Juan Jose Ibarretxeri elkarriazketa

kakalardo 1456150162823 kakalardo | 2006-05-07 21:15
1

Noiz eta nola izan zenuen ETAren su-etenaren berri?

Komunikabideetan agertu aurretik. Ordurako hitz egin nuen alderdi guztietako bozeramaileekin, baita Zapaterorekin ere. Ez genekien nola izango zen agiria, baina albistegietan agertu baino lehenago komentatu genuen gure artean.

Su-etena mugarri bat da Euskal Herriko egoera politikoan?

Uste dut aukera itzela dela, batetik bakea itzulezina egiteko, eta bestetik normalizazio politikoaren inguruan akordioren bat lortzeko. Are gehiago, alderdi guztiekin eta Zapaterorekin hitz egin ostean, nire ondorioa da denok irabazten dugula, inork ez duela galtzen. Nik ondorio hori aterako nuke ezer baino lehen. Orain egoera ezin hobea dugu ekonomia, politika eta gizartea egiteko.

E egunaren biharamuna aspaldian prestatzen ari zinen. Aurreratutako lanak zerbaitetarako balio izan du?

Bai, nola ez. Gure arteko elkarrizketak hasita zeuden jada, batez ere, metodologiari buruz, erabakiak hartzeko kontuan hartu beharreko baldintzei buruz, eta abar. Egindako lana oso garrantzitsua izan da. Azken batean, bizitza honetan miraririk ez dagoelako. Momentu honetan bakea prestatzen ari gara, baina baita elkarrizketa prozesua ere. Ni alderdiekin ari naiz hitz egiten, eta haiek euren artean gauza bera egiten ari dira. Zertarako? Datorren ekainean egiaztatze etikoa egin eta uda pasatu ondoren elkarrizketarako tresnaren bat martxan ipintzeko modua izateko. Oso garrantzitsua da mahai edo tresna horren arrakasta politikoa ziurtatzea. Horretarako izan ditugun eta orain ditugun elkarrizketak ezinbestekoak dira.

Egiaztatze etiko horretan Eusko Jaurlaritzak esku hartzen du?

Bai. Jaurlaritza eragile aktiboa da bakerako eta bizikidetzarako. Guk ez dugu publikoki inoiz esango bigarren edo hirugarren txostenak zer dioen. Joko horretan ez dugu parte hartuko. Guretzat su-etenak itzulezina eta unibertsala behar du izan. Baina gero publikoki zuhur jokatu behar dugu, ezin baita gauza hauei buruz publikoki eztabaidatu, eztabaida antzuak direlako. Jaurlaritzan pentsatzen dugu kontu hauetan diskrezio osoz jokatu behar dugula.

Lehen aste hauetan zein zailtasun nabarmenduko zenituzke?

Koherentziaz jokatzea beharrezkoa da, prozesua luzea eta konplikatua izango delako. Arazoak suertatzen direnean, ezinezkoa da egunero baikor jaikitzea eta ezkor oheratzea. Ezinezkoa da horrela bake prozesu bat edo prozesu politiko bat egitea. Horregatik, oso garrantzitsua da, zailtasun horiek agertzen direnean, berehala horiek gainditzea, orain arte egin dugun moduan. Esaterako, kale borroka agertu denean, berehala denok esan dugu zer pentsatzen dugun. Hori da bidea. Beraz, gizarteari helaraziko nioke zailtasunak gainditu egingo ditugula, eta bakea eta normalizazio politikorako akordioak lortuko ditugula.

Aurrera begira, zeintzuk izan daitezke oztopo nagusiak?

Hobe ideiarik ez ematea! Gauzarik garrantzitsuena da zailtasunak izatekotan berehala gainditzeko jarrera izatea. Horretarako gakoa da gure artean komunikazioa izatea. Ikusiko dugu zein oztopo aurkitzen ditugun. Nik espero dudana da bat ere ez izatea.

Joxe Aranzabal

Joxe Aranzabal 2006-05-14 21:11 #1

Elkarrizketa hau zuek egin diozue Ibarretxeri, ala beste nonbaitetik hartu duzue? Horrela bada, aipatu egin behar jatorria, ez duzue uste?<br />


Utzi iruzkina: