Ama negarrez ikusi dut
Negarrez topatu dut gaur ama. Eguerdiro bezala, bazkaltzen amaitu eta haginak garbitzera joan naiz, aitak errieta egin baino lehenago. Komunera sartzerakoan han ikusi dut ama, hormari begira belauniko, negar zotinka. Larritu egin naiz, sekula ez baitut ama negarrez ikusi. Zer ote duen galdetu diot, baina berak begiratu ere ez dit egin, eta berbarik ez da irten bere ahotik. Isiltasun horrek beldurtu egin nau. Denbora luze baten ostean, “Ez da ezer, segi haginak garbitzera” ahul batekin eman dio amaiera elkarrizketatxoari. Baina nik arduratuta jarraitzen dut. Amak zerbait du, baina ez du inork jakiterik nahi.
Berarengana hurreratu naiz eta musu eman diot masailean. Laburra izan da, baina sentimenduz betea. Begi parean beltzune bat duela ohartu naiz. Ez du ematen larria denik, baina kolpe handia jaso duela dirudi. Nola egin ote duen galdetu behar diodanean aita agertu da. Haserre dago, ez dakit zergatik, eta amak bakarrik egon nahi duela azaldu dit. Ni komunetik irten orduko itxi du komuneko atea aitak. Ama negarrez entzun dut berriz, lehen baino ozenago, eta aitari gelditzeko eskatzen dio behin eta berriz. Isiltasuna etxeaz jabetu da berriz.
Ama lurrean etzanda topatu dut, odol-putzu batez inguraturik. Beldurra daukat. Lotan dagoela ematen du, begiak itxita, geldi-geldirik. Ondo ote dagoen galdetu diot, baina ez du erantzuten. Ama beti izan da pertsona alaia, baina triste itxura dauka. Erantzunik jaso gabe jarraitzen dut, eta negar malkoa aurpegia zeharkatzen ari zaidala sentitzen dut.
Iruzkinak
Sugoi 2007-09-06 16:08 #1
Benetan gogorra, imajinatzea soilik...
Larrugorrian 2007-09-06 17:10 #2
Zoritxarrez halako asko gertatzen dira gaur egun...
zoti 2007-09-06 20:31 #3
Ama baten negarra beti da hunkigarria, isilpean denetan are gehiago..
Utzi iruzkina: