Dimetal Jaialdia (Dima) 2023ko irailaren 29a eta 30a.
AZKARRAGO, INDARTSUAGO, ILUNAGO
Giro paregabea, arratsaldeko lehen ordutatik gerizpea plaza osoan, masifikaziorik eza, mugitzeko askatasuna eta Heavy Metala. Metal asko: tankera anitzekoa eta jaialdiaren izenak markatzen duen estilotik haratagoko gonbidaturen bat edo beste ere. Honegatik guztiagatik, eta bertaratutako taldeen mailagatik, Dimetalera datorrenak errepikatu egiten du. Crossoverra, Black Metala, Death Metala, Street Metala, Metal Alternatiboa, Metalcorea, Power Metala... eta gonbidatu gisa, bigarren lehengusu zenbait: Stoner Rocka, Hard Rocka, Rock and rolla, Punk rocka edota Post Hard-Core metalizatua. Rock gogorraren familia osorik ez bazegoen ere, lagin handi batez dastatu ahal izan genuen, beraz.
Jaialdian parte hartu zuten hamaika taldeetatik zazpi bizkaitarrak izan ziren, hiru gipuzkoarrak eta Katalunyar bat. Ordutegiak modu ezin zehatzagoan bete ziren eta txoznan eskatzeko lasaitasun handia egon zen, akaso inguruan dauden taberna mordoa dela eta. Metalaren ospakizuna izan zen: borrokalaria, festa giroan ospatua eta baketsua.
Ostirala, irailaren 29a. Gozatzeko gonbita.
Arratsaldeko 17:30ak. Lehen aldia genuen Dimetalen eta, lehen esan bezala, hain ikusitakoaren erruz ez da azkena izango. Bero itogarria bazegoen ere, ia plaza osoa itzalean egoteak berehala ongi sentiarazi gintuen. Handik ordu erdira, Durangaldeko Pennyfleck taldeari tokatu zitzaion jaialdiari hasiera ematea. Asteguna eta arratsaldea ez da ikusle asko izatearen sinonimoa, baina Joo eta bere mutilak ez dira kikiltzen diren horietakoak, ez horixe. Sobera motibatua ikusi genuen Joo abeslaria, geldirik egon gabe momentuoro ikuslegoarekin komunikazioa bilatzen eta jarrera rockeroa muturreraino gozatzen aritu baitzen.
Kontzertuak iraun zituen berrogehi minutuetan hamar kantu (haietako bat berria) eta hamaika sentsazio eskaini zizkiguten. Metal estilotik urrun egonda ere, ohikoa den bezala hildakoak pizteko moduko emanaldia egin zuten. Dantza, jauzi eta mugimendu erakargarriekin batera, bere ahotsaren boterea ere ezagutu genuen, batzuetan (“Seven seconds” estimulagarrian, kasu) oihu egitera ere iritsiaz gainera. Bestetan, bere ahots korden zabaltze hedakorrak zur eta lur utzi gintuen, “Nights” zoragarrian adibidez. Beteranoz jositako banda dugu, hala nola The Dirties, Sermond’s, Storm edota Bad Limit-en ibilitako musikari oso rock and rolleroek osatzen dutena. Jaialdia hasi da, eta eurena da garaipena.
Alma Culter Bizkaiko laukote beteranoa dugu. Street Metal etiketa erabili ohi dute, kaleko edo kale-filosofia daukan banda delako. Hauek ere hamaika taldetatik pasatakoak dira, hala nola Neurosis, Exodo, Anarko, Airless edota Robert Rodrigo Band-etik. Marilu abeslariak inpresio handia egiten du bere ahotsaren teknikarekin. 80.hamarkadako Heavy Metal estiloa jorratzen dute, sarritan oihartzun epikoak eta abiadura handiko pasarteak lantzeari utzi gabe. Madrilgo Santa taldearen eragina nabarmena da hainbat piezetan eta batez ere “Caos” zoragarrian. Bere diskoari errepasu zabala eman zioten eta kontzertu profesional eta biribil honetan ez zen power ballad zoragarri bat falta izan: “Diosa fortuna” borobila eta adiktiboa. Egia esan, Heavy Metal talde batek behar dituen ezaugarri guztiak betetzen dituzte. Eta guztiaren gainetik ez dezagun ahaztu transmititzen duten boterea eta soinuaren indarra. Lehen bi kontzertu hauekin eta bere emakumezko bi abeslariekin amaitu zen nesken presentzia: handik aurrera ez zen bakar bat ere taularatuko.
Bullets of Misery Gernikarrena agresio zuzena izan zen. Ahots guturala, Larrazagaren euskara (XVI.mendekoa) eta Danteren Divina Comedian oinarritutako lan kontzeptuala aurkeztu zuten (iazko “Debile principium melior fortuna sequatur” hiltzailea, alegia). Lan hori Ekaitz Garmendiaren gidaritzapean (Legen Beltza) grabatu zuten Blackstorm estudioan. Hurrengo egunean ikusiko genuen Ekaitz bera oholtzan, hain zuzen ere Numen taldearekin gitarra jotzen. Erasoak ez zuen errukirik izan eta burmuinak gupidarik gabe zigortu zizkiguten kontzertu osoan. Hasieran, beraien aura berezi hori sendotzeko edo, kaputxarekin irten ziren. Oholtza gaineko iluntasunak eta Enekoren ahots lakar, suminkor eta zoragarriak konkistatu gintuzten. Elizabeltz taldean ere aritzen den Lea gitarra jolea ere ez zen falta izan. Talde honek “Linguae Vasconum Primitiae”, Bernard Etxepare, Larrazaga eta gure kulturari egiten dion sustapenagatik bakarrik goiaren goian egotea merezi du, baina musika ezin alde batera utzi eta sortzen duten giroak eta atmosferak meritua daukala azpimarratu beharrean gaude. Beraiek dioten moduan: “We growl in Basque!”.
Pandemiak zapuztutako itzulera guztiz berbideratu du Añorgako Asgarth taldeak. Hilotz taldetik etorritako bi partaide berrirekin armatuta (Mikel Yarza baxujole eta abeslaria eta Etxahun Urkizu bateria jolea), Asier Enbil abeslariak eta Ander Cañas eta Unai Zabala gitarra joleek urte luzetako geldialdia irauli dute. “Zeldatik” disko berriko bost bat kantu indartsu eskaintzeaz gain disko bakoitzetik hiruzpalau kantu eskaini zizkiguten. Lehen diskoetako Power Metalera itzuli badira ere, partaide berriek ekarri duten gogortasuna nabaritu da kantu berrien zein oholtza gaineko oldarkotasunean.
Asierren ahotsak garai zaharretako maila mantentzen du, eta jatorrizko bi gitarra joleen jokuak zehaztzausn eta koordinazio handiagoa daukate, hori posible bada. “Abdoulayren agurra”, soilik Asier eta Anderrek jo zuten intsrumentala, eta honen jarraian etorri zen “Abdoulay” (hura bai ahots altua eta koru ederrak!) gaueko gailurra izan ziren, “Parasitoa” edota garai zaharretako “Ideia antolatuak”, “Mehategi beltza”, “Lur jota”, “Zeren beldur”, “Ahaztezina izango dela” bezalako klasikoen baimenarekin. “Heriotzaren aurpegia”rekin esan ziguten agur, hamasei kanta eta ordu eta laurdeneko emanaldia borobilduaz. Asgarthen itzulera martxan dago, eta Diman ikusitakoaren ondoren, forma ezin hobean daudela frogatu zuten..
Pi L.T. Bilbotarrena itzulera dela esan nahiko genukeen arren, ez dugu uste hala izango denik. 2017an egin zuten bost kontzertuko sasi bira bere horretan gelditu zela eta taldekideen proiektuak kontuan hartuta, nekez sinestekoa dirudi jarraikortasun bat izango dutela pentsatzeak. Kontzertura bueltatuaz, Bilboko Kafe Antzokian 2017an egin zutenaren oso antzekoa izan zen errepertorioa; ia berbera.
https://www.mondosonoro.com/criticas/conciertos-musica/pilt-leun-bilbao-2017/
Gauzak horrela, eta momentua bizi beharra genuenez, egia da hamazazpi kantuko emanaldia gogoratzeko modukoa izan zela. Rafa Ruedak, pasioz ekiteaz gain, gozamena transmititu zuen emanadi osoan. Duela sei urteko kontzertuan bezala, lehen hiru diskoetan baxua grabatu zuen Txarli Solano eta bera ordezkatu zuen David González (Berri Txarrak, Morgan, Cobra) oholtza gainean izan ziren. Kafe Antzokian baxua eta gitarra txandakatzen ibili ziren eta Diman ere berbera gertatu zela esango genuke. Bost diskoetako kantuak jo zituzten. “Errautsak”en stonerrak eta “Zuloa”ren egurrak giroa berotu zuen arren, “Goiza hirian”ekin hasi zen Aitort Abioren showa: probokazioa eta harenga, ezinegona eta euforia sentsazioa transmititu zizkigun. Ikuskizun totala.
Rafa Ruedak hainbeste gustatzen zaizkion melodia goxoak ere landu zituen, “Eskutitza N.Y.tik”en kasu. Eta azken txanpako egurrak oilo ipurdia jarri zigun: “Zein” (brutala), “Hil da jainkoa” (taldearen erabateko klasikoa), “Jo!” (Aitor Abio erabat askatuta, nahiz eta oholtza handi hartatik ikuslegoaren gainera salto ezin egin) eta “Erraietatik” (zitala). Goizeko ordubiak baino lehen, eta ordutegia era ia perfektuan beteta, agur esan genion aurtengo Dimetal jaialdiaren lehen egunari. Espero baino jende gutxiago etorri zela ere ez dugu ukatuko, baina han sortu zen giro berezia nabarmendu nahi dugu.
Larunbata, irailaren 30a. Probatu ez duenak ez daki zer den hau.
Berriro ere bero itogarria nagusi zen udazken hasierako larunbata honetan. Plaza osoa babesten zuen gerizpeak indarrak eman zizkigun, ordea, Calathea Galdakaotarren emanaldiari ekiteko. 18:15etan hasi zuten deskarga. Erasokor eta indartsu ekin zioten egun pil-pilean dagoen post hard-core estiloari. Kantuen bortxakeriak eta abeslariaren muturreko ahotsak inpresio handia egin zuen jaialdiaren hasieratik plazara bertaratu zirenengan. Ez dakit post hard-core “metalizatua” termino egokia den, baina taldearen indarrak sentsazio parekideak sortzen ditu. Ekaitza-barealdia-ekaitza formula ere ezin falta zen, horrek dakarren eraginkortasunarekin. Ondorio modura, taldekideen trebeziaz gain jarrera sinesgarria nabarmneduko genuke.
19:30. Askorentzako jaialdiko momentu garrantzitzuenetako bat genuen zain. Izan ere, Rodeo Zestoarrek iaz egin zutena ez baita batere ohikoa: bi disko argitaratu zituzten (“Hybris” eta “Moira”), osotasun bat osatzen duen istorio kontzeptul bat proposatuaz. Merchandishingaren standean biak batzen dituen pack batean zegoen salgai... soilik 15 eurotan!!! Letrak eta guzti!! Laukoteak daukan elkar-hartzea nabarmena da oso, “Keres” moduko piezetan estudioan zein zuzenekoan aski nabarmena dena. Pieza instrumentalek stoner deskargari arnasa ematen diote, estiloaren ezaugarri guztiak ehuneko ehunean beteaz.
Horrela, “Tiamat” instrumentalarekin eman zioten hasiera, gero “Chronos”ekin egurra emateko. “Karkemish” instrumentalaren flotagarritasunak “Lur xurgatuak” eta “Odola” moduko kantutzarrak aurreikusi zituen, gero berriz “Metamorphosis II” (bai, instrumentala hau ere) zoragarriarekin entzulea flotatzen jartzeko. Kontraste eta intentsitate joku honetan “Sugeak” bezalako kantuen boterea biderkatu egiten da. “Tartaro”rekin berriz bidaia lisergikoa eginda, azken txanpan “Ez da hil” eta “Hegan”ekin egurtu gintuzten eta 45 minutuko emanaldia motza egin zitzaigun, han ikusitakoa ahaztezina izan zen seinale.
Euskal Herritik kanpoko talde bakarra izan genuen Dimetalen: Bartzelonako We Exist Even Dead (WEED). Berriz ere oldarkortasuna aipatu beharrean gaude, eta horrekin ia bat eginda, egituren konplexutasuna, (Metal) progresibotik urbil baina era berean hard core basatienaren eta groove-aren eskemak alde batera utzi gabe. Proposamenaren profesionaltasunak eta nazioarteko gaur-gaurko eszenarekin erabat bat egiteak markatu zuen emanaldia. Jarrera eta kalitatea.
Numen Arrasatearrena ere desiratuenetako emanaldia izan zen. Bilbotik espreski beraiek ikusteko etorri zen mutil bat ezagutu genuen, hauek amaitzean etxera buelta egin zuena. Soinu frogan Aritz mikroaren soinua probatzen entzun genuen momentutik konturatu genuen zain geneukanaz, eta egin zigun inpresioa ez dugu luzaroan ahaztuko. Emanaldia indar erakustaldi izugarria izan zen, basakeria hutsa. Euskaraz kantatuaz ere Norvegiako talde ilun bat ematen dute. Maila oso altua da eta erasoaren intentsitatea nekez sinestekoa.
Noski, iritzi desberdinak bildu genituen, baina soinuaren erabatekotasuna inork zalantzan jarri ezin duen datu objektiboa da. Ekaitz Garmendia izan zuten bidelagun, kontzertu honetan bederen, bere sei edo zortzi lerroko puntadun bi eskumuturreko eta airean ileekin egiten zituen zirimolak beti presente, hain justu beste gitarra jolearen (Jabo edo Xabi, ez dakigu) paretsu. Gisa honetako soinua lortzeko eduki behar den teknika eta koordinazioa arritzeko modukoak dira. “Isiltasunaren hots hutsa” izan zen motibaziotik ia euforiara eraman gintuenetako bat.
Orain arte jasotako deskarga gutxi balitz, Cobra bizkaitarrek olatu berdinera igo eta txanpa hartu zuten 70 minutuko erasoaldiari ekiteko. Hemen ez zegoen gelditzeko astirik, eta diskoetan bezalatsu, oldarraren bizitasunak tregoa gutxi eman zigun. Zuzenekoak, hartara, betiko boterea eta indarra erakutsi zuen arren, azken diskoko kantuen (“Fyre”, 2020) nagusitasuna agerian geratu zen idazten ari den honentzat. “No miracles”, “Parasites”, “New old days”, “Oroiminduak” edota “Legarreko kanpaiak” bezalako piezek sobera ñabardura eskaintzen baitituzte, aurreko diskoena baina aunitz gehiago egin ere.
“Strong arm of the rock” eta “Thriller” diskoetako kantuek zuzenean ezin hobeki funtzionatzen dute ordea, hala nola: “Miyagi”, “Live is too short to drive slowly”, “Cimeria” edota “Groun Zero”k. Baita, nola ez, “Riffyard” diskoko “Night call” edota “Come on now”-k ere. Finean, bere momenturik onenean dagoen taldea dugu, Haritz Letek ikuskizun bortitz eta estimulagarria eskaintzen jarraitzen baitu, eta David Gonzalezek (aurten Pi L.T. eta Cobra-rekin bikotea egin du) eta Josuk oholtza guztiz betetzen baitute.
Goizaldeko ordubietan, eta bost ordu baino gehiagoko erasoaldi bortitzari (We Exist Even Dead, Numen eta Cobra-ren kontzertuak zirela eta) kontrastea egin eta bide batez jaialdiari agurra emateko, Kristonak (lehen Eskean Kristö) arratiarrak taularatu ziren. Jarrera rockzalea aipatu behar badugu, gure eszenan ez dago boskote hau bezalakorik. Ez da iritzi bat, errealitate nabaria baizik. Azken diskoak (“Ahobetehortz”, Elkar, 2022) izen aldatzea ekarri du, nahiz eta partaideak berdinak diren. Disko berriari errepasu zabala eman zioten “Bizirik gaude!”-tik hasi eta “Gora Euskadi ataskatuta” arte.
Pello Artabe abeslariaren asmamena, presentzia eta karismak guztiz markatu zuen emanaldiaren nondik norakoa. Peio baxu jolearena ere nekez errepika daiteke: emanaldi osoa argazkilariei hainbeste gustatzen zaien poseak egiten pasa zuen, momemntuoro gozatzen eta zenbaitetan dantzatzen ere. Esaidazue zenbat musikarik egiten duten hori, Marco Mendozaz (Thin Lizzy, Whitesnake, The Dead Daisies, Ted Nugent...) aparte. Disko berriko kantu borobilez gain, bere diskografiako beste hainbat kantu lehergarri ere ezin falta ziren, hala nola: “Latigo!”, “Iguana”, “Ezkurrik onenak” edota makarrismo/ganberrismo gozagarriz beztitutako “Zaldiak negarrez” zein “Zer dabixu?” harrigarriak.
“Refugee”, erdi tenpoko pieza gustagarria ere ez zen falta izan, eta bisetan “Deabrua”, Eskean Kristören power ballad zoragarria. Goiaren goian utzi zuten eta bai, motza egin zitzaigun, joder. Eta honelaxe amaitu zen aurtengo Dimetal jaialdia. Balantzea positiboa da uste baino jende gutxiago etorri bazen ere. Ez dut uste han ikusitakoaren ondoren inor esku hutsik bueltatuko zenik. Hurrengo urtean gehiago. Gora Dimetal jaialdia!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: