MEREZITA
Aurki izango dugu Jaurlaritza berria. Laster, bai, merezimendu osoz irabazi dugun gobernua; espainolez eta espainolentzat osatutako gobernua, edo jaurlaritza. Euskaraz irakurtzen ere ez dakien lehendakaria buru, eta auskalo nortzuk eta zelakoak sailburu, baina ez euskal naziozaleak, hori behintzat, ez.
Egia esanda, Ezker Abertzalearen milaka botoak zakarrontzira bota ostean, ez zeukaten, ez, oso gaitza Gasteizko Legebiltzarra ere eskuratzea. Horixe da demokrazia berriaren zutabeetako bat: berez irabazterik ez baduzu, ezaba ezazu oposizioaren zati handi bat eta kito, dena konponduta. Beste zutabe garrantzitsuenetako bat, jakina, gainerako alderdien isiltasun eta onarpena da; eta, noski, gizartearen nolabaiteko axolagabekeria eta pasotismoa nork eta nola goberna gaitzakeen.
Indar abertzaleek, gainera, zatiturik eta nork bere zilborrari begira jokatu dute ostera ere, betiko legez. Luxu handia da, nire ustez, gurea bezalako lurralde txikian, lau indar politiko egotea aukeran, batez ere espainolistek bi besterik ez duten bitartean (Izquierda Unida zuek jakin non kokatu, baina aspaldiko partez dabiltza noraezean, nik uste).
Dena dela, botoa ez da ia ezertxo ere aldatu. Euskal nazionalisten eta espainiar nazionalisten bozkak zenbatuta, oso kopuru antzekoak ateratzen dira azken hauteskundeetan. Beraz, Francisco López lehendakarigaiak dioenean abertzaleek nabarmen egin dutela behera (EAren ia erabateko desagerpenagatik), gezurretan ari da, askotan bezala, eta berak ere ederto daki hori. Galdu ez, kontzentratu egin da boto hori, non eta Ibarretxeren irudiaren inguruan, hain lehendakari eskasa zela ziotenaren inguruan, alegia. Hortaz, baliteke EAJren autonomismo posibilistak alderdi barruko partida galdu izana, erabakimenaren aldeko jeltzale independentistek irabazita. Orain, beren burua oposizioan ikusita, ikusiko dugu, akaso, benetan independentziaren aldeko ala zer demontre diren PNVko hauek.
Abertzaleen beste aldean, ezkerrekoak direla diotenen aldean, alegia, ez pentsa aldaketa handirik ere egon denik. Aralarrekoak pozarren azaldu ziren lau eserleku zituztela jakin berritan, eta beste askok ere goraipatu egin zituzten Zabaletaren apopiloen emaitzak. Baina jakin badakigu balizko igoera horren arrazoi zati handi bat ilegalizazioan datzala, ezkerreko eta abertzale diren hainbat eta hainbat nekatu egin direlako beren botoa zakarrontzira botatzen, ez dutelako onartu ordezkaritzarik izango ez duen boto bat ematearena; egunen batean, ordea, Batasunakoak berriz ere legalak direnean, atzera bueltan etorriko dira boto horiek guztiak, horretaz ziur naiz. Gainera, euren burua Ezker Abertzale Alternatibotzat duten Aralarreko hauek onetsi egin beharko dute alternatiba eskasa direla, behin ikusita, gauzak hain erraz eta alde izanik, oso boto gutxi eskuratu dituztela 150.000 haietatik. Eta, egia esanda, bistakoa da ez direla alternatiba, Ezker Abertzaleak betidanik egin baitu apustu garbia irudi kolektibo eta iraultzaile baten alde, eta ez aurpegi sasi-mediatiko eta hutsalen alde, Aralarrek bezala. Hura lotsa pasatu nuena Ezenarro, Abril eta Basabe bulegotik ateratzean dantzan eta kadenetak egiten ikusi nituenean! Horrelakoetan erakusten da, bai, zer-nolako alternatiba izan nahi duten. Eskerrak Dani Maeztu, behintzat, ez nuen erridikulua egiten ikusi! Ganora handiagokoa dirudi eta!
Tira, natorren bukatzera iritzi xume hau. Kontua da hauteskundeok ez dutela ezer konpondu, ezpada gehiago nahaspilatu. Lehengo arazoek hortxe diraute, eta, beharbada, arazo handiagoa izango dugu orain espainolisten kudeaketarekin. Baina, nioen bezala, txarto ere ez zaio etorriko EAJri behintzat, ea behingoz onartzen duten merezita dutela gobernua galtzea, eta esan ez ezik iruditu ere egin behar duela batek naziozalea dela. Ea, orain, batzuek eta bestetzuek zer-nolako maila politikoa erakusten diguten.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: