Rodeo "Hybris" (Bonberenea Ekintzak) Mondo Sonoro
Kritika hau Mondo Sonoron argitaratu zen. Lehenago jari nuen disko beraren kritika Berria egunkarianatera zen.
Urte berdinean bigarren diskoa! Zestoarrek egin dutena marka da gero, apirilean “Moira” argitaratu eta orain azaroan “Hybris” bere jarraipenak argia ikusi baitu. Bi diskoek kontzeptu bat marrazten duten arren, kontakizun formatua gailentzen denez, bi opera rock edo hobeki esanda, opera rock bakarra dira, hain zuzen ere akaso etorkizunean LP bikoitz bezala gogoratuko baita, biak urte berean argitaratzeaz gain istorio edo narrazio baten segida osatzen baitute. Laburtuz: “Moira”ren jarraipen literala daukagu “Hybris”. Lehen lan haren lehen kantatik hasten dena, bigarrengoaren azkenarekin amaitzen da.
Musikalki Stoner oldarkorra jorratzen jarraitzen dute, eta aurrekoan lehenengo aldiz Eñaut Gaztañagaren babeslekua utzi bazuten ere (Karlos Osinagaren ekoizpena izan baitzuten) oraingoan etxera itzuli dira Eñauten Gaztain estudiora: “esan daiteke ia estilo kontrajarria dutela, bai lana egiteko moduan, soinuan… Maisua da Txap musika zikinkeriarekin egiten: akopleak, mikroen kokapenaren eta gelaren akustikarekin jokatzen, mikroen beraien distortsioa aprobetxatzen. “Moira”ren mezuarekin lotuta, gordintasun eta soinu opresibo hori zen Txapekin lortu nahi genuena eta oso gustura geratu ginen emaitzarekin”.
Oraingoan kantuen zirrikitu guztiak maisuki beteta daude eta emaitza barrokoa eta erabatekoa da. “Txapekin soinu gordin eta "minimalistagoa" lortu bagenuen, Eñautekin kontrakoa nahi genuen: handitasuna, argitasuna eta batez ere potentzia. Soinu moderno eta zabalaren nahiz kapa eta gitarra soinu ezberdinen bidez indarra transmititzeko gaitasun paregabea du. Horrekin bi diskoen ideiak soinu aldetik ere transmitituta gelditu direla uste dugu: Moira iluntasuna, opresioa eta inpotentzia bazen, Hybris argitasuna, askatasuna eta indarra da; potentzia”.
“Odola” kantuaren gitarra zikin eta gordinek lan berriaren oldarkortasun maila garbi uzten dute. Abiaduraz hitz egin behar badugu, hor daukagu “Sisifo”-ren zartada grinatsua. Abesti hau “Keres”-ekin lotua dago eta bortitza den arren, gitarren melodia aberatsak eta hasieran aipatu dugun barrokismoa gailentzen dira. “Ez da hil” Q.O.T.S.A.-ren eraginpean dagoen artelana dugu. “Ares”en kalitatezko riffa, gitarra gurutzatuen sorginkeria eta atmosfera jantzien eraiketa limurtzaileak dira guztiz. Kantu instrumental bat ere badauka diskoak: “Atenea”, flotatzailea edo lisergikoa izatetik urrun, kantu bizkor eta oso indartsua dugu. “Lunacharsky” kantuan bi ahotsetan egindako melodia polita eta bateriaren kaxaren soinua dira nagusi. Azken kantua “Thanatos” luzea eta hipnotikoa da, Kyussen unibertsora egin duten bisitarik nabarmenetakoa.
Rodeoren bertuterik handienetakoa zena, hau da, isiltasunen kudeaketa eta kantuei arnasa emateko nahia eta ahalmena, irauli egin dituzte konplexutasun ahalguztidun baten mesedetan. Pandemia garaian eginiko kantak dira bi diskoetako kanta gehienak eta beraz, taldeak bazekien bi disko argitaratuko zituela 2022 honetan. Kontzeptuari dagokionez, martxoan argitaratutako elkarrizketan azaldu genituen “Moira”-ren nondik norakoak https://www.mondosonoro.com/entrevistas/rodeo-2022/. Utz diezaiegun taldekideei hau guztia hobeto azaltzen:
“’Moira’n Prometheoren sorreraren testigu izan ginen eta Hybrisen bere bidaia ikus daiteke. Bidaia horretan pertsonaia ezberdinekin topatuko da (Odola, Sisifo) eta bere izatea zalantzan jarri ondoren burubaiezpen momentu batera iritsiko da diskoaren lehenengo zatian (Keres, Ez da hil), iraultzaren ideia baztertuta zegoen momentu historikoa gainditu eta langileria iraultzailearen itzulera iragarriz. Bigarren zatian kapitalaren jainkoaren aurkako bere gerra (Ares, Atenea) eta jainkoen epaiketa (Lunacharsky) ikusiko ditugu. Azkenik orden sozial kapitalistaren erorkerarekin batera Prometheo beraren heriotzarekin (Thanatos) amaituko da diskoa. Esan beharra dago “Ez da hil” eta “Thanatos” kantuen hitzak Paul Beitiarenak direla”.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: