Gutxienez hamazazpi parte-hartzaile izango dira Mundakako goitibehera jaitsieran

goitibeherak 1456133400146 GOITIBEHERAK | 2009-07-02 00:00

Federazioko asegurua dutenek bakarrik parte hartu ahal izango dute 750 metroko ibilbidea izango duen jaitsieran.

Mundaka. itsasne madariaga

Zapatuan Mundakako goitibehera jaitsiera jokatuko da, 18:00etan, San Pedro jaien baitan. Federazio asegurua ez dutenentzat izena emateko epea atzo amaitu zen. Iñigo Serna antolatzaileetako baten esanetan, orain arteko datuak kontuan hartuz parte-hartzea «nahiko handia» izango da. «Dagoeneko hamazazpi pertsonak eman dute izena eta ziurrenik azken orduan gehiago agertuko dira», esan du.

Mundakako jaitsiera kategoria desberdinetan egin daiteke: pneumatikoak G1-G2, errodamentuzkoak, errodamentuzko tradizionalak (kuatropalosak), GOLFO3 eta Arinak.

Ibilbidearen nondik-norakoak

Sernak aipatu bezala, hasiera batean ibilbidea luzatzea pentsatu zuten arren, azkenean 750 metrokoa izango da. Sernaren esanetan, edozer gertatuz gero, beharrezko segurtasun neurri guztiak bermatuta egongo dira.

Jaitsiera, oro har, oso arina eta maldatsua izango da. Azken zatian oso itxia den bihurgunea dago. Hori dela eta, abiadura moteltzeko bitartekoak jarriko dituzte.

Euskal Herriko hainbat lekutik hurbilduko dira Mundakako goitibehera jaitsieran parte hartzera, baina, batez ere, Nafarroako parte-hartzaileak izango dira nagusi. Izan ere, orotara izena eman duten hamazazpi lagunetatik bederatzi Nafarroatik datoz. Gainerakoak bizkaitarrak eta gipuzkoarrak dira, nahiz eta oraindik parte-hartzaile gehiago egongo direla aurreikusten duten antolatzaileek.

Jaitsiera gehiago eskualdean

Udara begira Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkarteak goitibehera jaitsiera batzuk antolatu ditu Busturialdean. Uztailaren 12an Foruan Baldatikako goitibehera jaitsiera jokatuko da eta Euskadiko txapelketarako puntuagarria izango da. Abuztuaren 1ean Busturian jokatuko den Paresiko goitibehera jaitsiera ere baliogarria izango da Euskadiko txapelketa horretarako. Gainera, Paresikoa Euskal Herriko Sari Nagusia izango da.

http://www.busturialdekohitza.info/paperekoa/2009-07-02/p00005007/Gutxienez_hamazazpi_parte-hartzaile_izango_dira_etziko_goitibehera_jaitsieran._Mundaka_Federazioko_asegurua_dutenek_bakarrik_parte_hartu_ahal_izango_dute_750_metroko_ibilbidea_izango_duen_jaitsieran..htm


Utzi iruzkina: