Kanpantxuko goitibehera jaitsiera berreskuratu dute eta ekainaren 20an izango da

goitibeherak 1456133400146 GOITIBEHERAK | 2009-05-14 00:00

Foruko Baldatikako jaitsiera berreskuratzeaz gain, Euskadiko txapelketarako puntuagarria izango da.

Kirola. Olaia Zabalondo

Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkartea oso pozik agertu da sorreran finkatutako helburuak «apurka-apurka» betetzen doazelako. Elkarteko berritasunen artean Ajangizko Kanpantxu auzoko goitibehera jaitsieraren berreskurapena dago eta ekainaren 20rako antolatu dute.

«Dagoeneko antolatzen diren goitibehera jaitsierak sendotzeaz gain, aspaldi antolatzen ziren txapelketak berreskuratzea eta berriak sustatzea zen gure elkartearen helburuetako bat», azaldu dute Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkarteko arduradunek. Horrela, abuztuaren 15ean Gernika-Lumon egingo den goitibehera jaitsiera eta abuztuaren 1ean Busturiko Paresi auzoan egingo dena Euskadiko txapelketarako puntuagarriak izango dira beste behin ere. Aurten, Paresiko goitibehera txapelketa berrikuntzekin datorrela adierazi dute, gainera. Izan ere, Euskal Herriko Sari Nagusia jokatuko da bertan.

Bestalde, aurtengo Euskadiko txapelketak beste proba puntuagarri bat izango du Busturialdearen baitan, Foruko Baldatika auzoko goitibehera jaitsiera, hain zuzen ere. «Gure eskualdean Euskadiko txapelketarako hiru proba puntuagarri izateak Busturialdean goitibeherek duten indarra eta arrakasta nabarmentzen dute».

Iaz egin ziren beste goitibehera jaitsiera batzuk ere mantenduko dira: Muruetan, irailaren 13an izango da txapelketa, Busturiko San Bartolome auzoan abuztuaren 24an eta Mundakan, uztailaren 4an. Azkenaren ibilbidea aldatu egingo da aurten, luzeagoa egingo baitute, Katillotxu alderantz luzatuz.

Kanpantxuren berreskurapena

Elkarteak dituen berritasunen artean Ajangizko Kanpantxu auzoko goitibehera txapelketa dago. «Aspaldiko partez berreskuratu egin dugu eta berriro antolatuko dugu». Hala ere, ibilbidea ez da lehen antolatzen zen jaitsieraren berdina izango. Txapelketa hori ekainaren 20rako antolatu dute, Aulestiko Euskadiko txapelketarako puntuagarria den goitibehera proba baino egun bat arinago, hain zuzen ere. «Aulestiko proban parte hartuko dutenentzat entrenamendu gisa balioko du, goitibeherak puntuan jartzeko proba aproposa da».

Horiez gain, inguruetako partehartzaileek ere lekua izango dute. Izena eman gura duten horiek `goitibeherak@euskalerria.org´ edo `kultura.ajangiz@gmail.com´ helbide elektronikoetan egin ahal izango dute edo, bestela, 94 625 61 79 edo 94 625 19 13 telefono zenbakietara deituta.

'Molto-txiki' txapelketak antolatzen jarraitzeko asmoa

Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkarteak eta Arrano Kultur Elkarteak Lorategietako jaietan antolatutako `Molto-txiki´ umeentzako motortxoen txapelketak izan zuen arrakasta ikusita, Goitibeherak elkarteak `Molto-txiki´ txapelketa gehiago antolatzeko asmoa agertu du. San Juan Ibarrako jaietan, San Kristobal-Agarreko jaietan eta Gernika-Lumoko jaietan antolatuko dituzte txapelketak, hain zuzen.

Euskal Herriko Federazio eta Txapelketa

Euskal Herriko Federazioa bultzatzea zen elkartearen beste helburuetako bat, beraien esanetan «garrantzitsuenetakoa». Horretarako aurrerapausoak eman direla diote eta Euskal Herriko Federazioa sortu ahal izateko beharrezkoak diren 500 bazkideak lortzeko kanpaina martxan dute.

Dagoeneko 100 bazkideren kopurua gainditu dutela azaldu dute. «Beharrezkoak ditugun bazkideak lortzeko asmoz, gure helburuekin, egitasmoekin eta zaletasunekin bat egiten duten guztiei deia luzatzen diegu».

Elkartean sartzeak ez du kosturik suposatzen. Izen-abizenak, helbidea, NAN zenbakia, telefonoa eta posta elektronikoa `goitibeherak@euskalerria.org´ helbide elektronikora bidali beharko dira.

http://www.busturialdekohitza.info/paperekoa/2009-05-15/p00006006/Kanpantxuko_goitibehera_jaitsiera_berreskuratu_dute_eta_ekainaren_20an_izango_da.htm


Utzi iruzkina: