Zelan gainditu berri eta zaharren arteko dikotomia?

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2016-05-09 09:18
1

garaigoikoa 1462641691304

Originala IVAPeko Administrazioa euskaraz aldizkarian argitaratua.

Euskaltasunaren itsasoan gutasun guztiak baliotzea beharrezkoa dugu, euskaldun izatearen modu anitzak jarri behar ditugu komunitatearen alde. Zentzu horretan, ez dirudi euskaldun berri eta euskaldun zahar kategoriak mantendu behar ditugunik. Alboratu beharko genituzkeela iruditzen zait (barka biezat Jone Goirigolzarrik lehen lerroetan egin diodan lapurreta).

Batetik, ematen du euskaldun berri kategoriak ez duela laguntzen hiztun berrien legitimitatean, benetako hiztun sentitzean, alegia. Eta ez diot nik. Nazioarteko zenbait unibertsitate ikerlari (gurean ere batzuk ari dira) aztertzen ari dira hiztun berrien legitimitatea. Eta, ondorioen artean, euskaldunberri kategoriaren desegokitasuna aipatzen dute.

Bestetik, bi horiek kontzeptu estatikoak dira. Hiztunaren eta hizkuntzaren arteko harremana ez dago berez ezarririk, egunero eratu, berreratu edo baztertu egin dezake hiztunak. Izan ere, Paula Kasaresek dioen moduan,  “Ama edo lehen hizkuntza izateak ez dakar per se mintzaira hori hiztunaren bizitzan nagusia izatea, ez ohikoena edo usuena, ez eta maiteena edo nahiena ere edo hiztunak seme-alabekin solasteko hautatuko lukeena izatea”.

Hori dela eta, azken aldion, kontzeptu berri batzuk entzun ditut nolabait kategoria bi horiek gainditzeko modua bilatzen dutenak: bidelaria, bidelaguna, euskaldun 2.0 eta transeuskalduna.

Goazen pausoz pauso. Bidelaria eta bidelaguna berbalagunen mugimenduaren abaroan sortutako berbak dira. Bidelaria litzateke euskara ikasten edo euskara hobetzeko beharra duen pertsona (Eustat-ek erabiltzen duen terminologian gutxi gorabehera ia-euskaldun deitzen dena eta Eusko Jaurlaritzak bere mapa soziolinguistikoetako euskaldun-hartzailearen parekoa). Bidelaguna, ordea, euskaraz ondo edo txukun jarduten duen pertsona da,  bidelari bati laguntzen diona bere euskara hobetzeko ibilbidean. Esan bezala, termino biak berbalagun (mintzalagun, solaskide edo mintzakide) mugimenduan sortu dira eta, gainera, batetik bestera salto egiteko aukera ematen dute (badira bidelari hasi direnak eta, gaur egun, bidelagun bihurtu direnak).

Bigarrenik, euskaldun 2.0 kontzeptua dugu. Nik Maisha MC barakaldar musikariari entzun egin diot. Haren ustez, badira ez zahar ez berri moduan kalifikatu daitezkeen euskaldunak. Txikitatik harremana izan dute euskararekin, baina akaso ez behar beste familian, euskaldun zahar kontsideratzeko. Eta berak euskaldun 2.0 kontzeptua proposatzen du horretarako.

Gure komunitate linguistikoan nahasketak gero eta ohikoagoak dira. Etxean jaso ez duen baina txikitatik euskararekin harremana izan duen gero eta euskaldun gehiago dago. Euskalkidun ez den gero eta euskaldun gehiago, nahi bada. Gainera, horietako askok seme-alabak dituzte (edo izango dituzte) eta datuek erakusten dute euskaldun horiek ere etxean euskara transmititzen ari direla. Berri eta zahar kategoria zurrun horiek ez dute balio euskaldun horien nolakotasuna adierazteko. Eta etorkizunean are gutxiago, nire ustez. Ondo etorria, beraz, 2.0 kontzeptua.

Transeuskalduna terminoa, azkenik, Lutxo Egiak sortu du, asmatu du. Bere berbetan, euskalduna euskaraz dakiena baino euskara erabiltzen duena da. Hau da, euskalduna ez da berez sortzen, egiten da, eraikitzen da, eta eraikitzeko ezinbestekoa da erabilera. Erabiliaren erabiliaz eraiki egiten da euskalduntasuna haren ustez.

Ondorioz, euskaldunok transitoan gaude hainbat herri eta hiritan, euskaratik gaztelaniara (edo frantsesera) eta alderantziz, etengabe, lotu barik. Gure garunetan deriba etengabea dabil batetik bestera. Ezinezkoa da 24 ordu euskaraz jardutea hainbat lekutan eta, ondorioz, euskaldunok behartuta gaude hizkuntza batetik bestera salto egitera. Beraz, euskalduna bada egiten duena eta zenbakit lekutan egiteko zailtasunak baditugu, horiek trans izango gara.

Era berean, ni Lutxoren kontzeptuari trans berbaren beste adiera bat gehitzera ausartuko nintzateke: trans horrek ere transformare aditzarekin lotura du, eraldaketarekin hain zuzen ere. Izan ere, transitoan gauden euskaldun askok ere nahiko genuke transito horietako asko (batzuk bederen) ez egitea, nahiko genuke gure praktikarekin ahal den heinean gure ingurunea eraldatzea. Baina horiek nire gogoetak baino ez dira. Transeuskaldun izatea beste gauza bat terminoa sortu duen pertsonarentzat.

Ez dut uste kontzeptu berri hauek erabat baztertuko dituztenik zahar eta berrien kategoriak. Agian, dena errazagoa da. Agian, bakarrik aldarrikatu beharko genuek ozen eta harro denok euskaldunak garela, etiketa barik, adjektibo barik. Agian.


Utzi iruzkina: