Goitibeherak kirol legez duintzeko potentziala badagoela ikusi dugu
Lander Muniozguren, Iñigo Serna eta Kepa Urionabarrenetxea - Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkartea
«Kirol aitorpena izateko elkarteak 500 sinadura jaso behar ditu»
Itsasne Madariaga. Kirola
Iñigo Serna, Kepa Urionabarrenetxea eta Lander Muniozguren, goitibehera zale amorratuak diren heinean, Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkarteko kideak eta sortzaileak dira. Hirukotearen azken helburua goitibeheren kirolaren izaera ofiziala lortzea da eta lortu arte lanean ariko direla aldarrikatzen dute.
Zelan sortu zen goitibeheren inguruko elkarte bat eratzearen ideia?
Iñigo Serna: Busturialdeko herri desberdinetako jaietan goitibehera jaitsierak antolatzeko ohitura egon da betidanik. Iazko Paresiko goitibehera jaitsierak inflexio puntu bat suposatu zuen guretzat, izan ere, jende kopuru handia bildu zen bertan.
Kepa Urionabarrenetxea: Ordutik aurrera, esan genezake zalegoa indarberritu egin dela eta, orduan, antolatzaileok eta goitibehera gidariok batzea erabaki genuen, batez ere, koordinatuta egoteko eta eskualdean jaitsierak antolatzen laguntzeko.
Zeintzuk dira ordutik Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkartearen asmoak?
Serna: Inertzia Kirolen Elkartea garen aldetik, lehenengo eta behin gure helburua inertzia kirolen inguruko ekitaldiak, ikastaroak eta bestelakoak antolatzea eta sustatzea da. Bigarrenez, Euskal Herriko Federazioak inertzia kirolen aitorpena egitea eta Euskal Herriko Inertzia Kirolen Txapelketa lortzea eta ondoren sortzea izango litzateke.
Euskal Herrian goitibeheren zaletasuna zein mailatan aurkitzen da?
Lander Muniozguren: Egia esan, Euskal Herrian goitibeherenganako zaletasuna beti egon dela esan behar da. Gainerako kirolekin gertatzen den bezala, arazo nagusia segurtasun kontuak izaten dira. Goitibeheren inguruko zerbait antolatzen denean, Udalak izaten duen beldur handiena jaitsierako parte-hartzaileei zein ikusleei zerbait gertatzea izaten da. Paresiko jaitsiera eta gero, goitibeheren mundua kirol bezala duintzeko potentzial bat dagoela ikusi dugu.
Urionabarrenetxea: Beraz, buru-belarri sartu gara goitibehera jaitsierak antolatu gura dituzten herriei era guztietako erraztasunak eskaintzen, besteak beste, aseguruen kontuetan, informazioa zabaltzen eta agenda osatu bat sortzen.
Eta, aldiz, busturialdean?
Muniozguren: Eskualdean inoiz baino zaletasun handiagoa sortu da azkenaldian. Orain dela hilabete, Kanpantxuko goitibehera jaitsieran, 40 goitibeherak parte hartu zuten. Hala ere, oztopo nagusiena aseguruak dira.
Serna: Egun proba asko federatuak izaten dira eta, hori dela eta, federazio asegurua ez daukaten asko ez dira saio horretara joaten. Batzuetan, Udalak arduratzen dira parte-hartzaile guztien asegurua egiteaz, horrek jende kopurua gehitzea ekartzen duelarik.
Zein eratako babes-neurriak bermatzen dira jaitsieretan?
Urionabarrenetxea: Lehengo jaitsierek ez daukate gaur egungoekin zerikusirik. Hasteko, guk, elkarte bezala, jendearen konfiantza eskuratu nahi dugu. Hau da, barneratu behar dena da antolatzaile lanetan bagabiltza, proban asegurua izango dela eta segurtasun babes minimoak baino gehiago egongo direla.
Serna: Datorren jendea ondo pasatzera etorri dadila. Era berean, segurtasun araudia egoteak berebiziko garrantzia dauka kirol aitorpena jaso nahi baldin badugu eta gu homologazio horren bila goaz zuzenean.
Muniozguren: Segurtasun aldetik, distantzia, diametroa, gomazko eta burdinezko pneumatikoentzat eta bestelakoentzat... Bete beharreko normatibak daude. Jendeari guzti horrekin laguntzeko gaude.
Egun, federazio asegurua FEDEIren bitartez soilik lor daiteke?
Serna: Horretan gaude, baina, oraindik ez dugu lortu alternatibarik. Momentuz, asegurua bakarrik eskuratu daiteke FEDEIrekin (Federacion de deportes de inercia). Karrera federatua denean, segurtasun neurri asko dituen araudi jakin bat bete behar da, bestela kanpoan geratzeko arriskua daukazu.
Muniozguren: Horrez gain, parte-hartzaileek beren aseguru propioa daukate eta, bestela, eguneko asegurua egin behar dute. Hala ere, horrek ez du esan nahi federatuta ez dauden jaitsieratan babes neurriak betetzen ez direnik, nahiz eta hauek betetzera behartuta ez egon.
Zein da dinamika horrekin apurtzeko bidea?
Serna: Aseguru propioak lortzea. Baina, lehenago, kirol aitorpena jasotzea. Horretarako sinadurak biltzen gaude duela aste batzutatik hona. Izan ere, 500 sinadura lortuz gero Eusko Jaurlaritza kirol errekonozimenduaren eskakizuna aztertzen hasten da.
Urionabarrenetxea: Jendeak ez du goitibeheren munduaren dimentsioa ikusten eta askok umeen jolastzat hartzen dute. 100 kilometro orduko abiadura hartzen duten gailuak, ordea, ez dira umeentzako.
Zein pauso eman behar da federatzeko?
Muniozguren: Federatzeko 30 euro ordaindu behar dira. Orain aseguru-etxeekin hitz egiten gaude parte-hartzaile kopuru bat aseguratu ahal izateko. Hartara, jaitsiera batean 40 pertsona inguru egongo direla aurreikusten bada, 40 pertsonarentzako asegurua egiten da parte-hartzaileak ezer ordaindu barik. Bestalde, Euskadiko goitibehera txapelketarako puntuak federatuek bakarrik lortu ditzakete.
Bestalde, kirol estatusa lortzea noren esku dago?
Serna: Euskal Autonomia Erkidegoan eskuduntza Eusko Jaurlaritzak dauka eta honek Espainiako estatuan zein mundu mailan aitortuak ez dauden kirolak errekonozitzeko ahalmena dauka. Azken baldintza kirol horretan jarduten diren 500 bazkideko hiru elkarte egotea da. Gu, momentuz, 280 bazkide gara eta gehiago izateko esperantza dugu.
Zein da zuen hurrengo helburua?
Urionabarrenetxea: Lehenengo eta behin, bazkideak beharrezkoak zaizkigu aitortzarako eta ez bakarrik aseguruen kontuengatik, baizik eta diru laguntzak lortzeko. Antolakuntza mailan Euskal Herriko Federazioa eta txapelketa sortu nahiko genituzke. Eskualde mailan, aldiz, etengabean hobetzen joatea eta buruan ditugun proiektuak egitea dira helburuak, esaterako, Almikako jaitsiera.
- Paresiko jaitsiera inflexio-puntua izan zela deritzote.
- Busturialdean azkenaldian inoiz baino zaletasun handiagoa sortu dela diote.
- Goitibeherak Inertzia Kirolen Elkartearen helburu nagusia Jaurlaritzatik inertzia kirolen aitorpena jasotzea da; horretarako bazkide gehiago behar dituzte.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: