Dibulgazioaz eta hedapenaz
Barikuan Soziolinguistika jardunaldia izan zen Donostin. Eta han izan nintzen hizlari. Mahai-inguru baten. Jardunaldien kronika dakart oraingoan, Benito Fizi lapurtuta. Egia esateko, berak nik baino hobeto esan ditu esan beharrekoak.
IV. Soziolinguistika jardunaldian izan nintzen atzo. Ez da lehenengo aldia Klusterraren ekitaldi honetan partaide naizena, oraingoan pulpituan ere eduki dut txokotxoa berriz.
Soziolinguistikaren dibulgazioa, zabalkundea, prestakuntza eta halakoen inguruan ardaztu da aurtengo ekitaldia, eta edukietan ez ezik, formatuetan ere berrikuntza batzuk probatu nahi izan dira. Ez dut kronika zehatzik egingo, materialak ere seguraski laster izango dituzue sarean, Klusterrekoek ohi duten bezala, eta han jasotako ideia batzuk ekartzen saiatuko naiz.
Politikarien ohiko sarreraren ondoren Xamar jarri zen mikrofonoaren aurrean, bakarrik ez baina. Ohiko hitzaldi-speech-aren ordez Klusterreko Belen Urangak hartu zuen elkarrizketatzaile papera, zuzeneko galdera-erantzun saio publikoa izan genuen alegia, ordubete luzeko elkarrizketa.
Irakaslea da Xamar, eta euskara irakasleen edo euskaraz diharduten irakasleen lanaz metafora belikoa egin zuen: "Irakasleak aurkitzen du hizkuntza-gatazkaren lehenengo trintxera". Irakaskuntzan edo hizkuntzan ari garenon aspaldiko sentsazio bati jarri dizkio hitzak Xamarrek seguraski, abangoardiako fronte batean ari gara, euskararen mugetan nonbait. Horrek dakarren higadura emozional, motibazional eta fisikoa ere bai ezagunak ditugu honez gero. Xamarrek mahai gainean jarri zuen, eta hala ere nago euskalgintza edo dena delako mundu-sektorean horren pisua eta garrantzia ez dela behar beste aintzat hartu garapena, ikerketa edo gogoeta egiteko orduan. Deigarriago zenbat euskaltzale profesionalek ere jardun duten inoiz irakaskuntza lanetan jakinda.
Xamarren ideia horrekin geratu nintzen. Ondoren kultura eta jarreren inguruan ere jardun zuen. Berrian irakur dezakezue gehiago.
Hausnartu sariak eman ziren gero, eta lanen egileei tartetxoa utzi zitzaien haien berri emateko. Bat aldizkariaren 78. zenbakian daude jasota. Sarien hurrenkeran atzekoz aurrera Patxi Juaristik Euskal soziolinguistika aplikatua: bilakaera metodologikoa eta teknikoa lehenengo. Ikerketa soziolinguistikoen historioa aztertu du, eta ondorioetan, nik ulertu nuenaren arabera, haren ustez ikerketa eredu kritikoaren faltan gaude, partaideak inplikatzen eta erakaldaketan jartzen duen eredua. Ideia interesgarria iruditu zitzaidan benetan, ikertua partaide egitea, ondo ulertu banuen behintzat.
Galder Unzalu deustuarrak Sugea dantzan: She's in fashion-etik Bilbao euskaraz-era bigarren. Bilbon espazio publikoaren diseinu eta kudeaketa publikoa eta hizkuntzak zein komunikazioak duen lekuaz paralelismoa ezartzeko ariketa bitxia eta interesgarria egin zuen. Komunikazioa ezinbesteko du hizkuntzak, eta komunikaziorako espazioak eta aukerak Bilbo batean murrizten ditu politika urbanoak berak, euskaldunok komunikazio espazio publiko horiek konkistatu behar dugu nonbait. Beste ideia interesgarri bat duda barik.
Luis Azpiazu irakasleak jaso du lehenengo saria Gazteak, musika eta euskara lanarekin. Arrasateko Arizmendi ikastolan egin zuen ikerketa lana, euskara eta euskal munduaren erreferentzia kulturalak gazteek nola ikusten dituzten musikaren bidez. Egilea bera ez zen bertan egon, eta haren lanaren pasarte batzuk irakurri zizkiguten. Badirudi gaur egun euskara indarra galtzen hasita dagoela gaztetxoen erreferentzia musikalen artean, "euskal musika" topiko edo gune zehatz batzuekin lotzen ari direla. Seinale kezkagarriak nonbait.
Goizaren errematea lan-saioa deitu zutena izan genuen. Formatu esperimentala jarri nahi izan zuten praktikan hemen. Mikel Zalbidek "Teoriari tiraka, diglosiaren purgatorioaz" izenarekin emangio zion gaiari sarrera, eta bertan beste hiru adituk emango zioten erantzuna: Paula Kasares, Iñaki Martinez de Luna eta Estibaliz Amorrortuk (azken hau ezin etorri izan zen azkenean).
Diglosia kontzeptuaren historiaz eta adierak argitu nahian hasi zen Zalbide, terminoa adiera desberdinak dituela, beti ez direla bat etortzen eta halako adiera kolokiala dabilela hor nonbait zabalduta egokia ez dena (trenari abioia edo abioiari trena). Martinez de Lunak eta Kasaresek eman zioten segida eztabaidari, eta gauza interesgarriak entzun ziren, baina uste dut askori geratu zitzaigun sentsazioa eztabaida bizantino baten aurrean egon ginela. Gaiak (diglosiaren adierak) ez duela hainbesteko garrantzirik, edo ez zitzaiola oratu gaiaren muinari (noraino heldu behar dugu: elebistasun orekatu, deskorekatu edo zer bateraino?).
Ideia batekin geratu nintzen hari horretan: diglosia hitzak adiera kolokiala hartu badu, bistan dago hemen badagoela halako soziolinguistika popularra deitu daitekeen zerbait, hau da, dibulgazioak funtzionatu du nonbait gurean, termino tekniko bat adituen hizkeratik euskaltzaleen hizkerara ailegatzeraino. Ez gara 0tik hasten beraz.
Bazkalorduan zer hausnartu eduki genuen beraz, eta arrastiko txanpari ekiteko modua. Kataluniatik etorri eta Jordi Solé i Camardonsi egokitu zitzaion bazkalosteko modorraren erremedioa izateko beharlekua. Katalanez aritu zen Solék bat-bateko itzulpen zerbitzuarekin, askok erabili ez genuena gure osagai latinoari esker. Katalunian soziolinguistikaren dibulgazioa arlo ezberdinetan nola jorratu den kontatu zigun, hezkuntzan bereziki, hango kezkak eta irtenbideak. Ideia asko eta nik bati erreparatu nion, hizkuntzaren egoera, erabilera eta izaera soziala hizkuntzaren partea ere bada, eta hala zabaldu behar da, hizkuntzaren erabilera ez da soilik egin beharreko bat, ezagutu beharrekoa ere bai adibidez. Hizkuntzaren aldeko lanarentzako ezinbestekoa ia. Hala, ikas-programetan ere txertatu izan dira osagai soziolinguistikoak, heziketa soziolinguistikoa edo deitu daitekeena. Euskara ikasten duenarentzako "curriculumetan" horrek zer leku duen jorratzeko gaia dela esango nuke.
Jardunaldiaren errematea Txerra Rodriguez, Jacqueline Urla, Julen Arexolaleiba eta lauron esku geratu zen, Arkaitz Zarragak gidatuta soziolinguistikaren dibulgazioaz jarduteko jarri gintuzten mahaiaren atzean mahai-inguruan. Duela gutxi argitaratu den Soziolinguistika eskuliburuaren koordinatzailea izan da Arkaitz eta hura izan zen jardunaren abiapuntua.
Mahaian egonda eta memoria txarraren jabe, zurrunbiloan ideiak oraindik. Baten bat ekartzearren, uste dut bat etorri ginela soziolinguistika euskararen normalizazioarekin lotuta gehien bat, arlo desberdinetara zabaldu beharreko jakintza eta gogoetagaia dela: euskararen profesionalen artean, euskaltzale konprometitu edo militateen artean, eta jendartean oro har. Bakoitzena bere mailan, formatuetan eta kanaletan. Urlak esan zuen modura, gure muga linguistiko, sozial eta politikoetatik harago ere eman behar da euskararen berri "soziolinguistikoa": euskara zertan den, zer eta zergatik ari garen egiten eta euskal-komunitatearen ikuspegi sozial hori zabaldu nonbait.
Bistan da lehenengo lubakian dabiltzan horiek zeren aurrean dauden ulertu eta hari ekiteko estrategiak eta taktikak aurkitzen laguntzeko tresnak eta mapak eskertuko lituzketela, lubakitik inoiz irten ahal izateko besteak beste.
Iruzkinak
txerra 2011-03-08 15:04 #1
Beste kronika batzuk agertu dira han hemenka:

- Argian (Nova Canço neuk aipatu al nuen?)

- Klusterrekoen kronika bera

- Berrian eta Garan

Utzi iruzkina: