Ipuina
Nire istorio kuttuna dun. Gerra piztear dela, nonbait, itsasertzeko herri batean, ama bat negar batean ari da bere lurretako mugak zedarritzen dituen egurrezko hesiaren alboan. Petatea lepoan hartuta, gerra itsasontzi batean ontziratzera doan marinel bat inguratu zaio orduan, zer gertatzen zaion galdezka. «Gerra piztear da eta pizten bada, nire semea, nire seme bakarra, gudarako sasoian eta edadean dagoena, gudara joateko deituko dute. Eta hil egingo da». Marinelari pena ematen dio emakumea hain lur jota ikusteak eta animatzen saiatzen da. «Baina emakumea, lasai egotea daukazu. Gehiegi kezkatzen zara. Ez du merezi zure burua hainbeste estutzea. Utzi gero negar egiteari. Ikustagun: gerra piztear deneko hori ikusteko dago. Bi gauza gerta daitezke oraindik: gerra piztea edo ez piztea. Gerra pizten ez bada ez duzu zertan kezkaturik, eta pizten bada ere ez. Izan ere, gerra pizten bada beste bi gauza gerta baitaitezke: zure semea armadara deitzea edo ez deitzea. Deitzen ez badute, egon lasai, ez da-eta ezer gertatzen. Eta deitzen badute ere ez, ezen eta bi gauza gerta baitaitezke: frontera destinatzea edo administrazio lanetara destinatzea. Bulego batera destinatzen badute ez dago zertan kezkaturik, eta frontera destinatzen badute ere ez. Zeren bi gauza gerta baitaitezke: lehen lerroan borrokatu behar izatea edo atzeko babes lerroetan borrokatu behar izatea. Atzeko babes lerroetan borrokatu behar izatea egokitzen bazaio ez dago arriskurik, eta lehen lerroetan borrokatu behar izanda ere ez, zeren eta kasu honetan, bi gauza gerta baitaitezke: zure semea etsaiak zauritzea edo ez zauritzea. Zure semea etsaiak zauritzen ez badu ez dago arazorik, eta zauritzen badu ere ez, zeren eta beste bi gauza gerta baitaitezke: zure semea hiltzea edo bizirik ateratzea. Bizirik ateratzen bada ez dago zertan negar eginik, eta hiltzen bada ere ez. Ezen eta bi gauza gerta baitakizkioke zure semeari hiltzen bada: zerura joatea edo infernura joatea. Zure semea zerura joaten bada, andre maitea, harro egon zaitezke, eta ez dago negar egiteko arrazoirik, kontrakoa baizik. Pozik egon beharko zenuke. Eta infernura joaten bada ere ez dago triste egoteko arrazoirik, ezen eta, ze seme eskas da hori, zerua merezi ez eta infernua merezi duena. Infernua zain duen seme batek ez du beragatik malko bat bera ere isurtzerik merezi, andre maitea!». Ez al dun ona?
(Harkaitz Cano)
Iruzkinak
Lohitzu 2007-03-12 19:55 #1
<strong>Ikaragarria da ipuina!!! Ze polita benetan, jakin nahiko nuke ipuineko andreak zer pentsatu zuen guzti hori entzun ostean... animatuko ahal zen!</strong>
Utzi iruzkina: