Baztarrika eta bere esanak

euskarazetakitto 1456132563434 Euskara eta Real Politik | 2007-11-25 22:17

Azkenaldian HPS-ko arduradunen ahotik, euskararen inguruan batean eta bestean entzun eta ikusitakoen inguruan bi hitz...

Hutsuneak ba omen dira Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikan, baina hutsune horien erabilpen maltzurra egiten omen dute batzuk, eta hori ez omen da zilegia. Baina, egia esateari zergatik deitzen zaio “erabilpen maltzurra”? Egoera desdramatizatzeko beharra omen dago, baina egoera dramatikoa baldin bada, zergatik ezkutatu behar dugu berau? Zer dago benetan zuen jardunaren atzean: EAE berreuskalduntzeko taktika, edota gaur egungo erdal inposizioa mantentzeko estrategia?

Honako galderak ere entzun ditugu, “ari al gara erkidegoan herri erakundeak, gizartea, neurriak hartzen euskararen erabilera gero eta handiago eta zabalagoa izan dadin?”. Erantzuna argia da: noski baietz!!. Baina ondoko galdera erantzun gabe gelditzen da: Noizko lortuko da gaur egungo hizkuntza politikarekin, zuek aldarrikatzen duzuen jendarte elebidun orekatu hori? (Jendarte elebidun orekatua= %100ak euskara eta gaztelania jakitea esan nahi du, ezta?).

Eta ondoko perlak ere entzun dira, "Zenbaitek egin ohi duen moduan euskara beti liskarrarekin, albiste negatiboekin, gorabeherekin lotzen badugu, ez diogu batere mesederik egiten. Hobe dugu erakargarritasunarekin, baliagarritasunarekin, gozamenarekin eta elkarbizitzarekin lotzea". Beti bezala euskaldunak ernegatuta egunerokoarekin eta erdaldunak gustura euskaldunak ze jatorrak diren esanaz. Gauza bat da erdaldunengana ze diskurtso helarazi behar den, eta bestea euskaldunoi euskaraz bizitzea nola bermatzen zaigun!! Euskaldunok bizi dugun egoeran, zer egin behar dugu ba? Egunerokoaren sumiso bihurtu ala? Ba, ez da pentsatu ere!  Eta horretarako albiste negatiboak kaleratu, liskarrak sortu eta kartzela zigorrak jasan behar baditugu ere tinko eutsiko diogu. Patxi, jakingo duzu EAEko epaitegietan euskaldunak kartzela zigorrak jasotzen hasi direla, hizkuntza eskubideen aldarrikapena egitearren, ezta? Hurrengo epaiketan epaileari euskaltegirako matrikula orria eman beharrean, gerturatu eta muxu handi bat emango diot zure partez, ados?

Bukatzeko esan, politika sinpatikoa egin behar dela, baina politika antipatikoa ere derrigorrezkoa izango dela euskararen egoera minorizatua gainditzeko. Gaurko egoera aldatu nahi badugu, eta euskaraz biziko den herria eraiki, neurri, ekimen ugari egiten jarraitu beharko dugu, baina euskarak gaur egun bizi duen menpeko status-a gainditu behar du ezinbestez. Horretarako bidea, Euskal Herriaren eta euskararen autodeterminazioa lortzean kokatu behar dugularik. Noski, baldin eta Euskal Herri euskalduna baldin bada helburu.


Utzi iruzkina: