modernoetan egoten diren gasezko berogailu baten
inguruan bildu ginen, tronboiak jaso eta minutu batzuen ostean martxan jartzea
lortu genuen. Gero kontzertuan zehar etengabe barari atzera eta aurrera
irristatzen jardun behar genuen, berriz gogortzea nahi ez bagenuen. Ez bakarrik
piezen arteko denboran, obran bertan isiluneak agertzen ziren bakoiztean hor jardun
genuen jo ta ke! Gutaz gain egon ziren beste musikari batzuk klarineteak,
tronpak … pieza erdian jaiki eta berogailu hauetakoren batera teklak biguntzera
joaten zirenak gero soloren bat zutelako edo.
Bestetik, aste honetan kontzertuak izaten jarraitu dugu. Osinaga ez da
Frydlant-eko bandako partaide eta hori dela eta askoz lan gutxiago izan du.
Barixakuan Hukvaldy herrian egon ginen Frydek-Mistek-eko bandarekin gabon
kantak jotzen eta horren ostean lau ordu t’erdiko ensaio gogorra Frydlant-eko
antzokian.
Zapatuko kontzertua aurrekoekin konparatuta oso bestelakoa izan zen.
Frydlant-eko kultur etxeko antzoki ederrean jo nuen, Frydlant-eko Bandarekin.
Beheko pisua bakarrik izan arren, edukieraz Elgoibarko Herriko Antzokia baino
handiagoa izango du Kulturny Dům-ak.
Bandako ohiko instrumentuez gain, piano eta harpa batek eta pieza batzuetan
bi abeslarik, soprano eta tenor batek, eta hamar neska koskorrez osaturiko
koruak lagundu gintuzten. Aitortu beharra daukat sarritan ez dudala aukerarik
izan abeslariekin edo harparekin batera jotzeko eta obra batzuetan bandari asko
laguntzen diola. Aurreko astean ere, Mistek-en izan genuen kontzertuan abeslari
bat egon zen, nahiz eta plaza hotzean ez den antzoki barruan bezainbeste
estimatzen.
Sei tronboi egon ginen bandan jotzen, berauetako bat, profesionala gainera!
Bandaren historian jotzen zuen lehenengo atzerritarra nintzenez, niri ere
aurkezpentxoa eta elkarrizketa egin zidaten agertoki gainean. Kontzertu ostean
afaria eta jaia izan genuen bandako musikariok eta familia-lagunek.
Bi zuzendari izan genituen kontzertuan, Josef Vráblik (62 urte) eta Karel Bria eminentzia handia (72 urte). Pazientiza handidun gizonak dira biak, nahi dutena transmititzen dakitenak.