Rodeo "Moira" (Sixteentimes Music/Bonberenea Ekintzak)
SARKORRA, BORTITZA, HIPNOTIKOA
Ez du gurean Stoner Rock estiloak jarraitzailerik zein talderik falta izan. Esan dezagun, ordea, bere garaian, hots, 90garren hamarkadan, ez zuela hainbesteko oihartzunik eduki. Ill taldearen The sun behind the shadows lan harrigarri hura hamarkada amaieran (1999an) iritsi baitzen. Mende aldaketan ondo sartuta geundela etorri ziren Neubat, Sharon Stoner eta abarren diskoak. Talde hauek, baita hurrengo hamarkadakoek ere (Tutan Come On.. e.a.) estiloa sakonki ezagutu eta menperatzen zuten arren, Stoner Rock purua ez zen Zestoako Rodeo sortu arte %100ean azaldu (eta hauen lehen diskoa 2017an argitaratu zen). Ordura arte, maisulanak argitaratu ziren, baina estiloaren beraren eboluzioari muzinik egin gabe. Queens of the Stone Agek estiloaren mugak zabaldu zituen heinean, beraz, euskal taldeek ere bide horri kalitate eta irudimenez jarraitu zioten. Kyuss taldearen lanak errepasatuz gero, laster ikusiko dugu egurra banatzeko ahalmen horrek ez zuela barneranzko bidaia lisergikoa arbuiatzen.
Eta hor erakusten du Rodeok bere balioa. Diskoa hasi eta laster kolpatuko gaitu Therion kantaren bortizkeriak; zikina, azkarra eta boteretsua, baina jada bere lehen pasarte instrumental hipnotikoekin. Chronos edo Hermes eta bere gitarra jokoek, ahots latzak eta amorruak ez dute inondik ere beraien edertasuna alboratzen. Kantu gehienak elkarrekin lotuta egoteak ere, osotasun sentsazioa emateaz gain, Welcome to sky valley moduko lan gogoangarriekin duen zilbor hestea berresten du. Melodia guztiz gozagarriak egiteko ahalmenak ere horretan darrai Moira kantuan bertan adibidez. Akaso besteak baino leunagoa, koruen erabilerak onenen artean kokatzen du, ordea. Tartaro ere dohain sorta horren jabe da, gitarra soinu oraindik liluragarriagoa hedatzeaz gain. Eta kantuei arnasa hartzen uzte horrek lan guztiari ematen dion hauspoa eta erakargarritasunak berriz ere generoko klasikoen eremura eramaten ditu.
Guzti hori baieztatzen duen bi instrumental ere badakartza diskoak: Metamorfosis I eta Metamorfosis II. Bien tartean, Atlas daukagu, eta honetan bai Queens Of The Stone Age aipa genezakela, batik bat gitarra soinuagatik. Geras, gitarraren efektu interesgarri horrekin batetik, eta daukan indarragatik bestetik, lan luze honetako onenetakoa dugu. Eta taldearen historiako piezarik luzeenarekin esaten digute agur: zortzi minutu t’erdiko Krinein kantu puskarekin. Badauka Black Sabbathik astunenen trazarik, begi bistakoa da hori, eta horregatik maite dugu hainbeste. Esan gabe doa zestoarren hirugarren lan luze hau dugula onena, helduena eta osatuena. Zaleak pozik egoteko bigarren arrazoi boteretsu bat ere badaukagu: aurten bertan argitaratuko baitute, udazken bueltan, beste lan luze bat. Rodeo itzuli da, egia esan ez da inoiz joan; soilik pandemiak aurrikuspen eta amets guztiak behin-behinean zapuztu zizkien.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: