Bikoteen hizkuntza ohiturak zelan aldatu?

garaigoikoa 1456132721854 Garaigoikoa | 2009-06-08 20:18

Soziolinguistika Klusterrak ikerketa aparta egin du bikoteen hizkuntza ohiturak aldatzeari buruz. Ikerketa berria, berritzailea eta oso-oso interesgarria. Txostenaren laburpen bat da hemen ekarritakoa, laburpen subjektiboa jakina. Txosten osoa euren webgunean dago eta merezi du osorik irakurtzea.

Zein izan da ikergaia?
Bikoteen arteko hizkuntza ohituren aldaketa. Hau da, bikote batzuk hartu dira lehen erdaraz egiten zutenak eta orain gehien bat euskaraz egiten dutenak. Aldaketa gauzatu duten bikoteak dira. Interesgarria izango litzateke ere aztertzea ohitura aldatzen saiatu direnak baina lortu ez dutenak. Horrez gain, EAEko egoera soziolinguistiko guztietako bikoteak hautatu dira.

Ikertu egin da elkarrizketen bidez. Eta, batez ere, erreparatu zaizkie aldaketaren arrazoiei, zailtasunei eta horiei aurre egiteko estrategiei.

Marko teorikoa
Bikoteak aztertu dira talde bezala. Euren esanetan, "hizkuntza jokaera ez da gizabanakoaren alderdi hutsetik azter daitekeen kontua. Hizkuntza jokaera pertsonen arteko harremanari dagokion zerbait da, eta bikotea da gutxieneko kopurua. Elkarri egokituz eraikitzen da hizkuntza jokaera eta egokitasunaren emaitza da jokaera ohiko bihurtzea". Edo beste era batera esanda, "hizkuntza erabilera taldeen baitan ematen da, eta gutako bakoitzak gure hizkuntza-joera indibiduala egokitu egiten dugu taldearen dinamikara eta arauetara. Talde bakoitzak -gure kasuan, bikoteek- sistema bat osatzen du, bere nortasuna, egitura eta dinamika propioak dituena".

Hizkuntza ohiturak aldatzeak lau fase ditu:

- Abiapuntuko egoera: osotasun bat finkatuta dago une honetan (gaztelaniaz egitea hain zuzen). "Pertsona bat ezagutzen dugunean ere, harreman horretako gainerako kontuekin batera, zein hizkuntzatan hitz egingo dugun ere hautatzen dugu. Hizkuntza hautu hori oso denbora gutxian finkatzen da, eta behin finkatuta, automatikoki egiten dugu hautaketa aldiro, inkontzienteki".

- Legamiaren unea: finkatutako ohitura aldatzeko, beharrezkoa da osotasun zaharra auzitan jartzea. Aldaketa gertatzeko beharrezkoa da ohitura bere lekutik mugituko duen energia berria sortzea. Kontuan hartu behar da harreman hizkuntza aldatzea asko aldatzea dela. Bikoteetan hizkuntza ez da azaleko kontua, harremanaren erdi-erdian dago. Harreman batean hizkuntza aldatzea asko da, are gehiago horren hurbilak diren harremanetan. Zeintzuk dira aldaketarako baldintzak?
            - Jokaera berria desiragarritzat jo behar du hiztunak
            - Jokaera berria egingarria eta erabilgarria jo behar du                       hiztunak
            - Jokaera berriak neurriko ahalegina eskatzen diola                           hauteman behar du hiztunak

- Berregokitze egoera: behin aldatzen diren joerak ez dira beti finkatzen. Aztertutako kasuetan, ordea, bai. Eta prozesuan sortu zaizkien zailtasunei aurre egiteko zein estrategia eta bide erabili dituzten aztertzen da kasu honetan, zeintzuk izan diren mugarriak prozesu honetan.

- Finkatutako egoera: hau da azken fasea. Fase honetan egoera berria finkatzen da eta osotasun berri bat sortzen da.

Ikerketaren irakaspenak

1. Aldaketa handiak egiteko motibo handiak behar dira. Ez da bolada bateko kapritxoa hizkuntza ohiturak aldatzea.

2. Bikoteek lorpenak azpimarratzen dituzte zailtasunak baino. Azkenean, ikerketa egin da lortu dutenekin, amaierara iritsi direnekin. Iritsi ez direnen kasuan, seguraski beste bat izango zen erantzuna. Gainera, bikoteek zailtasunak normaltzat hartzen dituzte.

3. Bolada batean bikote gehienek lehentasuna eman diote euskarari, ohitura finkatu arte.

4. Erabilera erabiltzetik etorri da. Bietako batek euskara gutxi zekien bikoteetan, oinarrizko maila batetik ez da gertatu lehenik gaitasun on bat eskuratzea eta gero erabiltzea. Biak batera joan egin dira.

5. Hasiera batean arraro eta zail, baina behin egiten hasita ... uste baino errazagoa izan da prozesua.

6. Ia bikote guztietan biek edo bietako batek zaintza hartu du, aldaketa prozesua zaintzeko ardura. Eta ia kasu guztietan mutila izan da rol hori hartu duena.

7. Seme-alabak jaio aurretik aldatu dute joera bikoteek edo, behintzat, prozesua hasita zegoen. Seme-alabek ohitura finkatzeko eta sendotzeko eragina izan dute, baina prozesua hasita zegoen. Klusterreko teknikariek honako hipotesi hau bota dute: "behin seme-alabak jaiota, bikoteko harreman-hizkuntza aldatzea jaio aurretik baino askoz zailagoa da". Hipotesi hau berretsiz gero, transmisiorako martxan jarrita dauden hainbat proiektu planteatuko beharko lirateke berriro, nire ustez.

8. Bikoteek, oro har, ez dute aldatu seme-alabengatik bakarrik, baina ohitura finkatzen lagundu egin dute.

9. Ohitura aldatu duten hiru bikote mota bereiztu dituzte: berreskuratu dutenak (gaitasuna bazuten biek eta une batetik aurrera erabaki dute euskaraz egitea), eskuratu dutenak (aldatzeko nahia egon arren, bietako batek ez du gaitasunik, eta ez da erabaki esplizitorik hartu) eta euskaratu dutenak (hasieran nolabaiteko gogoa egon arren, ez dago gaitasunik ezta erabakirik ere).

10. Bikote eta prozesu bakoitza elkarrengandik oso ezberdinak dira.

Zergatik aldatu? Zerk eragin du aldaketa?


Hemen zerrenda batean agertuko badira ere, ez daude inola ere sailkatuta euren garrantziaren arabera.

1. Euskaldun izan nahia.
2. Familian jasotakoari segida ematea.
3. Gurasoek eman ezin izan zigutena seme-alabei eman nahia.
4. Bizi naizen tokiko hizkuntza eta kultura neureganatzea.
5. Bestak nigatik gaztelaniaz egitera ez behartzea.
6. Seme-alaben etorrera irudikatzea.
7. Garaiko giro sozio-politikoa: inposaketaren kontrako erreakazioa eta garaiko euskalduntzearen aldeko giroa.
8. Euskararen aldeko giro soziala.
9. Gaztelania arrotza izatea.

Aurrera begirako lan ildoak:

- Testigantza hauek sozializatzea: bikote hauen testigantza oso baliagarria edo lagungarria izan daiteke antzeko prozesuei ekin nahi dieten bikoteentzat. Hauen testigantzetatik abiatuta dibulgazio materiala egin daitekeela diote Klusterrekoek. Nik uste dut egin behar dela, aurreko baten proposatu nuen soziolinguistika domestikoaren harian.

- Ekintza-ikerkuntza egitasmoak martxan jartzea.


Utzi iruzkina: