Edith's diary

literartea 1456440692268 literartea | 2012-05-16 23:09

 

   

Edith Howland da Patricia Highsmithen eleberri honetako protagonista. Baita Edithen seme Cliffie ere. Bi pertsonaia hauen gainean itxuratzen da kontakizunaren haria, bikain gorpuztuta (Highsmith horretan abila da), ama eta semearen bizitzaren ia hogei urtean gertautakoen berri ematen diguna. Hortxe ere izango dira aldi bateko Edithen senarra Brett, eta horren osaba elbarri George, izeko Melanie, Gert eta Norm...

1950eko hamarkada du denboran abiapuntu eleberriak eta ia 70ekora zabalduko da kontakizuna: Mccarthysmoaren urteak, Johnsonen sasoia, Kennedytarrak, Nixon eta ‘Watergate’ afera, Vietnamgo gerra...

Liberalak dira Howlandarrak, aurrerakoiak.  Kazetari dabil Brett eta Edithek betidanik izan du idazteko zaletasuna. New York hiritik Pennsylvaniako herri batera joango dira bizitzen eta euren bizipoz eta bihozminak gure aurretik pasatzen ikusiko dugu. Bidaia horretan bikotearen haustura da muga: Brett badoa etxetik hogei urte gazteago den Carolekin bizitzeko, Edith eta Cliffie nerabea albo batera lagata. Edithek egunerokoa idatzi ohi du; egunerokoa barik noizean noizekoa da, aldi luzetan ez baitu ezer asko idazten. Testu horrek emango digu Edithen aldartearen berri, bizi nahiko lukeen bizitzaren ispilu da eta: bigarren narrazioa sortzen du egunerokoak, Edithen frustrazioa estali nahian eraikia hain zuzen. Bizitza gainbehera dator eta Edith jipotuko du zoriak.

Lan ederra Highsmithena.

        

Edith’s diary, HEINEMANN publishers, Londres, 1977.

1. atala

‘Mildew urte bete baino gutxiagoko katua zen. Edithek eta Brettek euren etxera eramatea erabaki zuten auzoko dendakoek non laga edo nork zaindu topatu ez zutelako. Mildred izan zen eman zioten izena, baina Cliffiek “Mildew” ahoskatu ohi zuen, eta sarriago horrela deitzen zioten. Hogarthen margoetako katuak etortzen zitzaizkion gogora Edithi'.

 

William Hogarth

        

                         

Patricia Highsmith

21. atala

Edithek mahaia ipinita zeukan dagoeneko. Pitxar bat italiar ardo merke gaineratu zuen eta okela txikitzen hasi zen; itxura  primerakoa zen eta dith goseak zegoen. Cliffie hurbildu zen eta ezer esan barik eseri zen.

-   Cliffie, ardura ez badizu, musika amatatuko duzu? – Edith konturatuta zegoen ez zela irratia, diskogailua baino, “Hey Jude” behin eta berriro errepikatzen ari zen eta.

-   Zergatik? Kanta ederra da. – Begiak gorrituta zituen, amari begiratu eta okelari ekin zion sardexkak lagunduta.

-   Badakit kanta ederra dena, baina seigarren aldia da entzuten dudana...

-   Ez da egia hori, ez da seigarren...

 

Hey Jude

Lennon – McCartney, 1968