Ponpaketa zentroa jarriko dute San Kristobal auzoan.

auzoarteko 1456131174395 AUZOARTEKO | 2006-11-14 00:00

Javier Gondra Busturiko alkateak ponpaketa zentroa lurazpian ipintzea eskatuko dio Busturialdeko Ur Patzuergoari.

Sukarrietako Marisma parkean egingo duten moduan, Busturiko San Cristobal auzoan ere ponpaketa zentroa jarriko dute. Hori dela eta, Javier Gondra Busturiko alkateak ponpaketa zentroa lur azpian ipintzea eskatuko dio Busturialdeko Ur Patzuergoari, Sukarrietan egingo duten moduan.

Proiektu hori Urdaibaiko ezkerreko aldeko herrien saneamendu planaren barruan doa. Hartara, San Cristobalen jarriko duten azpiegitura berria Sukarrietako Marisma parkean ipiniko dutenaren antzekoa izango da. Alkateak datorren azaroaren 30eko udalbatzarren aurkeztuko du bere erabakia.

Gondrak azaldu duenez, «orain arte inork ez du inolako eragozpenik jarri proiektuarekin jarraitzeko. Batetik, Ur Patzuergoaren arauak jarraitu ditugu proiektu hau aurrera eramateko. Eta bestetik, obra guztiaz arduratzen diren teknikoek oso ondo ezagutzen dute ingurua, eta baita eskualdeko saneamendua hobetzeko metodo aproposak zeintzuk diren ere».

Hala ere, Sukarrietan gertatu den legez, San Cristobaleko auzotarren kexak sortzen badira, Patzuergoaren plana zerbaitetan aldatzea gerta liteke.

Ezaugarriak

Ponpaketa zentroa antzinako San Cristobaleko trenbidearen ondoan kokatuko dute; Astilleroetako etxeak legez ezagutzen diren etxebizitzen alboan, hain zuzen. Hor inguruan kirol-kantxa bat dago, eta baita umeentzako parke bat ere.

Ponpaketa zentroa hamar metro lur azpitik joango da. Bestetik, lurretik gorantz lau metrotik gorako altuera hartuko du. Beraz, Sukarrietako Marisma parkeko zentroak sortuko dituen antzeko eragozpenak eragingo ditu Busturiko San Cristobal auzokoak ere. Leku bateko eta besteko bizilagunentzat trabak berdintsuak dira-eta.

Bestelako hobekuntzak

Ponpaketa zentroaren inguruko proposamenarekin batera, San Cristobal inguru horren hobekuntzarako bestelako aldaketak egitea proposatuko du Udalak Busturialdeko Ur Patzuergoan. Hartara, azpiegitura joango den tokian gaur egun dagoen txabola kentzea eta antzinako nasa botatzea eskatuko du udaletxeak.

Bestalde, uholdeak ekiditeko asmoz, ibaiaren ibilgua zati horretan hobetzea gura dute. Eta era berean, erreka ondoan hesi bat ipintzea ere eskatuko dute.

Guzti horrekin batera, kirol-zelaia oneratzea eta etxebizitzen atzeko aldeko egokitzapena egiteko eskaera egingo dute.

Oraingoz, udaletxeak ez du inguru horretako bizilagunen aldetik inolako kexarik jaso.

Kokapena

Ponpaketa zentroa antzinako San Cristobaleko trenbidearen ondoan kokatuko dute lur azpitik. Hamar metro lur azpitik joango da, eta lurretik gorantz, lau metrotik gorako altuera hartu du.


Utzi iruzkina: