Mape ibaia kutsatu izana salatu dute.
Zain Dezagun Urdaibai elkartekoak hainbat aldiz kexatu dira udaletxean.
Busturiko Zain Dezagun Urdaibai elkartekoak kexu dira San Kristobalgo auzoan Mape ibaiaren ondoan sortu duten zabortegiaz. Horien arabera, hor biltzen diren hondakinak euriak errekaraino eramaten ditu, estuarioraino helduz.
Zain Dezagun Urdaibai auzo elkarteko kideen esanetan, «hainbat aldiz kexatu gara udaletxean eta ez digute kasurik egiten». Zabortegia errepideko obretan lanean ari diren langileentzako gune bilakatu dute, lanak amaitu arte. Langileek obrako zabor guztiak bertan uzten dituzte. Busturiko Udalak etxebizitzak egiteko erosi zuen lur hori, baina obrak amaitu arte udaletxeak Eusko Jaurlaritzari utzi dio eremua, langileek erabili dezaten.
«Langileen bulegoak, egoitzak jartzeko erabiliko zutela esan zuten hasiera batean, eta gero begira zertan bihurtu duten: zabortegian».
Azken sei hilabeteetan Mape ibai ondoko lursai hori zabortegi bezala erabili dute. «Legar kantitate handiak biltzeaz gain, aspaldi erabilitako asfalto kantitate handiak ere bertan botatzen dituzte. Hidrokarburoekin kutsatutako materiala uzten dute, eta baita metal astunak ere».
«Ingurumenaren kontra»
Udaletxeko obra eta bide zerbitzuetakoek ere euren materialak eta hondakinak gune horretan botatzen dituztela salatzen dute Zain Dezagun Urdaibai elkartekoek. «Bideak garbitzen dituztenean, hondakinak erreka ondoko lursail horretara botatzen dituzte. Hau guztia gutxi balitz, zabor-bilketarako zerbitzuak ere kamioia eta kontainerrak inguru horretan garbitzen ditu eta xaboi eta hondakin guztiak errekara doaz».
Auzo elkartekoek ezin dute ulertu «nola Udala behin eta berriz ingurumenaren kontra ari den». «Mape ibaia eta ibaiertzak bost metroraino legalki, urbanizatu gabeko gune babestuak dira. Ingurumena zaintzeaz eta garapen jasangarriaz aritzen dira, eta gero ez dute eurek jarritako lege bat ere betetzen», gaineratu dute.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: