Kontzeptu berriak
Azken aldion, kontzeptu berri batzuk entzun ditut (bueno, horietako bi ez dira horren berri, baina bada euskaldun zahar eta euskaldun berri kategoriak bazterrean uzteko bide bat zenbait kasutan): bidelaria, bidelaguna, euskaldun 2.0 eta transeuskalduna.
Goazen pausoz pauso. Bidelaria eta bidelaguna berbalagunen mugimenduaren abaroan sortutako berbak dira. Bidelaria litzateke euskara ikasten edo euskara hobetzeko beharra duen pertsona (Eusko Jaurlaritzaren araberako terminologian gutxi gorabehera erdi-euskaldun deitzen dena). Bidelaguna, ordea, euskaraz ondo edo txukun jarduten duen pertsona da, bidelari bati laguntzen diona bere euskara hobetzeko ibilbidean. Esan bezala, termino biak berbalagun (mintzalagun, solaskide edo mintzakide) mugimenduan sortu dira eta, gainera, batetik bestera salto egiteko aukera ematen du.
Euskaldun 2.0 kontzeptua Maisha MC barakaldarrari entzun diot. Haren ustez, badira ez zahar ez berri moduan kalifikatu daitezkeen euskaldunak. Txikitatik harremana izan dutenak euskararekin, baina akaso ez behar beste familian, euskaldun zahar kontsideratzeko. Eta berak euskaldun 2.0 kontzeptua proposatzen du horretarako (nire ustez, dezente zabaldu daitekeen kontzeptua da).
Transeuskalduna terminoa, ordea, Lutxo Egiak sortu du. Bere berbetan, euskalduna euskaraz dakiena baino euskara erabiltzen duena da. Izan ere, euskaldunak transitoan gaude, hainbat herri eta hiritan, euskaratik gaztelaniara (edo frantsesera) eta alderantziz, etengabe, lotu barik. Gure garunetan deriba etengabea dabil batetik bestera.
Iruzkinak
txerra 2016-01-19 11:55 #1
<p>Artikulu honi buruz elkarrizketa egin didate <a href="http://www.eitb.eus/eu/irratia/euskadi-irratia/programak/hirigorrian/audioak/osoa/3770730/hiri-gorrian-euskaldun-20-transeuskaldunak-euskadi-irratia/">Hiri Gorrian saioan</a>.</p>
2016-02-23 11:31 #2
Erabat ados Txerren. Nik ere euskaldunberri euskaldun zahar kontzeptuan desagerraraziko nituzke
Utzi iruzkina: