Agortutako kultur eredua
Atzo Eusko Legebiltzarrean ikusitakoak agerian utzi du agortua dagoela indarrean dagoen kultur eredua, eta bere kudeaketa. Museo handien aldeko apustua izan da nagusi azken urteotan. Azpiegitura handienen alde. Urte gutian ikusi dugu hegoaldean zenbat eraikin-ikur altxatu diren: Euskalduna, Kursaal, Artium, Guggenheim, Baluarte, Huarte... eta bidean den Balentziaga. Horietako gehienek, publikoaren aldetik arrakastatsu izanagatik ere, ez diote aparteko ekarpenik egin Euskal Herriko kulturgintzari. Aitzitik, sortzaileen aldeko apustua egin beharrean, dirutza ikaragarriak xahutzen dira urtero eraikin handien mantenu eta programaziorako.
Guztietarako, gainera, antzeko kudeaketa ereduak bilatu dira, instituzioek ardurak gutitu -ez ekonomikoak, ordea- eta enpresa publiko zein fundazioen bidez kudeaketa bultzatu. Erakunde ezberdinen partaidetza bilatuz, inork %50a baino gehiago ez duenez, instituzioek (parlamentu, batzar nagusi zein udalek) kontrol osoa galtzen dute, programazioari, kultura politikei, zein diruari dagokionean.
Eta horrela ikusi dugu Guggenheimeko auzia zein Balentziagakoan gertatutakoa. Milioi erdi euroko iruzurra lehenean; eta sei milioi euroko aurrekontua zuenak hogei milioi baino gehiagokoa du honenbertzez, bigarrenean, eta oraindik lanak bukatu gabe daudela.
Aintzane Ezenarro nire lagunak jarri zuen agerian Balentziagaren inguruan osatutako fundazio eta SLak egina zuten ingenieritza ekonomikoa. Iruzurra salatzea ez da debaldekoa herri honetan, eta egoera pertsonal gogorrak bizi izan ditu salaketa egin zuenetik.
Orain, ardura poltikoak egon direla onartu ondotik, justiziari dagokio erantzukizun penalak ezartzea. Baina noizko kultura ereduaren eta kudeaketa ereduen gaineko eztabaida? Noizko instituzioen kultura ereduak bereak eman dituela, bertze bide batzuk jorratu behar direla, eta kudeaketa publikoa zein kultur eragileekiko konfiantza gehiago behar dela?
Tamalez, nago, egoera honek ez duela eztabaida hori ekarriko, eta eredu beretik edaten jarraitu beharko dugula. Hurrengo iruzurrera arte.
Iruzkinak
Bender 2008-12-26 16:47 #1
Arrazoi guztia dozu Jon, eredu kapitalista honetan dana egiten da diruaren bila (Betikoei emoteko, jakina) eta erakunde publikoek (denonak direnak) kontrola galtzen dute, eta honen ondorioz gertatzen da gertatu dena.<br><br>Oso lan polita egin du Aralarrek, bereziki Antzanek arlo honetan. Orain, beste kultur eredua bultzatzea.<br>
Utzi iruzkina: