Zientzia eta Fedea
Zientzia fedean oinarritua dago.
Honako hau esaldi kontraesankor bat dela irudi liezaioke norbaiti, baina ez naiz ni hori dioen bakarra. Internazionalki itzal handia duen Pedro Miguel Etxenike fisikari euskaldunak ere horrela dio Berrian egin zioten elkarrizketa batetan:
"Naturan ordena bat dagoela pentsatzea fedea da"
Elkarrizketaren zatia hau da, eta osorik ipintzea pena merezi duela uste dut:
Jakituriak Jainkoa hilko zuela, hori ere esan izan da. Ez dirudi iragarpen hori bete denik.
Etxenike: Hori da zientziaren mugetako bat. Zientziak ezin dio arrazoia eman sinestunari, eta ezta sinestuna ez denari ere. Zientziak ez dauka galdera horrentzako erantzunik. Asko jota, erantzun batzuk muga ditzake. Zientifismoa, zientzia egiazko sentsibilitate modu bakarra dela pentsatzea, akats bat da. Behin hori esanda, baina, esan beharra dago daukagun gauzarik onena dela, errealitatearekin alderatuta primitiboa eta infantila izan arren, Einsteinek zioenez.
Askorentzat, zientzia da fede berria.
Etxenike: Nik ez dakit hori. Nik ez dut zientzia zuk esaten duzun zentzuan ulertzen. Zientzia, baina, fede batean oinarritzen da. Hori bada egia. Zientzia fede edo uste oso batean oinarritzen da: mundu naturala uler daitekeela. Datorren irailean etorriko da hona Gerald Holton Harvardeko zientziaren historialari handia. Hark dioenez, zientzialariok Miletoko Talesen lilura jonikoak jota gaude. Naturan ordena bat badagoela pentsatzea, hori da lilura jonikoa. Eta fede bat da. Ez dago uste horren aldeko froga zientifiko bakarra. Ordena hori froga matematikoekin azal daitekeela ikustea harrigarria eta zoragarria da. Lege naturalak egotea ez da naturala. Jainkoren batek egin ote duen hori? Ez dakit. Halako kontuetaz esaten dudan gauza bakarra da Jainkoarengan sinestea fede kontua dela eta fedea dohain bat dela. Baina zientzia fede batean oinarritzen da. Egia da iraganeko arrakastek etorkizunean fedea izatea justifikatzen dutela. Beste gauza bat da zientziak gaitz guztiak sendatuko dituela sinestea.
________________________________________
Zientzia, Lilura jonikoa, fedea... interesgarria oso ene ustez behinik behin.
Guzti honek Jose Miguel Barandiaran Ataundar zientzialari handian pentsatzera eraman nau. Barandiaranek, gizon erligiotsua ere izaki, Etxenike sartzera atrebitzen ez den alor batetako bere erantzuna ematen digulako ondorengo pasadizo honetan.
Dirudienez, elkarrizketaren batetan, Barandiarani bere alderdi zientifikoa eta erligiotsua nola batzen zituen galdetu zioten, ez al zen kontraesana zientzialaria izan eta aldi berean erligiotsua izatea. Ez al zen ezinbestekoa baten edo bestearen aldeko autua egitea. Eta berak, ezetz, zientzia eta erligioa batera zitezkeela eta hori baino gehiago, zientziaren bitartez naturan orden bat bazegoela ikusten zuela berak eta orden horrek, ezinbestez, egileren bat behar zuela pentsatzerea eramaten zuela etengabean. Jainkoak hor egon behar zuela nahi eta nahiez, bestela halako orden perfekturik ez zela posible.
Ni neroni Etxenikeren aldekoa naiz gehiago. Ez dakit zuei zer irudituko zaizuen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: