Udalerri euskaldunak eta etorkinak
Udalerri euskaldunak euskararen biziraupenerako estrategikoak izan dira eta izango dira aurrera begira ere. Berauetan azken garaiotan gertatzen ari den fenomeno baten inguruan jardungo dut gaurkoan. Horietako herri batetik hitzalditxo bat emateko dei bat jaso eta bertaratzeko aukerak bertatik-bertara ezagutzeko aukera eman zidalarik fenomeno hau. Hona gertatzen ari dena ulertzeko adibidea:
Berriatua (Berritxu), Markina eta Ondarroa bitartean dagoen herrixka bat dugu. Berriatuan 2001eko neurketa batek ondokoa eman zuen, 965 herritarretatik 910 ziren euskaldunak (ia-euskaldunak kontatuta 950 izango lirateke euskaraz moldatuko liratekeenak). Gaur egun ordea herria dezente hasi da eta 1200 lagunetik gora bizi dira bertan. Eta hazte prozesu horretan herriaren egoera soziolinguistikoa nabarmen aldatu da. Herrira bizitzera etorritako batzuk inguruetako herri handiagoetakoak dira (etxebizitza merkexeagoen bila), baina gehienak Senegal eta Ekuadorretik etorriak dira. Eta noski herritar berri hauek ez dakite euskaraz, gainera lanean jo eta su jardun behar izaten dute eta borondatea edukita ere apenas dute aukerarik euskara ikasten jartzeko.
Lehendabizi etorri zirenak errazago gerturatu omen ziren euskarara, baina orain etorkin taldea handiagoak daude eta behar gutxiago dutenez euskara jakiteko, askok ez dute ikasteko pausorik ematen.
Ia %100 euskaldunak izatetik %85 ingurura jaitsi da euskaldun portzentaia. Eta honek herrian aldaketak ekarri ditu, kalean erdararen erabilera asko gehitu da, kasurik esanguratsuena umeekin gertatzen ari dena delarik. Herrira berriki etorritako umeek bertakoekin nahastean hizkuntza ohiturak aldatzen ari omen dira, gazteleraz justu-xamar moldatzen badira ere herrian lehendik bizi diren umeak hizkuntza hau erabiltzen hasi dira beraien jolasetan.
Eta egoera honen aurrean zer? Berritxuko gazte asanbladakoak gaiak daukan garrantziaz jabeturik zerbait egin nahian hasi dira, baina sozialki egin daitekeenari daukan garrantzia emanda ere, neurri politikoak ezinbestekoak izango dira udalerri euskaldun hauek babestu eta erdaldundu ez daitezen. Etorkinen fenomenoa handitzen joango dela diote batean eta bestean, beraz garaiz heldu beharko zaio gaiari beranduegi izan aurretik.
Udalerri euskaldunak biltzen dituen UEMA elkarteak eta UEU-k jardunaldi batzuk burutu berri dituzte gai honen inguruan aurreko astean bertan, eta bertan batutakoen artean lantalde bat eratu da fenomeno honen aurrean hartu beharko liratekeen neurriak erabakitzeko.
Goian aipatu bezala ez da erreza izango etorkinak euskalduntzea, egun guztia lanean eta askotan gainera baldintza eskasetan jarduten baitute, eta honek ez du batere erraztuko euskalduntze prozesua. Baina beraien beharretara egokitu eta neurriko baliabideak eskaini beharko zaizkie etorkinak bertakotzea nahi badugu. Esango duzue neurri hauek Euskal Herri guztian hartu beharko liratekeela, eta arrazoi daukazue baina udalerri euskaldunak babesteak daukan garrantzia ikusirik berauetan ekitea lehentasun izan beharko lukeelakoan nago.
Iruzkinak
Gorka 2008-03-25 11:36 #1

Bat nator aurreko lerro horietan azaldu duzun kezkarekin. Izan ere, gure inguruko herri txiki askotan gertatzen ari den kontua da, eta, herri txikiak ere erdalduntzen bazaizkigu, akabo euskara, akabo Euskal Herria!

Larrabetzun ere, esaterako, gauza bera ari zaigu gertatzen: zenbat eta kanpotar gehiago, orduan eta euskara gutxiago. Eta ez naiz Afrikako edo Hegoamerikako etorkinez bakarrik ari, ez horixe; Espainiatik eta Pais Vascotik datozkigunak ere hortxe daude, eta horiexek eragiten digute aldaketarik nabarmenena.

Lehen, Larrabetzura etortzen ziren kanpotar gehienak euskaldunak ziren, edo euskalduntzekotan etortzen ziren sikiera. Gaur egun, ordea, ez dute horren beharrik sumatzen, gero eta erdara gehiago entzuten delako bertako kaleetan.

Gainera, horietako askok ez dute euskalduntzeko ezelako asmorik; botoetan ere igartzen da, espainolisten alderdiak agertzen hasi baitira lehen existitu ere ez ziren herrixketan. Kezkagarria da, oso, eta neurri politikoak hartu behar dira udalerri mailan. Zeren zain daude gure politikariak?

Unai 2008-03-25 12:00 #2
Zeren zain daude gure politikariak?
Politikariak eta gaur eguneko hizkuntza politika defendatzen dutenak. Gune euskaldunen beharrik gabe ere euskarak aurrera egingo duela defendatzen dutenek min handia egiten dihardute. Orain badirudi UEMA bera indartu nahiean dabilela hainbat, baina euskarak status berri bat ez daukan bitartean nekez bete ahal izango ditu UEMAk bere helburuak.

Euskara menpeko hizkuntza da Euskal Herri osoan, Euskadiko ofizialtasunaren azpian ere zapalkuntza baitago benetan. Eta hori aldatzen ez bada, eta aldatzen bada ere beharbada, munduak euskara zanpatuko du.

Politikarien zain egoteke guztioi dagokigu aldaketa horien alde lanean jarraitzea. Badago zer egina eta!!

Utzi iruzkina: