Asgarth "Zeldatik"

fucktotum 1576347124074 Fucktotum | 2023-03-15 13:41

pyromanya@hotmail.com 1678884435891

Gure Heavy Metal eszenaren talderik esanguratsuenetakoa hamabost urteren ondoren bueltan da disko berriarekin. Itzulera pandemia baino lehenago programatuta zegoen arren, egoera berriaren erruz bertan behera gelditu zen garai oparoagoen esperoan. Koronabirusak zapuztutako hainbeste proiektuetatik beste bat izan zen hau beraz, harik eta abenduan itzulera gauzatu zuten arte. Bi taldekide berrirekin itzuli dira: Mikel Yarza (Hilotz) baxuan eta Etxahun Urkizu (Hilotz, Governors) baterian, Joxi Perurena baxu joleak eta Unai Corral bateria joleak taldea utzi baitute.

“Zeldatik” Haritz Harreguyren Usurbilgo estudioan grabatu dute. Lehen aldia dute Haritzekin eta taldearen esentzia ondo islatu duela esan dezakegu. Lan hau taldearen sustraietara itzulera da, oinarri epikoa eta Power Metaleroa gustu onez taularatu baitituzte. 2000. hamarkadara itzulera izan liteke, baina Asgarthek bisitatzen dituen paisaiak eternalak eta hilezkorrak dira. Ez da, ondorioz, gitarra ebaki eta erritmo trabaturik falta, ez eta tonu altuko errepika goraturik ere.

Hasiera loratsua da, intro dotorea dela eta. Segidan dator “Zeldatik”, diskoaren aspektu melodikoaren baina baita erritmo trabatu eta gitarra bikoiztuen adierazgarria. Kantu hau gitarra soloa dutenetakoa da. Errekurtso hau erabiltzen duten kantuetan asko irabazten dutela esan beharrik ez dago, tonu altuko ahotsen erabilera dagoenean intentsitatean irabazten duten moduan. “Izurri berria” edota “Abdoulay” azaldutakoaren oso adierazgarriak dira. “Kale gorrian” erakargarria da ere, kuraia erakusteaz gain gitarra soloa eta ezusteko amaiera lasaia baitauzka.

Bestalde, errepikek nahiko planoak izaten jarraitzen duten arren, nahita bilatutako estrategia dirudi eta estiloaren adierazgarria ere bada. Egia da nahi izanez gero erasokorrago jokatu dezaketela, baina Asgarthen historian soinuak garbitasunera jotzen du sarritan, dudarik gabe azken puntu hori asko erlatibizatu behar dugun arren. Era berean, gitarren zerratze eta erritmo markatuek guzti horri kontrako norabidea ematen diote. Horrez gain, zati melodikoak bereziki maite dituen taldea da Añorgakoa (“Zeldatik”, “Abdoulay” eta beste asko). Azken kantu horrek intro moduko bat ere badauka, benetan iradokitzailea.

“Nahi nukeen herria” eta “Abdoulay” bera, aldiz, pultsazio benetan astunen jabe dira. Erritmo pisutsu, geldo eta ahalguztidun horiekin kontraste interesgarria lortu dute, segidan datozen azelerazioekin berriro hasierako puntura bueltatzeko. “Ezin bizi”ren abiadurak Iron Maidenen zenbait pasarte ekar ditzake gogora. Egia esan, kanturik politenetakoa dugu hauxe, baita diskoa ixten duen “Parasitoa” ere: gitarra eta ahots bikoiztuak, riff eleganteak eta errezitatua hasieran... zer gehiago nahi du bada Asgarthen jarraitzaileak?


Utzi iruzkina: