Mixel Xurio idazlearen sortetxea
Ekaitz Santazilia, CC BY 4.0, via Wikimedia Commons.
Ekaitz Santazilia, CC BY 4.0, via Wikimedia Commons.
Mixel Xurio Azkaineko Martzeenea etxe honetan sortu zen (Azkaine, ??-Donibane Lohizune, 1718-4-26). Erlijio-ikasketak egin eta Donibane Lohizuneko bikario gisa aritu ondoren, bertako erretore izendatu zuten 1702an, eta bertan aritu zen hil artean. Xurioren obra bakarra ezagutzen da: Jesu-Christoren imitacionea, Tomas Kempiskoaren lanaren itzulpena, 426 orrialde hartzen dituena. Lapurdiko kostaldean erretore-lanetan zebilela idatzi bide zuen, baina ez zen argitaratuta ikustera iritsi, Xurio hil eta bi urtera kaleratu baitzen, 1720an, André Droillet apezpikuaren baimenarekin eta Bordeleko Guillaume Boudé Boéren etxean. XVIII. mendearen hasierarako, kontrarreforma katolikoa hedatzeko lanean aritu ziren lapurtar idazle klasiko nagusiak (Materre, Etxeberri Ziburukoa, Axular, Argaignaratz, Harizmendi eta abar) zenduak ziren. Lapurdik bizitako literatur loriaren gainbehera gertatu zela azaldu ohi dute euskal literaturari buruzko eskuliburuek, baina lanik argitaratu zen orduan ere. Xurioren Imitacionea adibide ezin hobea da; izan ere, XVIII. eta XIX. mendeen artean hamar berrargitalpen baino gehiago izan zituen.
Martzeenea, Martzeenia edo Martzenia, Jean Elizalde “Zerbitzari”-ren sortetxearen ondo-ondoan dago, gaur egun Sainte Marie eskola denean. Azkaineko plazan gaudela, pilotaleku gibeletik behera doan karrika hartuko dugu. Aldaparen amaieran, bidegurutzean aurkituko dugu etxea. Bertan sortu ziren, orobat, Mixelen ahaide Martin eta Pierre Xurio. Etxeko oroigarriak honakoa dio: “Michel Chourio / Imitacionea eskuaralat itzuli / zuenari 1720 / Eskualtzaleen-Biltzarrak”
Bihoakio, halaber, nire esker ona testu honen egile ere izan den Eneko Zuloagari eta bidaide izan dudan Idoia Lazkanori.
Gehiago jakiteko:
Iruzkinak
Utzi iruzkina: