ESTRATEGIA SIBILINOA

landerlanda@gmail.com 1672135214048 N @ Z | 2009-07-17 22:31

Espainolek, mende askoren ostean, oraindik ere erresistentzia handia pairatzen dute euskaldunon aldetik. Bistan dute ez garela herri menderatzen erraza eta, horregatik, estrategia sibilinoagoak asmatu behar dituzte Euskal Herria behin betikoz konkistatzekotan.

 

Gure gizartean euren aldeko kanpotar mordoa txertatu ostean, eta euren hizkuntza eta kultura gureak bailiran behin onarrarazita, oraindik, nazioa garela eta geure bidea egin nahi dugula ikusten dute, eta hori guztia, neurri handi batean behintzat, EAEn daukagun autonomia politikoari esker lortu dugula konturatu dira. Ez dira, ez itsuak ez lerdoak. Bazekiten autonomia txiki hori berenganatuz gero, errazagoa izango zutela euskaldunon erabateko asimilazioa. Izan ere, Nafarroan aspaldiko partez ari dira horrela lanean, aspaldi lortu baitzuten Hegoaldeko euskaldunok zatitu eta, erkidego politiko-administratibo bakarra osatu beharrean, bi izan gintezen, nafarren gidaritza politiko hori beren esku utzita. Eta horrela, jakina, errazagoa ari zaie gertatzen Euskal Herriaren zati horren asimilazioa.

 

Gauzak horrela, orain urte batzuk jada egin zuten lehenengo saialdi serioa Ajuria Enea konkistatzeko. Mayor Oreja espainolista eskuindarra buru zutela, sikiera lipartxo batez, lortu egingo zutela pentsatu zuten, eskuragarri zeukatela, historian lehenengo aldiz, Baskongadetako erakunde politiko gorena, Ajuria Enea, eurek gidatzea. Emaitzek, ordea, txarto kalkulatua zutela frogatu zuten; usteak erdia ustel, alegia.

 

     ppsoe por ti.

Aurton izan ditugun hauteskundeetarako, berriz, bestelako “talante” batez azaldu zaizkigu espainolistak. Elefante bat katxarreria batean bezala sartu barik (PP), hobeto planifikatu dute asaltoa, eta, oraingoan, ezkertiarren mozorroa jantzi dute erasorako (PSE). Herriak behar omen ditu, herriak eskatzen ei du aldaketa, eta ez dakit zenbat gezur gehiago entzun behar izan ditugu hilabete luzeotan. Baina guk badakigu berberak direla beti (PPSOE), eta, emaitzek berriro ere herri honen errealitate politikoa egotziko ziela bazekitenez, ez zutela lortuko aurreikusita, gehiago zehaztu behar izan dute estrategia: “terrorismoaren” aitzakian, Ezker Abertzalearen botoak hauteskundeetatik kanpo utzi beharra zegoen gehiengo espainolista lortuko bazuten. Pentsatu eta egin. Ezker Abertzalea legez kanpo utzi eta, egun, Ajuria Enean ere gobernatzen dute.

 

ppsoe por ti.

 

Urrats ikaragarri handia eman dute, eta beraiek badakite hala dela. Gainera, botereari eusteko egindako tranpatxoak laster ahaztuko direla (ditugula?) uste dute, dagoeneko herritarrok erdi desideologizatuta baikaude mendebaldeko gizarte globalizatu honetan, baita Euskal Herrian ere. Orain, duten denbora ondo antolatu beharra dute eta, nola edo hala, kudeaketa ona edo on itxura duena erakutsi behar dute datozen hauteskundeetan aukeraren bat izateko.

 

Badakite, dena den, hurrengo hauteskunde autonomikoen aurretik beste hauteskunde batzuk izango ditugula: Udal eta Batzar Nagusietakoak. Beraz, estrategia bera erabiliz, edo hori berori ahal bezainbeste hobetuz, erakunde horien asaltoa ere prestatu behar dute. Eta horretan ari dira dagoeneko, bistan denez.

 lopez+basagoiti por ti.

 

Bizkaian zail samarra dute, badakitelako, jakin, EAJren harrobia dela mendebaldeko lurraldea. Araban, ostera, aski erraza dutela dirudi, errazegia beharbada, baina, PPko elefanteek katxarrerian sor lezaketen zarata gehiegizkoa izan daitekeelakoan, PSEkoak ez dira ausartu, oraino, espainolismoari bide ematen. Nahiago dute eurak izan boterea hartuko dutenak, Gasteizen bezala, eta, bitartean, hurrengo hauteskundeoi begira jarrita, Gipuzkoako aukerak aztertzen eta handitzen ahalegintzen ari dira. Horregatik, bada, egunotan entzuten ari gara lurralderik abertzaleenean hainbat proiektu eraman nahi dituztela aurrera; Donostiako balizko metroa, Monpaseko pasarela, Hondarribiko aireportuaren handitzea… Dena ere, EAJren aurreko kudeaketa “eskasari” leporatuta, jakina.

 

Tira, agerikoa da estrategia landu eta sibilinoa prestatu dutela ahalik eta erakunde gehienetan gobernatu ahal izateko. Bilboko Udala ere helburuetako bat dutela esatera ausartu dira egunotan; ez da makala, gero! Baina okerrena ez da hori guztia; okerrena indar politiko naziozaleen estrategia falta da, ezbairik gabe. Ezer gertatuko ez balitz bezala ari baitira jokatzen; EAJk ez du, behintzat, alternatiba handirik duenik erakusten; eta Ezker Abertzaleak, aldiz, uda osterako promesa asko egiten digu, baina gutako askok susmoa dugu, berriz ere, hutsaren hurrengo izango dela Ezker Abertzalearen berrantolaketa horrena. Bitartean, denbora aurrera doa eta independentiston itxaropena, beharbada, galduz. Noiz arte itxaron beharko dugu indar naziozaleak, espainolistak bezala, batuta eta estrategia komun batean dihardutela ikusteko? Euskal Herria erabat asimilatu arte, akaso?

 


Utzi iruzkina: