Eskola Kontuak

ilargiarenjakinmina 1456147824642 Jakin-mina eta ilargia... | 2015-06-05 00:00

Aurreko astean “Noticias de Gipuzkoa” egunkarian irakurri nuen albisteak pentsarazi zidan. Artikulua Hezkuntza Sailak argitaratutako “Hezkuntzaren zifrak” izeneko txostenari buruzkoa zen. Espainiako Erkide guztietako eskolen inguruko datu zabalak eskaintzen zituen. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eskola publikoko ikasleko 9.143 euro inbertitu ditu 2013.urtean. Kalkulua egiteko irakasleen soldatak, azpiegiturak, liburuak, material osagarria, hornikuntza eta bekak hartzen dituzte kontuan. Estatuko zifrarik altuena da, hau da, beste erkidegoak baino diru gehiago gastatzen  -edo inbertitzen da- ikasleko.  Estatuko bataz besteko gastua 5.431 eurokoa da. Aldea nabarmena da, eta adituen ustean, krisiaren eragina gurean txikiagoa izan delako seinalea da, besteak beste.

Dena den, merezi al du hainbeste gastatzea? Edo, samurrago galdetuta, nabaritzen al da desberdintasuna ikasleen emaitzak aztertzen baditugu? Hemengo ikasleak hobeto prestatuta daude etorkizuneko erronkei aurre egiteko?

Denok dakigunez, hiru urtean behin egiten den  PISA txostenak agerian uzten dituen datuak kontuan hartuta, Euskadiko ikasleen emaitzak normalean Espainiako batez bestekoaren gainetik egoten dira, aztertzen diren hiru gaietan, irakurketan, matematiketan eta zientzietan. Beraz, dirua ondo inbertituta dagoela ematen du.

Hausnarketa haratago eramango dut eta eskola kontzertatuaren datuak ere aztertuko ditut. Eskola kontzertatuko ikasleko gastua 4.000 eurokoa da.Eskola publikoaren eta kontzertatuaren datuak alderatuta ere nabaritzen da aldea izugarria dela. Gainontzeko diruari dagokionez, 5000 euro eta piko horietako zati bat gurasoek jartzen dituzte. Hala ere, oraindik zati handia falta da eskola publikoak inbertitzen duen kantitate berera heltzeko. Gainera, azterketen emaitzak ikusita, egiazta dezakegu eskola kontzertatuak daukatenarekin ahalik eta ondoen moldatzen direla.

Hau gutxi balitz, hainbat faktorek kaltetu dute eskolen arteko oreka ezegonkorra. Krisiaren ondorioz, ume gutxi jaiotzen dira, inoiz baino gutxiago, eta joera beherantz doa. Gure herrian, Zarautzen, alegia, 2012an 262 ume jaio ziren, 2013an, aldiz, 183 besterik ez. Zarauzko kasua askoz larriagoa da, etxebizitzak oso garestiak direlako eta guraso gazteak bizitzera beste herri batzuetara joaten direlako. Krisiak beste ondorio latza ere badu: umeak kontzertatutik publikora pasatzen ari dira, kontzertatuak gero eta garestiagoak eta familien diru-sarrerak gero eta urriagoak direlako. Logikoa dirudi publikora pasatze honek, izan ere, eskola publikoen baliabideak hobeak dira: azpiegiturak, bitartekoak,irakasleek oposizio bidez lortutako maila, lan-baldintzak, soldatak, irakasleko ikasle kopurua etab.

Beraz, zeintzuk dira gurasoen arrazoiak eskola kontzertatua aukeratzeko? Hasteko, batzuek ikasketa-maila altua aipatuko lukete. Egia esan, garai bateko eskola publikoaren maila baxua zen. Gaur egun, aldiz, mailak orekatu egin dira. Jarraitzeko, beste batzuek erlijiosoak direla edo baloreak lantzen dituztela azpimarratuko lukete. Baina gizarte honetan lantzen diren baloreak antzekoak izaten dira, eta oraingo gurasoek ez diote erlijiotasunari hamarkada batzuk aurrerago besteko garrantzirik ematen. Eta bukatzeko, zenbait eskolak ekintzen, kirolen edota hizkuntzen bidez desberdintzen saiatu dira. Esaterako, ikastolek euskara maila igotzea erabaki zuten, eta beste batzuek ingelesean, frantsesean edo alemanean jarri dute indarra.

Edonola ere, nire uste apalean, eskola kontzertatuek zaila dute desberdintzea eta umeen urritasunari aurre egitea. Etorkizunean eskola kontzertatu asko pribatizatuko dituztela aurreikusten dut. Baina… Euskadiko ikasleen erdiak eskola kontzertatuan daudenez, eta hauek eskola publikora pasatzen badira… haiek ere beraien 9.000 euroak eskatuko dituztelakoan nago. Egongo ote da nahikoa diru denontzat? Edo, orduan konturatuko dira gobernariak eskola kontzertatuak ordura arte jokatu duen paperaz, erdia baino gutxiagoko baliabideekin, emaitza ezin hobeak ateratzea, alegia.


Utzi iruzkina: