Murgi "Greg Juvin ekoizle-baxista ezagutzeak markatu du nire bizitza musikala"
Tristtan Mourguy 1982an jaio zen Donibane Lohitzunen. Familian musika klasikoa jotzen zuten hainbat kide zeuden, eta txiki txikitatik pianoa jotzen hasia zen. 1999an Metal talde batean baxua jo eta kantatzen hasi zen, eta beste proeiktu batzuetan aritu ondoren 2007an lehen aldiz gitarra jo eta konposatzen hasi zen. Bakarkako proeiktua hasi zuen beranduago, Tristtan Mourguy (hau da, bere izena) erabiliaz.
Lehen diskoa 2015ean argitaratu zuen: “Trobador”. Lan barnerakoia eta definitu gabea zen oraindik, baina laster jauzi handia eman zuen “dUAL 1/2: Gordeka” eta “dUAL 2/2: beharrezkoa da... hutsa” lan harrigarriekin. Rock progresiboan buru belarri murgildu zen, eta batez ere bigarrena guztiz ikusgarria zen: instrumentazio aberatsa, Flore-Elise Capelierren ahots zoragarria, pianoa, arrabitak, klarinetea... lan oso konpletoa eta erabatekoa. Cédric Lépine bateria jolea eta Greg Juvin baxu jolea izan ditu beti bere alboan. “Talde batean sartu nintzen lehen aldikotz gitarran (elektrikoan) 2010ean eta Uztaritzen maketa bat grabatu genuenean, han ezagutu nuen Greg gure produktore-baxu jolea. Ezagutza horrek du markatu nire bizitza musikala. Berak proposat baitit grabatzea nire lehen diskoa”!!
2019an Murgi izena hartu zuen eta “Sargia” lanarekin hirukote formatura eta oinarrizko instrumentaziora jauzi egin zuen. Era ezberdin batean, baina rock progresiboa izaten jarraitzen zuen ordea. Oraingoan, parametru tekniko berdinetan mugitu bada ere, batetik eragin beltza indartu eta bestetik soinua gogortu du. Traza progresiboek hor segitzen duten arren, hau beste gauza bat da. Eroaldi eta haserrealdi instrumental liluragarri bat, nolabait esateko. Progresiboa baino gehiago, blues, funk eta Hard Rock mozkorraldia da.
“Sargia” diskoarekin lortutako konposizio zein exekuzio maila mantentzea lortua dute gutxien-gutxienez. Lan hartako atmosfera batzuk hartu eta muturrerago eraman dituztela esango genuke. Aldaketa nabaria da eta kantu berriak erasokorragoak dira, basatiagoak. Aurrekoan bezala, hemen ez dago berriketarik: gitarra, baxua eta bateria. Instrumentu horiekin lortzen duten soinu espektroa harrigarria da. Zenbat su eta zenbat gar soilik hiru instrumentu eta ahotsarekin. Cédric eta Greg Juvin taldekideen papera ezinbestekoa da hemen. Ez baita soinu hau lortzen duen beste talderik gurean.
Kaixo Tristtan; lehenik eta behin, zorionak. Berriz ere ohiko kanonetatik at dagoen grabazioa egin duzue. Hau bai dela musika alternatiboa! Nolako giroa egon da grabazioan? Nik pasioz ari diren hiru musikari entzuten ditut.
Grabazioa egin dugu beti egiten dugun bezala. 2020ko martxoan konfinatuak egon ginenean etxetik kantu eta ideia berri nituenak ordenatzen eta maketatzen hasia naiz. Ia maiatzean “Jitoan” diskoa beste bi kideei entzunarazteko prest neukan. Heiek etxetik entzuten aritu dira eta egoera lasaiatu denean (garai honetan oraindik Irunen bizi bainintzen luzaz egon naiz muga delako hau pasatu ezinik) entseguak egiten berriz hasi ginen. Moldaketa ttiki batzuk egin ditugu beti bezala egokitzeko (pasarte batzuk moztu – aldatu-kendu -luzatu).
Grabatzeko prest sentitu garenean grabatzen hasi gara. Hor ere beti bezala, lehenik nire gitarrak, ondotik ahotsak, gero bateria-jolea (Cédric Lépine) eta azkenik baxu jolea (Greg Juvin). Hori amaitu dugunean Pey Etura nire lagun argentinarrari bidali genion proiektua gitarra batzuk gehi zitzan. Izan ere “Sargia” diskoan bezala bere kolaborazio miresgarria izan dugu, eta Patagonian daukan estudiotik (Lago Puelo, Chubut) grabatu du 5 abestitan.
Hori jaso genuenean nahasten hasia da gure ekoizle-baxista. Nahiko garbi geratu denean beste kantariengana jo dugu: Jurgi Ekiza, Petti, Pelax (Unai Pelayo) eta Odei Barroso. Hor ere agendak parekatzeko denbora hartu dugu. Azkenean 2022an bukatutzat utzi dugu diska. Kasik 2 urteko lana.
Zen Estudioan egin dugu. Greg Juvinek bere etxearen hedadura bat egin zuen bere estudio propioa eraikitzeko (orain dela aspaldi). Uztaritzen dago, oihan bazterrean. Pey Eturak Argentinan du grabatu esan bezala eta Pelaxek ahotsa Donostiako Egia auzoko bere estudio ttipian grabatu du.
Nork egin du portada?
Oinarrizko ideia nirea zen beti bezala bainan hor ere beste 4 diskoetan bezala nire Getariko lagun grafistarengana joan naiz: Philippe Palacin. Nahi nuen marrazki oso xume bat izaitea, helburua bainuen ondotik zigilu-marka bat eginaraztea eta diskoak eskuz egitea etxetik (bideoaren linka hor https://www.instagram.com/p/Cbx0R5EqCDe/). Jitoan, diskoaren izena, gure Donibane Lohitzuneko portuko izen bat da. Itsasuntzi bat jitoan dagoela esaten da ia kontrola galtzen duenean eta korronteak eskumena hartzen duenean. Hori zen olatu handi hau pandemiarekiko egoerarekin konparatzeko. Origami moduko barkuaren aldetik bi gauza adierazteko zen:
- batetik, hauskortasuna. -
bestetik, estetika aldetik hiruki forma baizik ez dut erabili: izan ere “Sargia”ren azalean ikusten ziren hiru liburuak gu geu baikinen, esateko gure proiektuaren formata berria zela. Hor ere hirukote formatua egonkortu genuela adierazi nahi genuen (berdin sortu dudanean MURGI logo berria, hirukiak baizik ez ditut baliatu, marratxo batzuk kenduz noski irakurgarriago geratzeko).
Gainean ikusten diren 5 izarrek ere zentzu bikoitza daukate: bosgarren diskoa eta bost kolaboratzaile. Ikusten diren 2 dikak Donibane Lohizunekoak dira, hori ere Iparraldera (Ziburura) bueltatu nintzela erakusteko. Ikusten duzun bezala, nahiz eta marrazki oso xumea izan, mezu asko badago gordeta.
Hirukote formatuarekin jarraitu duzu, aurreko lanean bezala. Lortutakoa ikusita, formatu honekin jarraitzeko asmoa duzu?
Bai guztiz! Cédric eta Greg nire lehenago taldean (HOREBA) sartu ziren 2014ean, beraz orain 8 urte daramatzagu elgarrekin. Egunero erresago da elgarrekin jotzea, konposatzea, ulertzea bakoitzak nora tiratu nahi duen abesti bat... Pentsatzen dugu hirukotean geratuko garela, bainan nork daki?
“Sargia”rekin egin zenuen hirukote formatura eta oinarrizko instrumentazioara jauzia. Era ezberdin batean, baina rock progresiboa izaten jarraitzen zuen ene ustez. Oraingoan, parametru tekniko berdinetan mugitu bazara ere, batetik eragin beltza indartu eta bestetik soinua gogortu duzu. Traza progresiboek hor segitzen duten arren, hau beste gauza bat da. Eroaldi eta haserrealdi instrumental liluragarri bat, nolabait esateko. Progresiboa baino gehiago, blues, funk eta Hard Rock mozkorraldia da. Ados zaude honekin?
Bai ondo harrapatu duzu berriz ere! Ez dugu ezer egiten estiloz aldatzeko bainan musika naturalki ateratzen uzten dugu. Hirukotean izaiteak ez du esan nahi ez ditugula pasarte instrumental polit batzuk egiten ahal.
Musika estilo horiek kontuan hartuta, letra askok jostagarriak izan behar dute, eta badago halakorik ere, bai horixe: bapatean, “Jitoan”, “Titia sentitu” eta “Jokatu eta jostatu” aipatuko genituzke. “Des-” kantak blues ero bat dirudi, baina erritmo dantzagarriagoen sorginkeria dauka, baita geroago 60.hamarkadako Heavy Rock primitiboaren trazak ere, distortsio basati eta guzi! “Jitoan” kantuan Pettik egiten duena, ufff... nola kantatzen duen, hain da sentibera... Pettiren lanarekin harritu gara benetan!
Anekdota emanen dizut. Baietz grabatuko zuela kanta horretan esan zidan bainan data bat aurkitzeko zaila. Azkenik, Itsasun abenduaren hasieran joko zuela ikusi nuen. Estudioa Uztaritzen dugunez aproposa zen biharamunean egitea; goizean goiz sartu ginen estudioan. Pettik kanta bi edo hiru aldiz bakarrik entzun zuen, bainan 40 minutuz grabatu du eta zelako emaitzarentzat!!! Hau artista, nahiz eta izan gutti gora behera nire ahots modeloa bezala, berak aurkitu ditu askatasun eta interpretazio izugarriak inpro moduan.
“Jitoan” kantarekin segituaz, gero kantak eztanda egiten du, funk basati moduko bat hasten baita, eta zure gitarrari sua dario. Baxuaren presentzia oso nabarmena da disko osoan zein kanta honetan. Kantua koadro bat bezala da, bere bertuteak marrazten ditu pisua hartzen doan heinean.
Nolabait zure ohiko rock progresiboaren ezaugarri horrekin beteko luke, progresioagatik beragatik bada ere. Kantua dantzagarria da guztiz, night club ilun batean entzuteko aproposa!
Bai hori LUR diskotekan (Dantxarinea aldean) garaiean egiten ziren kontzertuetan aproposa izango zen bai.
“Titia sentitu” eta bere erritmoa zoratzeko modukoak dira. Sua dario, eta hasieratik bukaerara guztiz beltza da. Funky erritmo horiek, baxuaren boterea... eta gero zure ahots zitala dator, hain zuzen ere “Sargia” diskoko kantu batzuetan egiten zenuenaren antzera. Amorrua ateratzen duzu kantu horretan! Eta hitzei buruz, zure semeari buruz ari zara, ezta? Nahiko argi daukat! Kar-kar.
Bai 2020ko martxoan nire semeak 2 hilabete zituen eta kanta hau eta bestea “Oihan” izenekoa biak ziren nire semearentzat konposatuak.
“Hotz eta motz” kantuan, aurreko diskoko tonu barnerakoia eta sentibera landu duzu beraren hasiera iradokitzailean. Baxuaren soinua disko osoko sarkor eta potoloena da, nola arraio lortu du soinu hori? Eta kantuaren garapena, berriz ere, aztoratzailea da gutxien-gutxienez. Infernuko hauspoa, kar-kar.
“Sargia” diskoko kantu batzuetan soinua loditzeko Octaver pedal bat oparitu nion baxu joleari, eta bai disko hontan baita zuzenekoetan ere asko erabiltzen du bakar saioetan dinamika mantentzeko.
“Datu-base” esentzian blues rock basatia da. Jurgi Ekizak bere eremu melodikora eraman du, berak hain ongi egiten duen moduan. Gero, Tristtan sartzen da, ozenago, oldarkorrago. Bien artean sortzen duten dramatismo eta intentsitate puntu hori adierazgarria da, eta baxua eta bateriaren erasoa konstantea eta gupidagabea.
“Oihan”en zeure tonu naturalean zaude, aurreko lan batzuetan moduan. Noski, “natural” hitza erabiltzea ez da egokiena agian. Kantu honetan bertan ahotsa goratzen duzunean ere oso eroso baitzabiltza. Kuriositate bat: 1’ 50” etik entzuten dena... esaidazu ez dela baxua! Benetan zoragarria da.
Bai baxua da bainan hor fretless baxua atera du horregatik soinu nahiko berezi hau nabaritzen da.
Nolabait esateko, sorpresak hartzen ohitzen ari naiz, baina inola ere espero ez nuena hip-hop estiloko kantu bat eginen zenuela zen. “Gainazalak” kantuan 2zio taldeko Odei Baarrosoren kolaborazioa ederra da noski; dena den, barkatuko didazu, baina zure ibilbidean rara avis oso nabarmena da. Esango nuke kantua konposatua zegoela Odeiri deitu zenionean, oinarri musikala arazorik gabe zure parametroetan sartzeko modukoa baita. Hori horrela bada, zati rapeatu horiek hor sartzeak meritu handia dauka.
Hala ere oso rapzalea naiz eta 2zioko beste kidea den Jo Zaputza (orain Odeiren ere proiektuan dagoena) nire haurtzaroko lagun oso on bat da eta berekin nire Rap heziketa egin-egiten dut! Behin baino gehiagotan aipatu genuen kolaborazio bat eta gainera 2zioren bigarren diskoan instru bat egin nien. Hor bai hasieratik banekien Odeiri rap bat bi zatitan gehitzea eskatuko niola, bainan bateria eta baxua grabatu zutenean ni ez nintzen egon estudioan eta nire lagunek ahantzi zuten diskoko bertsio bat (sinpleago) izango zela, eta guk zuzenean Odei gabe beste intsrumentazio bat izango zela erabaki genuen. Beraz sorpresa izan zen niretzat eta pixkat beldur nintzen emaitzaz. Azkenean huts hori baikor izan dela uste dugu.
“Jokatu ta jostatu” diskoan ondo integratzen den kantua da, eta nolabait lanaren bertute askoren laburpena izan liteke. Kalitatezko kantua da, alternatiba asko dauzkana, erritmo aldaketak eta melodia. Kantu guztiak berriak dira, ala lehenagokoren bat berreskuratu duzu?
“Jokatu ta jostatu” kanta oso zaharra da justuki. 2015ean konposatu nuen eta horrela egon da aldaketarik gabe. Beste guztiak zinez freskoak dira, 2019-2020ekoak.
“Gezurrezko gauzak” inoiz egin duen kanturik luzeena da, ia bederatzi minutukoa. Pelax Donostiarrak kantatu du hemen Tristtanekin. Bi ahotsetan lortu duten harmoniak sarkorrak dira oso. Hazten doan kantua da, gogortzen dena, batez ere Tristtanen partetik. Pelaxek rock progresiboa egiten du, eta bere parte-hartzearekin, hain justu lan honetako kanturik progresiboenean, elkarretaratze sinbolikoa gertatzen da. Justu kantu honetarako aukeratu du bera, eta emaitza begi bistakoa da. Badaude Hard Rock haserrealdiak, pasarte hipnotikoak, lehen aipatutako duoak... kantu oso konpletoa da.
1982an jaio zinen Donibane Lohitzunen. Lehen diskoa atera zenuenerako, beraz, bazenuen esperientzia. Non eman zenituen musika munduan lehenengo pausuak? Noiz eta nola ezagutu zenituen Cédric eta Greg?
Esperientzia banuen bai. Aita, osaba, aitona... denak musikariak ziren, guztiz klasiko mundukoak. Etxean pianoa ikasten hasi nintzen 4 urterekin bainan 10 urterekin utzi nuen. Solfegioa, partiturak ez ziren niretzat eginak! Ondotik baxua jotzen eta kantatzen hasia naiz Nimbus izeneko Metal talde batean 1999an. 2002 eta 2005 urteen artean Kästler Orkestra izeneko Free Jazz eta Acid Jazz banda batean egon naiz baxua jotzen.
Azkenean 2007an gitarra jotzen, ikasten (autodidakta moduan ) eta konposatzen hasia naiz. Prima Línea izeneko talde batean sartu nintzen lehen aldikotz gitarran (elektrikan) 2010ean eta Uztaritzen maketa bat grabatu genuenean, han ezagutu nuen Greg gure ekoizle-baxista. Ezagutza horrek du markatu nire bizitza musikala, berak proposat baitit grabatzea nire lehen diskoa.
Cédric Donibane Ziburuko gaztetxean ezagutu nuen, bainan gero Parisera joan zen Universal enpresarekin lan egitera (bateria jolea izan zen Bernard Lavilliers, Tikken Jah Fakoly, Cesaria Evora, Calogero... eta abarrekin). Sartu denean beste talde bat formatu du Torii izeneko nire lagun batekin: Benat Biscay (Trobador diskoan kantatzen duena), eta egun batez proposatu nion gure taldean sartzea, musikalki oso aproposa aurkitzen bainuen.
Progresiboari buruz, noiz sortu zitzaizun estiloarekiko interesa? Zein talderekin hasi zinen mundu honetan sartzen?
Saran bizi nintzen 2005ean lagun batzuekin, horietarik Xabi Biscat nire lagun hoberena, bera garai hortan rock progresiboan murgildu egin zen eta ni berarekin. Bai entzuten nituen Oskorri, Itoiz, Pink Floyd...bainan hor King Crimson ezagutu dut eta nire bizia erabat aldatu da! Ondotik Van Der Graf Generator, Peter Hammill, Yes, Genesis, mihiatu nituen. Garai horretan lotzen hasia naiz nire musika klasiko ezagutza Rock progresiboarekin.
Gaur egun Irunen bizi zara. Noiz joan ziren horra bizitzera? Hiri handi batean bizitzeak nolabait zure musika eraginik izan du?
Ziburun bizi gara; orain dela urte bat sartu gara, nire neskalagunaren aitonaren etxea erosi dugu. Egia esan seme ttiki batekin, eta muga itxita egon zenean, Iparraldera sartzeko gogo bizia sentitu genuen. Bizitzeko egia esan nik nahiago dut barnealdea (Bidarrai, Zuberoa...) bainan zailago da musika ta lanarentzat beraz azkenean Ziburu konpromisu ona da!
Diskoa aurkeztea tokatzen zaizue orain. Kontaizkiguzu zuen planak. Orokorrean, nondik deitzen dizuete gehiago, iparraldetik ala hegoaldetik?
Egia erran hor bakarrik Iparraldean jotzea pentsatu genuen eta udazkenean Hegoaldean promo kanpaina eta bira bat egiteko asmoa dugu, ea data batzuk lortzen ditugun! Gaztetxeetan eta horrelako tokietan jotzeko asmoa dugu, esan duzun bezala, toki nahiko ilunetan zabaltzea gure proiektua.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: