kakalardo

Otegi espetxean

1
kakalardo 1456150162823 kakalardo | 2006-04-27 12:45

"Ekimen terrorista bultzatzeagatik" 15 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio Otegiri Espainiako Auzitegi Nazionalak Jesus Santos fiskalak eskatu bezala. Jose Miguel Beñaran 'Argala'-ren hilketaren 25. urteurreneko ekitaldian «parte hartze hutsa», hizlari gisa «nabarmendu izana» eta hitzaldian erabilitako «hizkuntza bikoitza» aski ziren Santosen arabera, Otegik ETAren helburuen aldeko «ekarpen morala» egin zuela ondorioztatzeko.


Uxue Barkos Nafarroa Bai koalizioak Espainiako Kongresuan duen ordezkaria 10:30etan hartu du Jose Luis Rodriguez Zapatero Espaniako gobernuburuak. ETAk su-eten iraunkorra eman ondoren egoera politikoa nolakoa den aztertzea da bileraren xedea. Hain justu, Espainiako Kongresuko taldeetako ordezkariekin egiten ari denen artean azkena izango da.


Batasunak bide egokia abiatu duela uste du Fernando Moraleda Espainiako Komunikaziorako Estatu idazkariak. Izan ere, Moraledaren ustez Batasunak Barañainen (Nafarroa) eta Getxon (Bizkaia) asteburuan gertatutakoak gertakari larritzat jo izanak "aldaketa bat dakar". Estatuko Komunikazio idazkariak, baina, hasitako bidea "erabat" ibili dezala eskatu dio Batasunari, "legea betez". Moraledak orain arte dituen datuen arabera eta Batasunak egindako adierazpenak kontuan hartuta asteburuko "kale borroka" erasoak ez dira aldez aurretik jasotako agindu baten erantzuna.


Espainiako segurtasun indarrek ETAren su-etenari buruzko bigarren txostena helarazi diote Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari, eta hartan oinarrituta su-etena "benetakoa" dela, eta "arlo guztiak" betetzen dituela ziurtatu du Zapaterok. Nafarroako enpresaburu batzuk jaso dituzten estortsio gutunak su-etena aldarrikatu aurrekoak direla azpimarratu du.


Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkariak agertu duenez, ETAren su-etena iraunkorra eta erabatekoa dela egiaztatuz gero sozialistek ez dute gaizki ikusten alderdien mahai bat eratzea. Era berean, Batasunak jardun politikoan parte hartzeko aukera izatea ona litzatekeela esan du Blancok, baina horretara iristeko "legea" bete behar duela ohartarazi dio Batasunari.


Batasunaren iritziz une honetan baldintza guztiak daude elkarrizketa mahaia osatzeko eta horixe da, Arnaldo Otegi Batasuneko kideak azpimarratu duenez, ezker abertzalearen lehentasuna. Batasunak adierazi duenez, badago egiaztatu behar den zerbait. Hain zuzen ere, "proiektu independentistak aurrea egitea posible ote den ala ez" erantzun beharko dute zenbaitek. Era berean, Pernando Barrena Batasuneko kideak jakinarazi duenez datorren asteazkenean bilduko dira Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariarekin.


Martxoaren 24an indarrean jarritako su-eten iraunkorraren inguruko azalpenak eman ditu ETAk 110. 'Zutabe' agerkariaren bidez; erakunde armatuak berak "zenbaki berezia" dela nabarmendu du alearen azalean. Besteak beste, bakea "Euskal Herriaren eskubideak aitortzearen ondorio" izango dela nabarmendu du ETAk, eta etorkizuneko jarrera "Espainiak eta Frantziak Euskal Herriko prozesuan izango duten jokabidearen araberakoa" izango dela iragarri du.


Arratsaldeko zazpi eta erdietarako minutu gutxi batzuk falta zirela gurutzatu dute Madrilgo Soto del Realgo espetxeko atea Arnaldo Otegi eta Juan Joxe Petrikorena Batasuneko buruzagiek eta Juan Mari Olano Askatasunekoak. Gaur goizean ordaindu dituzte hiruren bermeak, guztira 650.000 euro. Atarian senide eta lagunak, eta ezker abertzaleko zenbait buruzagi zituzten zain


Arnaldo Otegi, Juan Mari Olano eta Juan Joxe Petrikorena ezker abertzaleko buruzagien espetxeratzearen harira, gutuna igorri dio Gerry Adams Sinn Feineko buruzagiak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari. Espetxeratze horiek, eta, oro har, ezker abertzalearen aurkako ekimen judizialak "gatazkaren konponbidearen logikoaren kontrakoak" direla ohartarazi dio.


Ia bi orduko bilera egin dute Madrilen, Moncloa Jauregian, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak eta Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak. ETAk su-eten eman ondoren buruzagi biek aurrez aurre izan duten lehendabiziko harreman izan da, hain justu, erabaki horrek eragin duen egoera politiko berria aztertzeko. Ñabardurak ñabardura, abia daitekeen prozesuan euskal gizarteak protagonismoa behar duela irizten bat etorri dira agintari biak.