Lasai Josu

theindezents 1456152903500 The Indezents bloga >> | 2011-03-28 23:38

Igandean Josu Zabalari eginiko elkarrizketa bat zekarren Gara egunkariak eta ikusi bezain pronto, hasieratik bukaerara ezertxo ere galdu gabe irakurtzeko erabakia hartu nuen. Beti da interesgarria Josu Zabalak esaten duena edo ia beti (honek ere izango ditu bere egun txarrak...) eta elkarrizketa honetan ere, halaxe izan zen.

Kazetariak nabarmendu zuen titularrean hurrengoa irakurri zitekeen: "Gaur egun Euskal herrian egiten den musikaren maila sekula baino altuagoa da" eta egia esan, erabat ados nago. Hala ere, beste adierazpen batek deitu zuen nire arreta. Bertan, Zabalak zioen ez zuela pentsatu nahi gaur egungo gazteen soinu bandan ez dela Euskal Herriaren mugen barnean egindako musikarik egongo eta ongi egiten du, ez baitut uste hala izango denik.

Une hartan, nire bizitzako soinu banda zein den pentsatzen hasi nintzen eta horrek post bilduma oso baterako emango balu ere, lasai, gaurkoan laburragoa izango naiz. Nire soinu bandako diskak identifikatzen saiatu naiz eta Euskal Herrian sortutakoen artean bost aukeratu ditut. Hemen diztuzue:

 

Hipokrisiari Stop! – Negu Gorriak (1994)

Hipokrisiari Stop

Diska berezia izango da beti niretzat. Hamabi-hamairu bat urte izango nituen eta ordurarte aitak etxean zituen diskak entzuten nituen (The Police, Phil Collins, Tracy Chapman...). Gurasoen bildumatik at izan nuen lehen diska izan zen eta amonak oparitu zidan (hori bai dela amona bat!). Negu Gorriaken “Hipokrisiari Stop!” eta Su ta Garren “Munstruo Hilak” izan ziren oparia baina nirea heaviarekin beti izan da ezinezkoa.

Zuzeneko diska borobil harrekin hasi nintzen beste musika mota bat entzuten eta nahi edo ez, hark ireki zizkidan gerora ezagutu dudan guztiari ateak eta han hasi zen, nire bizitzan zehar garrantzi izugarria hartu duen zaletasun bat.

 

Maketa – Geroh (1997)

Geroh

Behin baina gehiagotan hitz egin dut talde honetaz blog honetan. Ormaiztegiarrak oso leku garrantzitsua beteko dute beti gure bizitzan eta ez musikari dagokionean bakarrik. Ahal genuen kontzertu guztietara joaten ginen eta gauza asko bizi izan genituen lehen aldiz Geroh-ren doinuak atzean genituela.

Historia da dagoeneko diska bat grabatzeko eskubidea irabazi zuen egunean musika uztea erabaki zuen taldea. Oraindik itxaropena dut egunen batean itzuliko direna, kontzertu baterako besterik ez bada ere...

 

At – Dut (1996)

Dut

Makarreo garaiak ziren (Sepultura, Soulfly, Korn, Machine Head, Slayer...). Txima luzeak eta algodoizko jertse beltzak, panazko prakak eta martinsak... Munduaren aurka borrokan ari ginen eta horretarako ez genuen porro bat eskuan baino askoz gehiago behar.

Pixkana ordea, zentzua sartzen joan zitzaigun eta musikan zerbait gehiago bilatzen hasi ginen. Halako batean, Dut-en bigarren lana erori zen nire eskuetan. Urte batzuk zituen dagoeneko baina niretzat erabat berria zen. Oraindik buruz dakiztik diskako hitz guztiak eta gerora "Askatu Korapiloak" edo "Dut" lanekin asko gozatu badut ere, beti izango dut bigarren diska hau hondarribitarren lanik kuttunena.

 

Iluntze berri baten bila – Sexty Sexers (2006)

Sexty Sexers

Dut eta Geroh-ren inertziak Stonerraren mundura eraman ninduen (Kyuss, Hermano, Nebula, Fu Manchu...). Tunel pixu eta ilun harren amaierak, Queens Of The Sone Age-ren itsasertzera eta hortik, ez dakit nola, Eskandinaviako talde rockeroak entzuten amaitu nuen (The Hellacopters, Turbonegro, The Hives...).

Une hartan, HUHEZIn ikasten ari nintzela, San Pankrazio batzuetan Arrasateko Politeknikako frontoiean Sexty Sexer beratarren kontzertu bat ikusi nuen. Nik entzuten nuen musika egiten zuten talde euskaldunak ere bazirela erakutsi zidaten eta beti eskertuko diet egun hartan, begiak irekiaraztea.

Batek baino gehiagok esango du ea zergatik ez dudan “Urkamendi Blues” edo “Hero Mantra” aukeratu (diska helduago eta landuagoak biak ere) baina zer nahi duzue esatea? Lehen lan hartako hitz eta doinu lotsagabeak oso gogoko ditut.

 

Istanteak – Willis Drummond (2011)

Willis Drummond

Baionarren hiru disketatik edozeinek balioko luke zerrenda hau isteko baina azkenarekin geratuko naiz oraintxe Istanteak borobil hau baita erabat engantxatuta naukana.

Rock eskandinaviar elektrikoak azkar aspertu ninduen eta oraindik noizean behin gustora entzuten baditut ere, zerbait ezberdinaren bila hasi nintzen. Gaur egun, indi-aren eta post-rockaren uretan igerian nabil (ito ere egin naiz ia ia pare bat aldiz) gauza lasaigoak eskatzen baitizkit gorputzak (Arcade Fire, Fanfarlo, Bon Iver, Sigur Ros...) baina Willis Drummond bezalako taldeen indar eta amorruak saihestu ezin dudan botere batekin erakartzen nau oraindik.

 

Post hau bukatzeko, Euskal Herrian egindako musikaren aldeko aldarrikapen bat egin nahiko nuke. Bereziki, euskaraz egiten den musikarekin aurreko ostiralean, Euskarak ez du Skate-rako balio postean azaltzen nuenarekin, erabat harremanetan baitago talde hauek gure kultura eta hizkuntzaren alde egiten dutena.

Gauzak horrela, bere GCCan Asier Lopez konposatzaile beasaindrrak esandakoarekin amaituko dut: Ingelesez kantatzen dudanean, ingelesez kantantzen ari naiz. Euskaraz kantatzen dudanean, kantatu egiten dut.


Utzi iruzkina: