Made in Galiza, made in Euskal Herria
Sechu Sendek idatzitako Made
 in Galiza izeneko liburua euskaratu dut eta irailean argitara emango du
 Txalapartak. Liburu horretarako idatzi dudan hitzaurrea da hauxe (Gure 
liburuak aldizkarian argitaratutakoa).
Ametsak
 etorkizuneko errealitatearen zirriborroak omen dira. Ametsek 
etorkizuneko errealitatea marrazten dute, aldatzen dute. Ametsak 
gauzatzeko baina elkarrekin egin behar dugu amets, elkarrekin. 
Hitzorduak jarri beharko ditugu denok egun berean eta leku berean 
elkarrekin amets egiteko, Séchu Sendek olerki batean esaten duen bezala.
 Amets egitera eta amets horiek gauzatzera dei egiten dizu liburu honek.
Ametsak
 partekatzeko herri batetik bestera bideak ere behar ditugu. Bide mota 
asko daude: errepideak, autobideak, bidexkak, bidezidorrak, ardibideak, …
 eta bidegorriak. Liburu honek bidegorria izan nahi du, galizieratik 
euskarara doan bidegorria, munduko beste hainbat hizkuntza gutxitu ere 
zeharkatuz. Milaka mundu desberdin aurkitzeko bidegorria.
 
Bidegorri
 hauetan topo egiten dugu geure iraganari geroa bilatzen ari garenok, 
nahiz eta sarriago topo egin beharko genukeen. Bidegorritxo gehiago egin
 behar ditugu (autobideetan ez goaz eroso gu), bide estu gehiago, 
ardibide gehiago. Elkarrekin ikasteko, elkarrekin partekatzeko, 
elkarrekin gozatzeko, elkarrekin amets egiteko eta, zergatik ez, 
batzuetan elkarrekin negar egiteko. 
 
Bidegorri
 hau aspalditik hasi nintzen egiten. Txikitan Uretamendiko aldapetan 
galiziera entzutea errazagoa zen euskara baino, mila aldiz errazagoa. 
Ordutik “arraro” hitz egin zuten horiekin behin baino gehiagotan egin 
dut topo. Bide eta amets askotan egin dugu topo, ezinbestean.
 
Baina
 bideetan ibiltzeko, ezinbestekoak ditugu berbak. Berba barik, 
kontatzeko istoriorik ez genuke izango. Berba barik, ametsak ezingo 
genituzke partekatu. Berba barik, herrien artean ezingo genituzke 
harremanak ondu. Eta hori da garrantzitsuena, bideetan bizitakoa 
kontatzea, bidegorrietan bizitakoa kontatzea.
 
Séchu
 Sende galizieraren eguneroko errealitatearen bidegorritik abiatzen da, 
txispaz eta errebeldiaz abiatu ere. Bidetxoetan gertatu direnak, 
gertatzen direnak eta gertatzeko daudenak istorio bilakatu ditu, 
fresko-fresko. Hainbat egoera dakar berak hizpidera: haietako batzuk 
gurean zeharo desberdinak badira ere, asko eta asko gurera ederto 
egokitzen dira, ia-ia hitzez hitz.
 
Izan
 ere, euskaldunok, hizkuntza kontuetan beti ere, lepoa ekialdera 
bihurritzen dugu gehienetan. Gure ispilua ez da izaten askotan 
mendebaldean dagoen herri galiziarra, nahiz eta elkarrekin amets egiteko
 herri ederra den. Liburu honen bidez, lepoa mendebaldera bihurritzeko 
gonbite txikia egin nahi dut, han ere zer ikusia eta zer ikasia 
dugulakoan.
 
Liburu
 hau ez da apalategian gorde beharreko liburu horien modukoa. Inondik 
ere ez. Liburu honi zikindua, lohitua, erabilia izatea gustatzen zaio. 
Galizia aldean liburuko hainbat pasarterekin bideoak egin dituzte, 
irakurtzeko gidak egin dituzte irakaskuntzan erabiltzeko, interneteko 
hainbat webgunetan agertu da liburuaren pasarterik, komikiak egin 
dituzte … Gonbidatzen zaituztet horiek guztiak eta gehiago egitera, 
euskaraz eta euskaratik, edo euskaraz eta galizieratik.
 
Galizieratik
 eta euskaraz, hizkuntzen bidegorrietan barna amets egitera deitu. Made 
in Galiza made in Euskal Herria ere izan daitekeelako. 

Iruzkinak
Utzi iruzkina: