Bildu

jonabril 1456149198743 Polietika | 2007-11-30 12:22
2

Herri honek bere buruaz bertze egin aitzin, bere etorkizuna erabakitzeko aukera behar du. Helburua izan daiteke batzuentzat. Niretzat, tresna baino ez da. Erabakitzeko eskubidea herria egiteko, eraikitzeko urratsa da. Ez muga.

Baina behin eta berriz ikusten ari gara erabakitzeko eskubidearen aitortza inork ez digula oparituko. Guk lortu beharko dugu. Nahiz, berez, guri dagokigun. Baina hau bere izerdiaz soldata irabazten duen langilearen kontua da. Bere izerdi tantek ez dute 1.000 euro balio. Ugazabarenak, aldiz, bai.

Eta horretarako eraginkorrak izan behar dugu. Zertarako gara ezkerrekoak bada? Ezkerrak eraginkortasuna bilatu behar du. Maizegi mezu hutsak saldu ditu, eta praktika ahantzi. Hortaz, herritarrentzat erakargarriak eta eraginkorrak diren planteamenduak egitea dagokigu ezkerrekoei.

Eta eraginkortasun hori bilatzeko lanean, indar metatze horretan, ausartak izan behar dugu. Ezkerrekoak eta abertzaleak garenok aniztasun soziala onartu ez ezik, bultzatu egin behar dugu. Aspertuta nago purismoaren izenean, esentzia ez galtzearren bere burua baztertzen duen ezkerraz. Iraultza egitera dedikatzen den ezkerraz, baina gainerakoak ondoan hartu gabe.

Ez naiz inozoa. Badakit erraza ez dena. Zailtasunak eta oztopoak aunitz direla. Lehendik ere saiakerak izan direla, eta ez dela beti ongi atera. Baina saiatu gabe ez gara geldituko. Desberdintasunak gainditzeko daude. Tradizio, kultura, ibilbide eta ohitura politiko ezberdinak izanagatik, gibelera baino, aitzinera begiratu behar dugu.

Bertze kultura politiko berri bat sortu behar dugu. Berria. Diferentea. XXI. mendera egokitua.

Eta horretarako, indarrak metatzea ezinbertzekoa da. Biltzea. Hiru oinarri edo printzipioren gainean bildu behar dugu:

1. Giza eskubide guztien defentsa irmoa, salbuespenik gabea egiten dugunok.

2. Herri hau, Euskal Herria, bere egiten dugunok, badagoela aitortzen dugunok. Eta herri bezala, gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula aitortzen dugunok.

3. Gizarte hobe baten alde lanean gabiltzanok. Ezkerreko politikak, politika aurrerakoiak garatzen ditugunok.

Edo bildu edo sakabanatuta jarraitu. Erabakitzeko ahalmena lortu, edo bertze 25 urtean gatazkan jarraitu, Espainiarekin gatazkan, gure artean gatazkan. Nik hautua egina dut: bil gaitezen!

Sugoi

Sugoi 2007-11-30 15:12 #1

oso polita. oso ideala. idealegia akaso, utopikoegia...<br />

Iñaki

Iñaki 2007-12-03 16:52 #2

Aizu, Jon, mezu hau bidaltzen dizut nahiz Euskadi Irratiko tertuliaz ari zaren hartaz arituko naizen. Nik programa entzun eta zure hitzak eskertu nituen, odol beroaz jokatzea. Lehen Mikel joaten zen, eta hura lasaiegia iruditzen zitzaidan. Aralarren jende hotzegia, korrektoegia zegoela pentsatzen hasia nintzen. Zurea entzunda, eta zuzen jokatu zenuela uste dut, haize freskoa sentitu nuen, ez hotza eta ez bero, goxoa.


Utzi iruzkina: