Murgi. Prest Aretoa (Leioa) 2023-11-17

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2024-03-22 12:57

pyromanya@hotmail.com 1711109542724

                                                  JOLASTU TA JOSTATU

Aldatu Rock jaialdia Leioako Prest aretoan egiten da 2015. urtetik. Bertan lortutako diru guztia Saharako herriarentzat gordetzen da, euren bizi baldintzak hobetzeko asmoz. Aurten bost taldek jo duten arren, guk lehenengoa bakarrik ikusi ahal izan genuen, Murgi lapurtarrena hain zuzen. Gainontzeko taldeak Heriotz, Leaven Slave, Pabernos Matao eta Dulce Castigo izan ziren, baina Deustuko gazte lokalean Harat eta Braulio taldeak zain geneuzkan. Leioara itzuliaz, ostirala zen eta arratsaldeko 18:30etan hasi zirenez, oraindik jende gutxi zegoen. Bertaratutakoek emanaldiak izan zuen crescendoaz gozatu ahal izan zuten, ordea. Geroago joko zuten taldeetako musikari batzuek ere bere tartetxoa hartu zuten talde honen nondik norakoak arakatzeko.

Des- kantuarekin hasi ziren, estudioko azken lanean (Jitoan, 2022) egiten duten moduan. Berehala sentitu genuen, berriz ere, power trio bihurtutako talde progresibo honen infernuko hauspoa: badakizue, folk-rock estiloa tratatzeko zuten moduagatik, instrumentazioagatik (arrabitak, pianoak e.a., gitarra-baxua-bateria ahaztu gabe, noski), kantuen egituragatik eta estiloagatik beragatik argi eta garbi folk/rock progresiboa egiten zuten. Jadanik taldean zeuden Greg Juvin baxu jolea eta ekoizlea eta Cédric Lépine bateria jolearekin formatua murriztu eta Tristtan Mourguy liderrak (ahotsa, gitarra) rock boteretsua bultzatu zuen, meritu handiko eraldaketa eginez: musikaren konpaktutasuna eta potentzia igota ere rock progresiboaren egituretan mantendu baitziren, batez ere Sargia (2019) diskoan.

Taldearen soinuak blokea osatzen du pixkanakako zirimoletan zein berehala nabaritzen den arroka moduko erabatekotasunean. Jokatu ta jostatu bihotza kolpatzen dizun eraikin abstraktua da: Greg-en baxuaren loditasuna ez da inoiz bere horretan gelditzen: botere hori jokuaren parte bat besterik ez da, kantuen garapenetan eskala harrigarriak sortzen aritzen baita modu oso teknikoan, bai, baina gainazala soilik ustiatu beharrean gorputz handiko zimenduak etengabe eraikitzen baititu. Jitoan, aurreko hirurak bezala berria eta zuzeneko diskoan ere ageri dena, bortxakeria bereziz jantzia dago Pettiren kolaboraziorik gabe ere. Berriz ere azpimarratu nahi dugu soinuaren sorginkeria eta irabiagailu hiltzailearen sentsazioa.

Atabaletan daukaten oinarria ezin sendoagoa baita: Cédric Lépinek Greg baxu jolearen teknika eta profesionaltasun berdina dauka. Gainera, berriz ere erakustaldien bila ibili beharrean, erritmoen profanazioa atsegin du. Hau da, zulatzeko makina bat bezala jokatu dezake, betiere kaxa eta tinbalei berebiziko garrantzia emanez (kaxarekin egiten dituen erredobleak konstanteak dira) eta soinu argamasa harrigarriki tematia sortuaz. Guzti honekin Murgik zuzenean eskaintzen duen boterearen ideia orokorra egin dezakezue. Zuzeneko diskoa argitaratu berri dute (Hain zuzen ere, 2023), disko berriko zein aurreko laneko kantuekin. Atzeragoko hiru diskoetatik soilik Maitia berreskuratu dute, hain zuzen ere “dUAL (2/2): beharrezkoa da... hutsa” (2018) diskokoa.

Apustuak, beraz, formatu berriaren alde egiten du argi eta garbi. Zuzeneko grabazioan, azken lanetik zazpi ageri dira, eta Sargia diskotik lau. Hamabigarrena, goian aipatu dugun diskokoa da. Leioan ere hamabi hauek jo zituzten, ordena ezberdinean egin bazuten ere. Hurrengoa, aurreko laneko kanturik onena izan zen: Me too zoragarria. Soinuaren plazer lainoetan, aretoa jende gutxirekin ikusteak egoeraren injustizia ekartzen zigun gogora, baina profesionaltasun osoz ekin zioten amaieraraino. Gainazalak kantuaren estudioko bertsioan Odei Barrosok rapeatzen du era oso dotorean, baina hemen ez zen gonbidaturik, beraz zati hori era instrumentalean egin zuten, konposizioaren beraren balioa agerian utziaz.

Denborajale eta Musikara kantuetan Tristtan Mourguyren unibertso barnerakoiena esploratu zuten, hori bai, taldeak berezkoa duen crescendoak eraikitzeko joera ahantzi gabe. Haziz doazen konposizio mota hauek arreta jarriarazten diote entzuleari, gero eta gehiago, gero eta gehiago... bukaera aldeko leherketa txiki eta handiekin goia jotzen duten arte. Hotz eta motz baxuaren loditasuna maite dutenentzako delicatessen hutsa bada, jolastu eta jostatzea maite dutenentzako ere beste hainbestekoa da, sustrai sakonekoa eta atabalekin era oso nabarmenean bat egiten duena: base erritmikoa oinarri hutsa izatetik urrun, egitura nagusia eta protagonismo guztia bereganatzen duen (ezohiko) horietakoa baita.

Kantuek berez intentsitate igoerarako joera badute, kontzertuak ere crescendo planifikatuak dira. Azken lau kantuekin ikuslegoaren zati bat harritu zutela ere esango genuke, hala nola: Txakur eta otso artean rock oldarkor eta basatia (Tristtanen amaierako oihua!), Titia sentitu-ren garraztasuna, Datu-base kantuaren rhythm & blues brutala eta garai zaharren ez ahazteko, Maitia kantu ederra, lehen aipatu bezala etorrizko instrumentaziotik urrun eta era kartsuan interpretatua, hark ere osagai hori izan, badaukan arren. Horrelaxe amaitu zen 50 minutuko emanaldi gordin, lizun eta boteretsua. Tristtanek gitarra guztiak jotzeaz gain kantatu egiten duenez, daukan merituari garrantziarik ez diogu inola ere kenduko. Gainera, ahots goxo eta limurtzailea maisuki erabiltzen duen arren, kantu gogorrenetan erakusten duen kemenak aipamena ere merezi du. Batzuetan, guztiz garrazten duenean, musikarekin nabarmenki bat egiten du. Etorkizunean esplotatu beharreko dohaina dela deritzogu. Eta ez, ez dago hau bezalako beste talderik. Begiratu inguruan, bestela.


Utzi iruzkina: